Musika

badok

2015.12.01

badok

Ekizaren lehen singlea entzungai; diskoa urtarrilean

Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslariak urtarrilean argitaratuko du bere bakarkako lehen diskoa, aurreikusitakoa baino hilabete batzuk beranduago. Izan ere, kantariaren hasierako asmoa urrian argitaratzea zen, edo beranduenez Durangoko Azokarako iristea, baina ez da horrela izango. Diskoak bH036-LP izenburua eramango du eta urtarrilaren 15ean plazaratuko duela iragarri du Ekizak. Bitartean, diskoko lehen singlea ezagutzera eman du kantari lapurtarrak. Hemen entzun dezakezu “Distortsioaren munduan” abestia.

jurgi ekiza

Jurgi Ekiza.

Ekizak udaberrian grabatu zuen diskoa Tolosako Bonberenea estudioan, Karlos Osinaga soinu teknikariarekin. Ekizak berak jo ditu tresna gehienak (gitarrak, baxua, pianoa, organoa… baita perkusioa eta bateria abesti batean ere), baina zenbait kolaboratzaile izan ditu: Cedric Lepine (bateria), Niko Perret (tronboia) eta Jeremi Garat (biolontxeloa). «Hastapenean, pentsatu nuen disko nahiko lasaia egitea, akustikoa, eta, pixkanaka-pixkanaka, demonioa itzuli da, eta gitarrak gehituz joan naiz, baxuak, bateriak, eta, azken finean, talde bat balego bezalako soinua du, salbu kantu batzuk, nahiko intimistak edo biluziak direnak», azaldu zion abuztuan Berria egunkariari.

Bere bakarkako lana ontzeaz gain Zura taldearen Egunkari ezkutua diskoan kolaboratu du aurten Ekizak, eta harekin zuzenekoak eskaintzen ari da.

ETIKETAK:BidehutsEkizaKarlos OsinagaWillis Drummond