Musika

Disko kritika: ‘bH036LP’ (Ekiza)

ekiza

Bakardadetik aurkeztu duena iluna da, erraietatik emana. Bere hitzez kontatua eta ahotsez kantatua. Jurgi Ekiza bakarlari izatera ausartu da, barruko lohia askatzeko. Willis Drummond taldearen buru egindako bidea ez du baztertu, baino itxaronaldian gordeak zituen abestiak grabatu eta aurkezteko unea zela ikusi zuen. Baionako musikariak azpimarratu duenez, istant baten emaitza da bere bakarkako lehen diskoa. Istant beltz eta gordinen bilduma. Anari Alberdik promozio orrian dioen bezala, benetakoegia da.

Argia astekarian deskubritu nuen Willis Drummond taldea. Gorka Bereziartuak Anthology lehen diskoari buruz idatzitako iruzkinak Ekizaren ahotsarekin topo egitera eraman ninduen. Rock banda on bat eta bere abeslaria. Bigarren diskoarekin elkarrizketatu nituen aurreneko aldiz. Herri Irratiko Sektor Rock saioan izan zen. Urduri bezain serio agertu ziren hiru kide, Ekiza tartean zela. Gogoan dut haren ahotsaren inguruko galdera bat egin gabe utzi nuela. Kantari batzuek taldeak markatzen dituzten modu berean gertatzen da alderantziz. Horregatik, haren ahotsa bakarka entzun arren, kosta egiten zait haren iragan hurbiletik bereiztea. Horrela ere ezberdintasunak badira, eta edozein dela erregistroa, gustuko dut. Zura taldearekin egindako kolaborazioa baino gehiago.

«Begiak ideki nituen ahal bezain handi, ahal bezain bat argi sar dakidan ilunperaino…». Hasieratik, isolamendura sartzeko gonbidapena egiten du Ekizak. Bateria eta gitarra riff errepikakorrarekin lehen geruzak eranzten hasten da. Errudun jotzen du bere burua Distortsioaren munduan” barneratu orduko. Akustiko lausotik elektriko bizira egiten du, ahots apalagoa erabiliz eta estereoarekin jolastuz. «Norbait ba ote da atearen atzean?» galdera topatuko dugu Ea?” kantuan, aurrekoaren egitura erabiliz. Esperimentazioak gora egiten du diskoaren erditik aurrera. Gitarra akorde finko eta teklatu ibiltariarekin gurutzatzen du Atacama”, galdera berriak eginez: «Egia al da?». Abesteko era berriak bilatu eta landu ditu Ekizak, eta hori ondoen islatu du Gau eta egunen erritmoan” —gehien hipnotizatu nauena— eta Lohia” kantuetan. Aldiz, Anari gogora ekar dezake Ontziak, kanoiak, itsaso gorri baten gainean” folk eta post-rock artean kokatzen den piezak.

Bakarlari moduan hasi duen bideak oihartzuna izan du hedabideetan. Zenbait elkarrizketa eskaini ditu dagoeneko Jurgi Ekizak, eta horien bidez aurreratu du diskoan topatuko duguna. Dena dela, hoberena norberak entzutea da, horren disko pertsonalak maila bereko entzunaldia merezi duelako. Formatu digital zein analogikoan plazaratu duen lana bere horretan zuzenekora eramatea erronka polita litzateke. Aurrez aurrekora, alegia.

(Berria egunkarian, Barruko lohia izenburuarekin, 2016ko urtarrilaren 24an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AnariBidehutsDisko KritikakDiskoakEkizaWillis DrummondZura