Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak arrazoia eman die Hertzainak musika taldeko kide izandako Josu Zabala, Luis Javier Saiz Txanpi eta Enrique Saenz Kike musikariei. Epaileak ebatzi du Elkar argitaletxeak kalte ordaina eman beharko diela, hainbat urtez taldearen errepertorioa zenbait plataforma digitaletan baimen legalik gabe ustiatu izanagatik. Hiru musikariek 2023an jarritako salaketa batek jarri zuen martxan auzibidea, eta iragan azaroaren hondarrean izan zuten auzi saioa azkenerako. Zehazki, azken 30 urteetan haien abestiekin lortutako irabaziak behar bezala ez banatzea eta eskubide digitalak kontraturik gabe kudeatzea egotzi zioten diskoetxeari, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoan, Elkarren “etika falta” agerian gelditu zela nabarmendu zuten musikariek komunikabideetara bidalitako ohar batean.
Epaileak ere arau urraketa ikusi du Elkarren kudeaketan, eta, ebazpenaren arabera, guztira 21.473,05 euroko kalte ordaina eman beharko die salatzaileei, kalte ekonomikoengatik ez ezik, bai eta eragindako min moralagatik ere. Epaia ez da behin betikoa, halere, eta helegitea aurkezteko aukera izango du Elkarrek, egoki ikusiz gero.
Salaketa egin duten Hertzainak taldeko kideek albistea baieztatu dute. Epaia behin-behinekoa izanik, ordea, Elkarrek helegiteak aurkezteko aukera duela nabarmendu dute, eta, BERRIAri azaldu diotenez, oraingoz ez dute bestelako adierazpenik eginen, harik eta epaia irmoa den arte. Elkarrek berak ere horixe jakinarazi dio BERRIAri: behin betiko epaia ailegatu arte, ez du adierazpenik eginen.
Auzitegiak musikariei eman die arrazoia, eta Elkarrek haien musika digitalki ustiatzeko kontratu berri bat egin behar izan zuela ebatzi du. Hertzainak taldeak oraindik ere mundu digitalaren leherketa heldu aurrean sortu eta zabaldu zuen bere musika guztia, eta formatu fisikoa kontuan hartzen zituen kontratuak sinatu zituen. Oihuka diskoetxeak 1992an eskuratu zituen haien gaineko eskubideak, musikariei 500.000 pezeta ordainduta, eta Elkar 1998an egin zen katalogo horren jabe. Baina, gerora, plataforma digitalak heldu, eta entzunaldi digitalak ere Elkarrek ustiatu ditu, horretarako kontratu espezifikorik sinatu gabe. Eta hitzarmen hori egin ez zuenez, epaiaren arabera, ez du eskubiderik izan urteotan kanta horiek plataformen bidez zabaltzeko.
Preskripzioa
Hori da epaiaren gako nagusia. Baina, zehaztu duenez, denbora epeengatik, lege urraketaren parte handiena preskribatua dagoela ere ebatzi du epaileak. Izan ere, bost urteko preskripzio epea ezarri du auzi honetarako, eta, hala, musikariek salaketa jarri zuten egunetik beretik bost urte atzera eginda zehaztu dute epearen muga. Horregatik, sententziatik kanpo gelditu dira 2018ko irailaren 6ra arteko kudeaketari loturik epaileak atzemandako arau hausteak, eta, beraz, soilik ordutik aurrera —2018ko irailaren 7tik aitzinera— eta 2025. urtera arte eginikoak hartu dituzte aintzat ebazpenerako. Eta horiek kontuan hartuta ezarri dute kalte ordaina.
Musika taldeak 1991n argitaratutako Mundu berria daramagu bihotzean diskoa ere zuzenean gelditu da epailearen ebazpenetik kanpo, musikariek aitortu baitute lan horren ustiatze eskubideak propio eman zizkietela Komite Internazionalistei.
Elkarren defentsarako argudiaketa ere biltzen du epaiak. Bertan zehazten denez, formatu fisikoaren ustiaketarako kontratua formatu digitalaren ustiaketarako ere balekoa zela interpretatu du argitaletxeak urteotan. Haien ustetan, gainera, orain artean salaketarik jarri ez dutenez, taldeak ere egoera berdin ulertzen zuela interpretatu dute. Diskoetxeak argudiatu du musikariak ez zirela “inoiz” haiekin harremanetan jarri 1993an taldeak agur esan zuenez geroztik. Elkarrek bere defentsan argudiatutakoaren arabera, gainera, 2023an, Elkarrek jo zuen musikariengana, gaiaz hitz egiteko eta “adiskidetzeko borondatez”. Ez ziren ados jarri, ordea, eta epaia hasi aurretik ere ez zuten akordiorik lortu.
Iñaki Igon Garitaonandia Gari abeslariak ez du taldekide ohien salaketarekin bat egin. Eta hori ere defentsarako argudio gisa baliatu du Elkarrek. Diskoetxearen hitzetan, musikaren eskubideak talde osoarenak izanik, talde osoak aurkeztu behar izango zukeelako salaketa. Baina epaileak ez du argudio hori kontuan hartu, eta, salaketan parte hartu ala ez, kalte ordainak musikari guztientzat izan behar direla ere ebatzi du.
Sententzian jasoa denez, auzian berebiziko garrantzia du Hertzainak taldeko kideek 1992ko ekainaren 30ean Oihuka zigiluarekin sinatutako kontratuak. Izan ere, 1998an, Elkarrek bere gain hartu zuen Oihuka; haren katalogo osoa eskuratu zuen hala, bai eta zeuzkan eskubide legalak bereganatu ere. Musikariek argudiatu gisara, aurrez Oihukarekin adostutako kontratu horren arabera, besteak beste, musika errepertorioa ustiatzeko eta Hertzainak-en masterrak grabatzeko eta erreproduzitzeko eskubidea aitortu zitzaion enpresari. Ordea, kontratuan euskarri fisikoei loturiko eskubideak baizik ez ziren aintzat hartu —biniloak, kaseteak eta CDak—, eta, orain, salatzaileek nabarmendu dute ez zutela “etorkizuneko balizko bestelako banaketa modalitateei” buruzko klausularik jaso horretan. Ondorioz, musikariek azpimarratu dute, Elkarrek Oihuka bere gain hartu zuenez gero, harekiko akordioan ere ez dagoela euskarri fisikoez bestekoen gaineko eskubiderik aitortuta. Hori du muina auziak: 1992an artean martxan ez ziren plataforma digitaletan —Spotify, Apple Music, Amazon Music eta Youtube daude sententzian jasota, kasurako— haien musika errepertorioa kudeatu izanarekin baitu ikustekoa Hertzainak-eko hiru kide ohien salaketak. Haien esanetan, eta orain epaileak ere ebatzi duenez, Elkarrek ez baitzuen horretarako baimenik.
Kanta horiek guztiak plataforma digitaletatik kendu beharko dituztela ere ebatzi du epaiak, eta, zehazten duenez, Elkarrek hogei eguneko tartea izango du helegitea aurkezteko.







