Musika

badok

2014.10.06

badok

Entzun ‘Lemak, aingurak’, Berri Txarraken single berria

Gaurtik aurrera, Berri Txarrak-en Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitzaren single berria, “Lemak, aingurak“, entzun dezakezu hemen. Taldeak, “aurreiritzi guztiak alboratuta”, Ricky Falkner ekoizlearekin Madrilen grabatutako diskoan azalduko da kantua. EP horretan, Berri Txarraken ohiko soinukeratik aldendu nahi izan du Gorka Urbizu buru duen hirukoteak, eta zeregin horretarako Standstill, Lori Meyers edota Love of Lesbian-ekin lan egindako Bartzelonako ekoizlea aukeratu zuen.

“Hitz ilunkarak kantuen oinarrian, pop zertzeladaz zipriztindua dator disko hau”, aurreratu du taldeak. “Lemak, aingurak” singlean, post-punk aire dantzagarrietan barneratzen baita Berri Txarrak, gitarra sinkopatuak, ezohiko perkusio moldaketak eta koruak lagun. Berri Txarrak-en beste aurpegi bat erakusten du single berriak, harrigarria lehen entzunaldietan, kutsakorra ondorengoetan.

Berri txarrak

David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, Berri Txarrak-eko kideak.

Hogei kantuz osaturiko lan batekin ospatu nahi du Berri Txarrak-ek 20 urteko ibilbidea. EP bakoitza grabazio estudio batean eta soinu teknikari batekin grabatu du urtean zehar, eta “rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu (ia) kontrajarriak” jaso nahi izan ditu.

Lehen diskoa Kalifornian grabatu zuten Ross Robinsonekin, Haria diskoko ekoizle berarekin. Taldeak azaldu duenez, Robinsonek “alderdi emozional eta are espirituala lehenesten ditu, musikariaren erraiak hatz puntekin ukitu eta tripetatik egindako interpretazioen bila beti”. Duela hilabete batzuk disko horren aurrerapen kantua zabaldu zuen taldeak, “Etsia“.

Coloradon joan den astean amaitu duten grabazioak osatuko du Denbora da poligrafo bakarra lanaren hirugarren alea. Bill Stevenson musikari eta ekoizlearekin (Black Flag, NoFX, Only Crime…) grabatu dute eta “kantu laburrak eta zuzenak” biltzen ditu, “bi minutu inguruko bala azkarrak, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak”.

Hiru EPak azaroaren amaieran argitaratu ditu Only in Dreams zigiluak (Berri Txarrakek sortatutakoa), biniloan eta CD formatuan.

ETIKETAK:Berri Txarrak