Musika

Ainhoa Sarasola

2018.02.08

Ainhoa Sarasola

Erreinuak zalantzan jartzera

«Musikaren erreinuan agintzeko/ bihotza gorde arima saltzeko/ libre zara itsasora daraman/ korrontea aukeratzeko/ arrain hilak bezalaxe/ (…) Erregeak zein dira/ peoiez jositako taula honetan?/ Sortu, saldu, ahaztu ta hil». Liher taldekoek sorkuntzan —musikan bereziki— sumatu izan duten dinamika bat kritikatzen dute “Arrain hilak” kantan: arin sortu, erraz saldu eta azkar ahanzten diren lanak egiteko joera, zehazki. Eta arrakasta bide horretatik lortzekoa, artistak jainkotzeraino: «tenplu bihurtzeraino». Abesti hori hautatu dute Tenpluak erre lan berria zabaltzeko, eta diskoan kontrako bidea aldarrikatzen dute sorkuntzarako: «Modu bat da esateko ondo egindako lanean sinesten dugula, sorkuntza prozesuari garrantzia ematen dioten sortzaile eta taldeengan. Dei bat da tenpluak zalantzan jartzeko».

Liher aurkezpena

Iñigo Etxarri, Iker Vazquez, Lide Hernando eta Joshka Natke Liher taldeko kideak, atzo, Donostian. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Aldarrikatu ez ezik, taldeak jarrera hori praktikan jarri du, bigarren disko luzea ontzeko. Iñigo Etxarri gitarra jotzaileak azaldu duenez, bi hilabetean grabatu zuten Hauts aurreko lana (2016), baina patxadaz aritu dira berria prestatzen. «Iazko urtarrilean hasi ginen konposatzen eta diskoaren nondik norakoak zehazten, eta urte osoa eman dugu probak egiten, grabatzen, zer sartu eta zer ez erabakitzen… Gauzak lasai egin ditugu, eta pauso bakoitza %100 seguru egonda eman dugu. Asko mastekatu dugun lan bat da».

Ideia bera beste hitz batzuekin berretsi du Lide Hernando abeslari eta gitarristak: «Oso su geldoan egindako diskoa da». Aurreko lana aurkezteko, taldeak kontzertu ugari eman zituen, Euskal Herrian batez ere, baina baita nazioartean ere. Garai hartan batu zitzaien Iker Vazquez bateria jotzailea ere. «Urte eta erdi horretan joan zen taldea benetan gorpuztuz. Pixka bat petatxuka grabatu genuen Hauts, eta guretzat azken disko hau talde kohesionatu moduan grabatu dugun lehen diskoa da. Prozesu geldoa izan da, mimoz egina, asko entseatuz, gure artean gauzak adostuz…». Donostiako IN estudioan egin zituzten grabazio lanak —bateriarenak izan ezik, horiek Urdulizko (Bizkaia) Tio Pete estudioan egin zituzten—, eta nahasketak Karlos Osinaga Txap-ek egin zituen, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa).

Lide Hernandoren bakarkako proiektu gisa jaio zen Liher, 2015. urteko maiatzean. Arrazoi gutxi, denbora asko izeneko lanarekin atera zen plazara, eta hilabete gutxira talde bilakatu zen. Hernando: «Hasieran ez genekien nire proiektuaren banda zen edo zer zen, baina azkar jakin genuen ez zela bakarlari baten banda, talde bat baizik, eta azken disko honek hori frogatzen du».

Aurreko lanetan bezala, Hernandok osatu ditu kantuetako hitzak. «Hitzak idaztera ez naute gauza politek bultzatzen; normalean, gehiago izaten dira gauza garratzak, galderak sorrarazten dizkidatenak, edo gustuko ez ditudan egoerak». Hauts diskokoak hitz «leunagoak» zirela iruditzen zaio egileari, musikarekin bat zetozenak; «ironikoak, edo zentzu bikoitza zutenak». Ordukoen aldean, disko berrian «musika gordinagoa» denez, hitzetan ere ildo beretik jo du: «Mezuak nahiko zuzenak dira, eta jarrera kritikoago batetik jo dugu». Askotariko gaiak dituzte kantuek: musika ulertzeko molde jakin bati eginiko kritikatik hasi, eta errudun sentitzeari buruz edo famaz hitz egiteraino, besteak beste. «Gai kritiko ugari jorratzen ditugu».

Lide Hernando: “Hasieran ez genekien nire proiektuaren banda zen edo zer zen, baina azkar jakin genuen ez zela bakarlari baten banda, talde bat baizik”

Estiloari dagokionez, lan berria «rockeroagoa, astunagoa» dela azaldu du Joshka Natke baxu jotzaileak: «Afinazio grabeak gehiago erabili ditugu, distortsio gehiago ere bai… Esan daiteke stoner kutsua duela, edo nabaritzen dela stoner musikatik edan dugula. Betiere Lidek bere ukitua ematen dionez, zaila da estilo zehatz batekin identifikatzea, baina, orokorrean, erritmo eta soinu aldetik, rockeroagoa eta astunagoa da».

‘Izaki koralizatua’, azalera
Itsaspeko izaki bat ageri da diskoaren azalean. Iñaki Gonzalez Fortun arduratu da diskoaren diseinuaz, eta akuarelaz ondu ditu irudiak, taldeko kideek aipatutako hainbat ideiari jarraituz. Natke: «Azaleko izakiari izaki koralizatua esaten dio berak, guk koralaren ideia aipatu geniolako. Koralaren ideia gustatu zitzaigun, oso ingurune zailean hazten delako, ur azpian, inork ikusi gabe, gauza guztiak kontra dituela… Baina gauza eder bat sortzen du». Diskoa prestatzeko prozesuaren metafora polita iruditu zitzaien.

Iker Vazquez bateria jotzaileak azaldu duenez, datorren hilean ekingo diote diskoa aurkezteko birari. Martxoaren 3an Donostiako Dabadaban ariko dira, eta martxoan bertan Bilbo, Gasteiz, Baiona, Iruñea, Oñati eta Legorretan (Gipuzkoa), besteak beste. Hogei bat kontzertu hitzartu dituzte oraingoz, baina espero dute lehenak besterik ez direla izango.

ETIKETAK:Iker VazquezIñigo EtxarriJoshka NatkeKarlos OsinagaLide HernandoLiher