Musika

Garbiñe Ubeda

2024.04.18

Garbiñe Ubeda

Esperimentatzeko artefaktua: Gailu

Gailu taldea aspaldi sortua da, baina “gauzatu eta indartu” oraintsu egin dela diote Okene Abregok (ahotsa, tronpeta), Mikel Txopeitiak (bateria) eta Xabier Olazabal Drake-k (baxua), aho batez. 1997an izan zuen estreinako lana, Mikel Txopeitiak eta Luis Andre bideogileak trafiko kameretako irudiak hartu eta dokumental bat ondu zutenean. Horretarako espresuki sortutako doinuak Kutxa beltza (Metak, 2002) diskoan bildu zituzten, eta, hura plazaratu eta gero, amaiera zirudiena heldu zen: taldeari kide bakoitzaren konpromisoak gailendu zitzaizkion, eta ez zuten beste berririk eman.

gailu

Okene Abrego, Xabier Olazabal ‘Drake’ eta Mikel Txopeitia, Andoaingo entsegu lokalean. GARBINE UBEDA

Kasik hogei urteren ostean, baina, lozorrotik atera, eta Begiak, egia ba ote? (Bidehuts, 2021) eman zuten argitara, eta beste lan bat ere heldu da, aro berriak segidarik baduela frogatzera heldu ere: Autosuntsipena hasi da 3, 2, 1… znort!!! (Bidehuts, 2023). Berriena den hori hartu dute hizpide, hain zuzen, entsegu saio baten ostean, Andoaingo lokalean (Gipuzkoa).

Znort —halaxe deitzen dio Abregok diskoari, laburtzearren, edo izen bereko abestiarekin ez nahastearren— patxadaz eta adi entzutekoa dela uler liteke. Batetik, hitzari eman dioten dimentsioagatik, eta, bestetik, diskoan baturiko zazpi abestietarik gehienak antzaldatuta, batez ere laburtuta, iristen direlako zuzenekoetara.

«Diskoak ongi eusten die bost minutuko berriketaldiei, baina kontzertuetarako gehiegi da».

OKENE ABREGO / Ahotsa eta tronpetak

“Diskoak ongi eusten die bost minutuko berriketaldiei, baina kontzertuetarako gehiegi da, batik bat aurretik diskoa entzun ez dutenentzat”, esan du Abregok, bere buruari barre eginez; “‘Eserita dagoen hori ez ahal da isilduko!’, oihukatzeko gogoa ematen genien entzuleei”. Hobeki funtzionatzeaz gain, zuzenekoetan abesti gehiago eskaintzeko parada ere ematen die egokitzeak.

Luze egiteko joera hori, baina, baliabide elektronikoek emana da, eta hori taldearen beraren geneetan dago: “Sanplerrak-eta oinarrizko osagaiak izan ziren Kutxa beltza sortu genuenean, eta orain ere halaxe dira”, azaldu du Txopeitiak. Izan ere, bere musika tresna bateria izanik, lagungarri zaizkio baliabide elektronikoak, entsegu lokalean lanean ari denean: “Aukera handiak ematen dizkit konposatzeko”.

«Elektronikak aukera handiak ematen dizkit konposatzeko».

MIKEL TXOPEITIA / Bateria jotzailea

Kantu gehienak baxu-bateriez sortuak dira. Gero “jolasa” dator, Txopeitiaren arabera: “Sanplerrak eta abarrekoak sartzen ditugu, gutxieneko konposizioa lortu arte”. Eta hortik aurrera, Abregori ematen diote txanda, hitzen bila has dadin. Zehaztu nahi izan du: “Drakek ere laguntzen dit”. Azken moldaketek eta josketek biribilduko dute lana, baina horiek Txopeitiarentzat izaten dira beti.

Zazpi kantu

Jesus Abregori kantuak 1950eko hamarraldiko erremontista ospetsuaren historia kontatzen du, eta Pablo Zuriarrain Hernani Txiki-ren bertsoak ditu oinarri. Drakeren arabera, “Nafarroan eta Iruñean miretsi egiten zuten, futbolak baino garrantzi handiagoa baitzuen pilotak». Badu, gainera, lotura sentimentalik ere, taldekideekin: Jesus Abrego Arroizko magoa Abregoren eta Txopeitiaren aitaren osaba zen.

Mongoloid abestia “politikoki zuzenaren mugak tentatzeko” sortu zen, Abregoren arabera. Hitzak Axi Bukowskirenak dira, baina Abregok eman zion izenburua: “Irain hori bat dator abestiak esaten duenarekin, eta irrist egin dezakezun horretan jokatzea ere bada Gailuri lotutako zerbait”. Internetek eta eskuko telefonoek ekarri dutenari eginiko kritika sarkastikoa da, ahotsaren distortsioaz areagotua.

“Gezurra dirudi noraino transmititu daitekeen ‘spoken word’ edo errezitatzeko modu horren bidez”

XABIER OLAZABAL ‘DRAKE’ / Baxu jotzailea

Umore gordinaren atzetik seriotasuna dator: Quien soy. Printzipio aitortza moduko bat da, spoken word moldean emana. Drakeren arabera, “gezurra dirudi noraino transmititu daitekeen errezitatzeko modu horren bidez”. Abregoren ustez, honako hau da gakoa: “Esaldiak barneratzea eta antzerkia egitea”.

Euzko Polizia abestiak ere umorera jotzen du. Hitzak enkarguzkoak dira. Abrego: “Poliziaren aurkako abesti bat nahi nuen, haien iragarkiei barre egiteko moduko bat hain justu, eta Axi Bukowskik bete-betean asmatu du”. Elementurik nabarmenenak leloa eta koroak dira —”Hau nazka, hau nazka”—. “Oñatin emandako kontzertuan, jendea a capella kantatzen hasi zen, abestia amaitu orduko”, esan du Mikelek.

Hutsa biziz ere Axi Bukowskirekin elkarlanean sortua da, eta Abregok mendian bizitzen emandako hiru urteak ditu hizpide. Harrigarriena, beharbada, Baxx intro da. Abesti melodiko motz bat da, baina ez da ezeren atarikoa, izenak hori iradoki badezake ere. Drakeren baxua entzuten da, eta hari ezer esan gabe sartu zuten diskoan.

Azkena, Ez dut lanik egin nahi, Abregorena da doinuz eta hitzez, eta bere buruaz ari da, erretiro aurreratua hartzeko ahaleginean ari baita. Gazteentzako mezua ere bada, ordea: “Utopiak beharrezkoak dira”.

ETIKETAK:-gailü