Musika

Carles Belda

2014.12.15

Carles Belda

Euskal Groove VII: ‘Baby nerea’

AMESLARIAK _ CIN-161

Quadrophenia. Oroitzen zarete besta pribatu klandestino hartaz? Zein zen loturik dantzatzeko entzuten zen kantua? “Be my baby”.

Euskal Herria. Besta? Arazorik ez. Pribatua? Seguraski. Klandestinoa? Baliteke. “Be my baby”-ren euskal bertsio bat izaten ahalko zen entzuten zena? Ezinezkoa!!!

Eta existituko balitz? Eta ametsa egia bilakatuko balitz?

1969an Bergarako ahots talde batek, Ameslariak izenekoak, Zarauzko Naia orkestrak lagundurik, bertsio bat argitaratu zuen. Singlean jatorrizkoa Les Surfs taldearena dela ezartzen du. Baina ez da arras horrela. Agian hortik ailegatuko zitzaien, talde hau izan baitzen 1964an gazteleraz eta frantsesez ezagutarazi zuena. Maisulana ordea, Jeff Barry, Ellie Greenwich eta Phil Spector hirukotearena da, eta Hollywooden grabatua izan zen 1963an.

Kantuaz aparte, ekoizpena Wall of Sound ospetsuaren gailurtzat hartzen da, Spector jaunaren etxeko marka. CINSAren ekoizpena ere, nortasun handikoa da.

Nor ziñan jakin ez
ta nik maitatu!…
Maite zintudan eta
ezin aztu…

Bost ajola zait neri
nungo-nor zaitezken zu;
ikusi hutsarekin
zaitut maitatu.

Izan zaite betiko nerea,
maite zaitut, maite,
baby nerea.

Argia pizten da ta
gero itzaldu,
maitemiñ hau betiko
da bein azaldu.

Munduan zerk ni bete
nerekin ez bazaude?
Nitzat ez ba ziñade
hilko nintzake!

Eta usadioan bezala, kontrazaleko testu birrintzailea eransten dizuegu:

«Ameslariak, euskal abeslari taldea sortu zan 1967′garren urtean, Bergara’n, eta orain arte, 100 bidar eta gehiago abestu dabe herrietako jaietan, dantza eta antzerki saietan. Talde hontan abesten dabe bost honeik: José Luís Mendía, Ramón Arbizu, Justo Idígoras, Javier Arbizu ta Iñaki Arriarán. Disko hontan, eurei laguntzen, Zarauz’ko Naia orkesta. Hemen dauzkazuez, ba, lau abesti polit, ondo abestuak. Eurekin, hitz egiteko, hemen zuzenbide bat: Ramón Arbizu-Iparraguirre, 17-VILLAREAL DE URRECHUA (Guipúzcoa)-Tlef 871212».

Ez naiz deitzerat ausartzen.

ETIKETAK:AmeslariakCinsaEuskal Groove