Musika

Txuma Murugarren

2026.10.30

Txuma Murugarren

Igor

Argi izpi bat lehenbiziko diskoarekin ezagutu nuen Igor . Harrituta utzi ninduen. Musikari pertsonala eta guztiz berezia zela iruditu zitzaidan. Baltsak, jotak eta melodia hauskorrak nahasten zituen bertan. Horrela sartu zen nire hiztegi musikalean, ahots errealez, lurtarrez, kadentzia apur bat desordenatu eta hautsiaz.

Igor Arzuaga, Laudioko Areta auzoan, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Igor Arzuaga, Laudioko Areta auzoan, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gero bera ezagutzeko zortea izan nuen, eta elkar ikusten genuen guztietan elkarrekin zerbait egiteko asmoa azaltzen genion elkarri, beti. Ez zen, ordea, horrelakorik inoiz heldu. Honelako ezintasunak dakartza euskal musikarion amateurismoak. Ikusi nuen azken egunean kontzertu baten bueltan izan zen, bere herrian. Tartean, New Yorken egon zen garaiko kontakizun poetiko eta liluragarriak, bere ateraldi garratzak, bere marrazki naifak, pianorako piezak…

Pianoan bikaina eta hitzak lotzen maisua. Sare sozialetan zabaltzen zituen hainbat kontu eta mezurik bidaltzen bazenuen, berak bueltan bihotz bat, muxu bat… maitasun keinu bat beti. Samurra zen Igor. Gehiegi sentitzen dutenen taldekoa, bere bandera ilargi bat mendi gainean, lore bat… Garai hauetan gutxietsia dagoen taldea, inondik ere.

Lehen disko horretan “Eroa” abestia ere bazegoen, berarekin batera beti egon den ezaugarria, klinikoa ere bai. Horrek ere moldatu zuen Igor, mundu honen lotura estuetatik haratagoko ate txiki bat irekitzen zion, onerako zein txarrerako. Egia da, norbait joaten denean joera dagoela hitz enpalagosoak eta handiak erabiltzeko. Baina, zinez diotsuet, hemen esandakoak ez dira gorespen hitz arranditsu barne-hutsak, Igor ezagutu dutenek, gutxi gorabehera, hauxe esango bailukete.

“Ez naiz hasiko negar egiten, bihotzak goratzen du bere ahotsa triste nagoenean”, esaten zuen Igorrek kantu batean, horixe da egin nahi nukeena, bihotzaren ahotsa goratu,

ETIKETAK:Igor Arzuaga; 2026ko artikulua; Txuma Murugarren