Musika

badok

2016.11.04

badok

Fermin Muguruzaren lan berriaren aurrerapen kantua

Azaroaren 25ean kaleratuko du Fermin Muguruzak bere lan berria, Black is Beltza. ASM Sessions. 2016ko udan Bartzelonako Arts Santa Monica zentroan egindako egonaldi artistikoaren emaitza da diskoa, eta Chalart58 musikari eta ekoizlearekin (Gerard Casajus, La Kimki Beat taldeko kide ohia) ondu du Muguruzak. Disko horretako kanta bat estreinatzen dugu gaur BADOK atarian: “Barcelona, ciutat refugi”. Chalart58 eta Muguruzarekin batera, New Orleanseko Chrishira Perrier abeslariak eta Ashlin Parker tronpetistak eta Victor Navarrete baxu jotzaile kubatarrak hartu dute parte abesti horretan.

fermin azala

Black is Beltza erakusketaren harira sortutako diskoa da Muguruzaren lan berria. Izan ere, erakusketaren osagarri gisa antolatutako ekitaldi paraleloetan hainbat musikarik hartu zuten parte, Muguruzak gonbidaturik, eta horiek izan dira Muguruzak eta Chalart58-k sortutako dub oinarrien gainean abestu edo jo dutenak. Joan Garriga (La Troba Kung-Fu), Amparo Sánchez, Yacine Belahcene (Yacine & The Oriental Groove, Cheb Balowski), Madjid Fahem gitarrista (Manu Chao), Ander (Green Valley), BOCAdeBABA rap taldea, Amel Zen kantari aljeriarra,  Maysa Daw Palestinako DAM taldeko abeslaria eta La Basu eta Aneguria euskal rap abeslariak dira diskoko kolaboratzaileetako batzuk. Horrez gain, NOLA? diskoa (2015) aurkezteko Muguruzarekin hainbat kontzertu eskaini zituen New Orleans Basque Orkestra osatu zuten musikariek ere grabatu dute diskoan (Jonathan Freilich, Paul Thibodeaux, Ashlin Parker eta Chrishira Perrier). “Oso lan freskoa eta bat-batekoa” dela azpimarratu du Muguruzak.

Hamar abestien artean, Radio Futura taldearen “La negra flor” kantuaren dub bertsio bat dago, baita Jule Goikoetxearen Tractatus (Susa, 2014) liburuko olerkiekin egindako bi kantu ere.

FM BIB ASM DCD 3-1-C INTERIOR

Diskoan parte hartu duten abeslari eta musikariak.

Kasba Music diskoetxeak eta Muguruzaren Talka Records & Films zigiluak argitaratuko dute elkarlanean Black is Beltza. ASM Sessions, CD eta LP formatuetan.

ETIKETAK:AneguriaFermin MuguruzaLa BasuTalka Records