Musika

Iñigo Astiz

2017.08.21

Iñigo Astiz

Rap eszenaren promes betierekoa

Hamarkadak daramatza euskarazko rapak lehertzeko promesean. Urteekin publiko zabalaren onarpena irabazi du musika genero horrek, eta erraztu egin du horrek euskaraz errimatzen hasi diren sortzaileen agerpena. Badaude artistak, badago maila, izan dira esfortzuak uztartzeko egitasmoak, eta, hainbatean behin, beti azaltzen da sarean radarrek detektatu gabea zuten artistaren baten maketaren bat. Bere publikoa biltzen du Bad Sound System taldearen rap eta reggae uztarketak, hedapena lortu du Glaukoma taldeak, ezagun egin da 121 Krew taldekoen Gora Baraka, behera Neguri leloa, koska bat gorago igo du errimen exijentzia 2zio hirukoteak, baditu zaleak Norzzone abeslariaren erritmo bareak gidatzeko moduak, eta azken urteetan ezagun bilakatu dira La Basu eta Aneguriaren izenak ere, baina, funtsean, duela 30 urte Negu Gorriak taldekoak sanplerrak erabiltzen hasi zirenean bezala, eszena propiorik gabe jarraitzen du euskal rapak. Lehertzeko promesean beti, baina sekula guztiz lehertu gabe. Dena borobilduko duen azken errimaren faltan bezala.

La_Basu_-_Fermin_Muguruza

La Basu rapa kantatzen, alboan Fermin Muguruza duela, hark Adarra saria jaso zuenean. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

«Euskarazko hip hop eszena behingoz astintzen hasi da, eta oso pozik nago horrekin». Beste behin ere, leherketaren atarian deskribatu zuen eszena Fermin Muguruza musikariak duela hilabete batzuk Donostian Adarra saria jasotzear zenean. Hura izan zen Negu Gorriak taldearen bidez euskal musikan rap kutsuko doinuak txertatu zituen lehen musikarietariko bat, eta horregatik haren poza. Izan ere, egun duen onarpenetik urrun zegoen genero hori 90eko hamarkadan, eta klabea izan da horregatik Muguruzaren lana euskarazko raparen hastapenetan. Hari zor zaizkio, besteak beste, rap kutsuko lehen euskarazko abestiak, eta gerora ere beti bultzatu izan du eszena. Esan Ozenki diskoetxearen bidez, esaterako, hain zuzen ere zigilu horren babesaz heldu baitzen Selektah Kolektiboaren lehen diskoa 2000. urtean. Eta horixe da euskarazko lehen hip hop hutsezko diskoa.

Jaiotza garrasi moduko bat ere bada horregatik disko hartako lelo nagusietariko bat ere: «Koktel molotof!/ Zalantzarik gabe etsaiari./ Koktel molotof!/ Nire hitzekin nago sortzen ari».

Orain hamazazpi urte izan zen hori, zehatz. Eta adin nagusitasunetik gertu dabil jadanik euskal rapa ere. Selektah Kolektiboa zen euskal hip hopa, sasoi hartan. Selektah Kolektiboa bakarrik. Eta gero hasi ziren agertzen M.A.K. eta beste izen batzuk. Tantaka. Orain, berriz, guztira, 28 artistaren biografia eta kantak dakartza Badok.eus euskal musikaren atariak, rapari eskainitako atalean. Jadanik desagertuta dauden taldeak eta oraindik ere martxan jarraitzen dutenak biltzen ditu zenbaki horrek, eta, gutxi gora- behera, zenbaki horren bueltan ibiliko da euskarazko hip hop produkzio osoa. Norte Apache, Goienetxe Anaiak, Patrol Destroyers, Gorka Suaia, eta hala 28ra heldu arte. Maketa solteak atera dituen sortzaileren bat gehitu behar, erdarazko kanta artean euskarazko kantak txertatzen dituzten musikariren batzuk apuntatu behar, beren kantak Youtubera igotzen dituzten Gorpuzkings eta gisako fenomenoren batzuk kontabilizatu, baina horixe da neurria.

Normalizatuz doa
Garapen azkarragoa espero zuten hasiera hartako artistek, baina izan da jauzi handi bat: normalizatuz doa euskaraz rapa egitea.

Ez da hori izan beti kasua. Kritikak ere gogoan zituen Selektah Kolektiboko kide izandako Aritz Sound Systemek orain sei urte BERRIA egunkariari emandako azalpenetan. «Euskararentzako arriskutzat hartzen zuten zenbaitek rapa». Hori da sakonean aldatu dena. Gaur egun, gero eta gehiago dira euskaraz rapa egiten duten artistak, eta gero eta ohikoago bilakatu da normalean gazteleraz aritzen diren taldeek euskarazko kantaren bat txertatzea. Euskarazko rapa oraindik ere alokairuan bezala mugitzen da euskarazko rockaren espazio beretan. Oraindik ere erreferentzia bilakatzeko zailtasuna dute euskal rap abeslariek. Eta oraindik ere euskarazko rapa ikusezina da erdarazko eszenetan.

Eta, halere, euskal rapa bada. Beti bezain promesa oraindik ere, baina, era berean, orain arte sekula izandakoa baino errealago.

(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 28an argitaratutako artikulua, Egungo euskal musikaren erradiografia bat seriearen barruan)

ETIKETAK:121 KrewAneguriaFermin MuguruzaGlaukomaGoienetxe AnaiakGorka SuaiaLa BasuM.A.K.Negu GorriakNorte ApacheNorzzonePatrol DestroyersRapaSelektah Kolektiboa