Musika

Iñaki Lasa

2024.02.28

Iñaki Lasa

Gorka Urbizuren hasierarik intimoena (kronika bat)

Bi gitarrista, bi bateria jotzaile, eta baxu jole bat oholtzan. Aretoa mukuru, eta zaleak taldea entzuteko prest. Kontzertu bat. Astebururoko emanaldi zerrendako beste bat. Besterik ez. Edo bai. 51 hilabete geroago, Gorka Urbizu baita oholtza gainean dagoen gitarristetako bat. Nafarroa Arenatik, Intxaurrondoko kultur etxera. Berri Txarrak-etik, bere izenean argitaratu duen lehen diskora. Bitarte horretan, lau urte eta laurden, pandemia bat, hamaika zalantza, eta behin eta berriro saiatzea, buruan zuen erlauntz akustikoa musika bihurtu arte: Hasiera bat.

Gorka Urbizu taldekideekin, Donostiako kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU

Gorka Urbizu taldekideekin, Donostiako kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU

Diskoaren aurkezpen birako lehen kontzertua eman zuen atzo, Donostian, eta gaur eta bihar ere ariko da areto horretantxe. Sarrera guztiak salduta daude, orain arte iragarri dituen gainontzeko emanaldi ia guztietarakoak bezala.

Bat-batean argitaratu zuen diskoa Urbizuk, urtarrilaren 15ean, kapitalismoak Blue Monday izendatu duen egun horretan, urteko egunik tristeena samurtzeko edo. Giltzapean zuen sekretuaren atea ireki, eta mimo handiz ondutako hamar kantu intimo aurkeztu zituen, nareak, ñabarduraz betetakoak, su motelean sortuak. Berehalakoa izan zen arrakasta, Berri Txarrak-en ostean Gorka Urbizuk zer egingo zuen jakiteko zegoen interesa adinakoa. Doinu berriak entzutearen liluraren bilaketa, bai musikariarentzat, bai entzulearentzat.

Gorka Urbizu gisa sinatu du lana, baina Anari-k eta beste hainbat musikarik egiten duten bezala, ez da bakarkako diskoa. Talde gisa jotzeko pentsatuta eta ekoitzita dago, eta, hala, zuzenekoetarako ere musikari trebez inguratu da: Amaia Miranda gitarrarekin, Joan Pons eta Mariana Motto bateriarekin, eta Jordi Matas baxuarekin eta teklatuarekin. Azken horrek ekoiztu, grabatu eta nahastu du diskoa. Oso iaio aritu ziren diskoaren detaileak zuzenekora eramaten, eta Gorka Urbizuren ibilbideko hainbat abestiren moldaketa lasaiagoak ere egin zituzten.

Keinu moduan edo, taldekideak igo ziren oholtzara lehenik, Maitasun bat abestiaren lehen akordeak jotzeko. Diskoa bezala, emanaldia ere kantu horrekin hasi zuten. Berehala agertu zen Urbizu, txalo sorta baten artean, eta hasi zen kantuan: “Ea posible den ametsa hitza aipatzen ez duen abesti bat, betetzeko denak, agian. Zertan eman duzu zure bizia”. Eta isiltasuna. Musika eta isiltasuna. Mutu geratu baitziren zaleak, isil-isilik, mugitu ezinik, sorginduta bezala. Abestiaren azken estrofaraino ez zen ausartu bat edo beste “Bizitza erdigunean —zalantzarenean—” kantatzera —leun-leun, hori bai—, Urbizurekin batera. Intimitate hori apurtzeko beldurrez, agian.

Musikaren miraria

Teoria bat abestiarekin animatu ziren zaleak apur bat gehiago, baina ez gehiegi. Oso adierazgarria izan zen publikoaren jarrera kontzertu osoan. Bete egin baitzen Urbizuk elkarrizketetan eta argitaratu duen Kaier bat liburuxka-koadernoan aipatu izan duen “lilura sorrarazteko nahia”. Jendea iltzatuta geratu zela idatzita, isilik eta sorginduta, balirudike gauza negatibo batez ari garela, interes faltarekin loturiko zerbaitez. Baina ez zen hori, intimitate kolektibo bati erantzuten dion jarrera bat baizik. Egon baitziren salto txiki batzuk egiteko uneak, eta baita Gorkaren ahotsa estaltzear izan ziren momentuak ere, Katamalo-ren Betazalak erauztean edo Peiremans-en Send Flowers abestien bertsioak jo zituztenean. Lilura apurtu nahi eza zen jarrera hori.

Lehen hiru abestiak jo ostean —diskoko lehen hirurak, hain zuzen ere— egindako geldialdian hitz egin zuen lehenengoz Gorka Urbizuk, eskerrak emateko. Musikaren “mirariaz” hitz egin zuen orduan, eta “gozatzeko” eskatu zion jendeari, telefonora kateatuta egon beharrean. Halakoetan, jaramon gutxi egin ohi du publikoak, atsegin dut-ez betetako oroitzapen efimeroen mesedetan, baina atzo ez zen halakorik gertatu, eta gaur sare sozialetan bira hasierako bideoak bilatzen ari denak kostata aurkituko ditu bizpahiru.

Arnasa hartzeko lehen tarte horren ostean, diskoaren ordenari jarraitzeari utzi zioten, Lilura bat jotzeko, eta, segidan, gaueko lehen bertsioa eman zuten, Leihotikan taldearen Etorkizuna ginenean — Urbizurenak dira abesti horren hitzak—. Hala dio: “Etorkizuna ginenean, erraza zirudien”. Hasiera bat diskoan ere, badira zalantzekin, beldurrekin lotutako hitzak, eta “motxila zamatu” egin dela esan izan du Lekunberrikoak. Izango zituzten zalantzak oholtzara igo aurretik, eta egon ziren lehenengo kontzertuetan ohikoak diren akats txikiak edo nahasteak, baina egiaz aurpegia arimaren ispilu bada, emanaldiak aurrera egin ahala uxatu zituzten mamuak, eta arinduko zen dezente motxila horren zama. Irribarreak, taldekideen arteko begiradak, oholtzan disfrutatzen ari ziren hori eta kontzertu osteko besarkada konplizeak.

Guztira, ordubete eta hogei minutu Gorka Urbizuren itzuleran. Diskoko abesti guztiak, abeslariaren ibilbidearekin lotutako hainbat bertsio, Itoiz-en Hegal egiten, eta Dardara dokumentalean agertu zen Mihise zuri bat-en moldaketa. Hasiera bat-en hasiera. Besterik ez. Ez da gutxi.

ETIKETAK:Gorka UrbizuIñaki Lasa EturakontzertuaKronika