Musika

Harrikada bainoago, harribitxi

Harrikada bat zirudiena jaialdi bihurtua da, Harrikada tekno festibal queer eta transfeminista. Uztailaren 18an abiatuko da, bihar, eta 20ra arte iraungo du. Izarran (Araba) egingo dute, musika elektronikoa kluben esparrutik atera nahi baitute, eta landa eremura eraman. Hori bera izan daiteke harrikada nabarmena, baina ez da hori bakarrik.

Harrikada jaialdia, iaz. DAVID JULIA

Harrikada jaialdia, iaz. DAVID JULIA

Salbuespenak salbuespen, hainbat eguneko festibal gehienen kontrara, dinamika kapitalista hutsetatik aldentzen den jai eredua proposatzen dute Harrikadaren antolatzaileek, jasangarriagoa eta bertakoa, queer eta transfeminista. Ez da harrikada bat, baina mailukada bat bai: heteropatriarkatuari, arauari. Jaialdia gorputz disidenteen fetitxeak garatzeko mailu bat baita, dantzalekuen askapenerako mugimenduan eta errespetuan oinarritutako gune bat. Eta baita behar bat ere. Horregatik iraun du bizirik 2018tik. Galder Beramendi Alvarado (Gasteiz, 1991) eta Laura Legido Perez de San Roman (Gasteiz, 1994) Harrika kolektiboko kide eta jaialdiaren antolatzaileen esanetan hori izan da irauteko arrazoi nagusia: “Sortzen dugunaren beharrezkotasuna”. Eta bizi-bizia eta ezinbestekoa izango da aurtengo aldia ere, “alternatibak” planteatzen dituzten guneak arnasgune baitira itotzear bizi diren askorentzat.

“Gizartea oso oldarkorra da arautik kanpo dagoenarekin”, azaldu du Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta (Aramaio, Araba, 1998) Eteranal DJ bikoteko eta Harrikadako antolakuntzako kideak. Arautik kanpo dagoen hori da arau Harrikadan. Baina adierazi du “ia utopikoa” dela disidenteek, gorputz ez-normatiboek eta historikoki isilarazitako ahotsek erdigunean lekua izatea eta esparru hori segurua izatea.

Erdigunean, oholtzan. Beramendik eta Legidok azaldu dute zer irizpide hartzen dituzten kontuan programazioa osatzeko orduan, ahaztu gabe jaialdiko kartelak zenbateko pisua duen erreferentzialtasuna lantzeko eta ereduak eraikitzeko: “Bereziki bertako artistak bilatzen ditugu, izen ezagunak, baina baita hastapenetan daudenak ere”. Izan ere, uste dute globalizazioaren aztarna geroz eta barneratuago dagoela bestelako jaialdi eta esparruetan —sare sozialetan, kasurako—, eta hegemonia horrek “adierazpen arrakastatsuak” fagotizatzen dituela. Horregatik, begiak eta belarriak ireki nahi izan dituzte, eta “uniformetasun horren zirrikituetatik” bidea egiten duten sormen proiektuei eta adierazpenei atea zabaldu. “Hegemonia horretan daude gizon zis zuri heteronormatiboak ere. Industrian sartzeko erraztasun handiagoa dute, eta, beraz, bestelako identitateen alde egiten dugu”. Eskaintza musikala perfomanceekin, drag show-ekin, tailerrekin eta merkatuarekin borobiltzen da.

Oholtza soilik ez, oholtzaren beheko aldea ere askotarikoa bezain segurua izatea dute helburu. Horretarako, “egunerokoan jai eremuetan gertatzen diren bazterkeriak eta indarkeriak antzeman eta errotik desagerrarazteko” helburuz, zaintza taldea sortu dute. Laura Elordui Martinezek (Bilbo, 1994) osatzen du Eteranal bikotea Mendikuterekin batera, eta zaintza taldean militatzen hasi zen Harrika elkartean. “Taldekoak dantzalekuan bertan egoten dira, sarreran eta edozein txokotan, ikusgai eta eskura, adi-adi, beharrik egonez gero ahalik eta lasterren laguntzeko”.

Logika kapitalistaren kontra

Antolatzaileek argi dute diruari begira egonez gero ezinezkoa dela zaintza bermatzea, logika kapitalistek bazterrean uzten baitute zaintza: “Dirua irabazteko helburuak zapalkuntzak dakartza”. Eskuetatik ihes egiten duen izate kapitalista gisa definitu du Elorduik musika eszena, eta haiek ez dute joko arau horiekin aritu nahi. Gainera, elkar zaintzea eta harremanak izatea are zailagoa da jende kopurua handitu ahala. Eta bai, jaialdien ekuazioa sinplea da: zenbat eta jende gehiago, orduan eta diru gehiago. Baina helburua ez da hori, baizik eta “disidentziek” elkar topatzea, ezagutzea, gozatzea, esperientziak trukatzea eta kultur proposamen plural eta aberatsak deskubritzea.

Horretarako lehen harria 2018an jarri zuten, eta Harrikada jaialdia dagoeneko harribitxi bihurtua da askorentzat. Klub kultura landa eremura eramaten dute, kultura deszentralizatzeko eta sare lokalak indartzeko. Euskal Herriko artistei lehentasuna emateaz gain, bertako produktuetan eta ingurunea errespetatzen eta balioesten duen produkzioan jartzen dute arreta, antolatzaileen hitzetan: “Soinuaren alorretik hasi eta antolakuntzaraino, oinak lurrean eta begirada Euskal Herriko sorkuntzaren eta bizitzaren etorkizunean jarrita antolatzen da Harrikada”. Antolatzeko ez ezik, musika jartzeko aukera ere izango dute Eteranalekoek, eta set-a ingurura egokituko dute. Musikak inguruarekin bat egiteko moduko set-a ondu dute, barruraino sartu eta zainetatik ibiltzekoa: “Set hipnotikoagoa prestatu dugu, klubetan erabili ohi ditugunak baino ehundura organikoagoekin eta hunkigarriagoekin”, zehatz esanda.

“Lehen, betiko gizonak ibiltzen ziren dena kudeatzen, betiko aretoetan. Pandemiaz geroztik, kolektibo asko sortu dira, eta astindua eman dute”

LAURA ELORDUI MARTINEZ / Harrikada jaialdiaren antolatzailea eta Eterenal taldeko kidea

Ehundura eta ertz askoko jaia da, eta ez da soilik hiru eguneko kontua, urtean guztian klubetan ere jartzen baitute aletxoa. Euskal Herriko hainbat aretotan antolatzen dituzte jaiak, harriz harri osatzen baita Harrikada. Eta horrela lortu dute komunitatea sortzea. Hala ere, ez dira musika elektronikoko kolektibo bakarra, eta gainerakoak ere ekarri nahi izan dituzte gogora. “Lehen, betiko gizonak ibiltzen ziren dena kudeatzen, betiko aretoetan. Pandemiaz geroztik, kolektibo asko sortu dira, eta astindua eman dute. Batzuetan, gainera, elkarrekin aritzen dira, eta proposamen oso apurtzaileak sortzen dituzte”, azaldu du Elorduik.

Eteranal DJ bikotea: Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta eta Laura Elordui Martinez. NEREA GARCES

Eteranal DJ bikotea: Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta eta Laura Elordui Martinez. NEREA GARCES

Proposamen horien guztien artean, Harrikada eredu bat besterik ez da, “huts egin eta huts horietatik ikasten duena”. Bizitza luzea opa die Elorduik, militantziak dakarren nekearen gainetik poz kolektiboa gailentzen baita; baina, era berean, existitzeko beharrik ez izatea litzateke benetako arrakasta, hau da, “alternatiba horiek guztiak egunerokoaren parte izatea eta horrelako proposamenak berrikuntza izateari uztea”. Pluraltasuna aldarrikatu ordez ospatzea, aurreiritzien aurkako borrokan aritu gabe.

 

Elkarrizketa / LaMia Mari (DJa)

Urteak daramatza DJ lanak egiten LaMia Marik. Harrikada jaialdian izango da asteburuan

“Komunitatea sortzen duten espazioetan nire alea jartzeak zentzua ematen dio DJ lanari”

Argazkia: Andoni Canellada. FOKU

Argazkia: Andoni Canellada. FOKU

Txikitatik izan da musika asko entzun zalea Oihana Razkin Virgala (Hernani, Gipuzkoa,1993). Gaztetxoa zela lagunen mp3ak musikaz betetzen zituen, entzundakotik galbahea pasatu eta set moduko zerrendak osatu. “Lanaren erdiak eginda” iritsi zen DJ gisa aritzera, “musika biltegi eta kultura zabala” baitzeukan. Lehen aldi hura herriko txosnetan izan zuen, Hernanin. Ordutik, ibilbide oparoa egin du LaMia Mari izenpean. Horren erakusle da haren agenda zoroa: azken asteetan Donostian eta Bilbon izan da, eta asteburuan Harrikada jaialdian izango da.

Harrikada bada sistemak baztertu izan dituenak lehen lerrora ekartzeko saiakera: musika estiloa, estilo horietako DJ saioak egiten dituzten gorputzak…

Emakumea eta DJa naiz; beraz, beti bilatzen ditut horrelako festak: bai DJ aritzera noanean, bai publiko gisa noanean. Gune seguruak eta zainduak bilatzen ditut beti, bestela ezin baitut gozatu. Halako festak eta kolektiboak behar ditugu, eta gure esku dagoena egin behar dugu horiek babesteko.

Zergatik behar dira horrelako festa eta kolektiboak?

Erabakiak ez daudelako kapitalismoan oinarrituak. Zaintza, errespetua eta bestelako funtsezko balio asko ez daude onura ekonomikoaren menpe. Horrela baino ezin dira bermatu espazio seguru eta irekiak, eta eszenaratze bizigarriak.

Eszenatoki gainean izango zara, eta sarri hor jartzen da arreta, baina sortzen den giroa ere funtsezkoa da. Biek dute bietan eragina?

Publikoak sortzen duen giroa funtsezkoa da DJ aritzeko garaian, elkarrizketa bat sortzen baita haien eta nire artean: haien oihuek, mugimenduek, txistuek… gidatzen naute. Publikoa zenbat eta beroagoa egon, orduan eta motibatuago jarduten dut.

Herriko jaietan hasi zinen, Harrikadaren oso bestelako testuinguru batean. Ordutik hona aldatu al da herri jaietan entzuten den musika?

Euskal musika taldeak oso soinu askotarikoak sortzen ari dira, eta horrek pluraltasuna eta freskotasuna ekarri ditu txosnagunera. Baina ingurura begiratzen dut, eta nire belaunaldia nahiko tradizionala dela uste dut, oraindik txosnagunean dantzatzen eta disfrutatzen duen musikari dagokionez. Gazteagoak, berriz, askoz irekiago sumatzen ditut erritmo eta estilo berrietara.

“Publikoak sortzen duen giroa funtsezkoa da DJ aritzeko garaian, elkarrizketa bat sortzen baita haien eta nire artean”

Eta, giro horretan, DJekiko jarrera aldatu al da?

Jai herrikoietan musika jartzaileak ikusten ditut gehienbat, ez DJak. Gaizki ikusten ez dudan arren, esanguratsua iruditzen zait.

Zergatik?

Agerian geratzen delako zein garrantzi eskasa ematen zaion DJak eskaintzen duenari. Hala ere, herri mugimenduetan aritzen naizenean jasotzen dudan erantzuna oso ederra izaten da, eta uste dut DJekiko ikuspegia aldatzen ari dela: geroz eta gehiago ulertzen eta errespetatzen da gure lana; ia ez digute edozein abesti jartzeko eskatzen.

Biak gauez eta jai giroan izanagatik… Egoera oso bestelakoak dira herriko festetan edo klubetan?

Klubetan jendea musika entzutera eta dantzatzera doa. Hori egoten da erdigunean. Herriko festetan, jendeak sozializatu egin nahi du, eta, musikak garrantzia izan arren, ez dago erdigunean. Sozializatzeko modua da lagunekin batera kantatzea eta abestea, baina, horretarako, ezagutzen dugun musika nahi izaten dugu.

Euskal Herrian ez dago klub kultura oso zabaldurik…

Ez. Euskal Herrian, hirietakoak ez garenok, herriko tabernetan atera izan gara, eta klub kultura urruti gelditu izan zaigu. Musika bereziki gustuko duen jendea, aukera duena eta testuinguruak laguntzen diona bakarrik iristen da klubetara.

Gainera, klubak eta musika aretoak ixten ari dira, eta musika jaialdiak eta makrokontzertuak ugaritzen. Nola ikusten duzu egoera?

Ez ditut oso gustuko makrojaialdiak. Eszenatoki ugari daude, programazioa gainjarri egiten da, jende pila-pila bat egoten da, joaten den jendearen erdiak ez du musikaren inguruko interes handirik… Eta makrokontzertuen formatu hau zabaltzen ari den arren, ikusten ari naiz kolektibo txikiak antolatzen ari direla, beren espazioak sortzen. Horrek itxaropena pizten dit. Hori bai, horrelakoak sortzeko eta antolatzen jarraitzeko, joatea ezinbestekoa da. Ez bagara joaten, gero ezin gara kexatu gure herrian edo hirian ez delako ezer antolatzen.

“Makrokontzertuen formatu hau zabaltzen ari den arren, ikusten ari naiz kolektibo txikiak antolatzen ari direla, beren espazioak sortzen. Horrek itxaropena pizten dit”

Harrikada festibala da, baina, urte osoan aletxoa utziz doana, klub giroan; eta orain, uztailean, harri koskor handiena jarriko duena. Zu han ariko zara. Gogoz?

Gogo handiz! Lehen esandakoagatik, ez daukat jaialdietara joateko ohiturarik. Baina egia da jaialdi txikiak asko gustatzen zaizkidala. Aurten, Harrikada barrutik bizitzeko gogo handia daukat. Proiektuetan parte hartzeak asko betetzen nau, komunitatea sortzen duten espazio hauetan nire alea jartzeak zentzua ematen baitio DJ lanari.

Festibala kolektibo batek sortua da, Harrika izeneko talde batek. Donostian ere sortu da KRII kolektiboa… Elkartzeko beharra al dago? Bakarrik egiteko bizigarria al da DJaren bidea?

DJaren profila normalean indibiduala izaten da, eta ez du zertan kolektibizatu. Baina garrantzitsua iruditzen zait industria edo ekosistema hau komunitate bat dela ulertzea, eta zuk dituzun jarrerak eta egiten dituzun hautuak erabakigarriak izan daitezkeela industriaren garapenerako eta zure ibilbidearen eraikuntzarako. Eta niretzat, ibilbidea eta industria bizigarriak izateko, sortzen diren festek interesgarriak, seguruak, gertukoak eta etikoak izan behar dute, eta hori ez da posible nik ez badut nire esku dagoena egiten horiek babesteko eta sustatzeko.

Eta babesteko eta sustatzeko modu bat da kolektibizatzea?

Bai, aukera bat hori da. Bestea, publiko bezala babesa ematea festara joanez edo boluntario gisa lagunduz. Eta azkenik, DJ bezala nire lanarekin ekarpena eginez, aurrekontua txikia izanagatik ere.

 

ETIKETAK:Harriakada 2025Olatz Apeztegiaqueertransfeminismoa