Musika

Maialen Unanue

2017.11.09

Maialen Unanue

“Hasiera baino ez da hau”

Joseba Tapiaz hitz egitean saihetsezina da trikitiarekin lotzea. Badira lau hamarkada horren konpainian agertu zela plazetan, agertokietan, eta oraintsu arte izan da hala. Duela ez asko egin zuen aldaketa, trikitia utzi eta gitarra hartzekoa —Tximela kapitainaren izarrak lanean—; iaz, gitarra elektrikoa hartu, eta Joseba Tapia eta Besamotzak bira hasi zuen. Zuzenekoetarako sortu zen proiektu horrek disko formatua hartu du oraingoan. Jose Luis eta Usoa Zumeta artisten estudioan aurkeztu du, Usurbilen (Gipuzkoa), lagunez inguratuta, eta gitarra aldean hartuta. Usurbilen bertan egingo du estreinako kontzertua: igandean, 19:00etan, Sutegiko auditoriumean.

7880489

Joseba Tapia musikaria, atzo, Zumeta estudioan, ‘Besamotzak’ diskoaren aurkezpenean. (Jon Urbe / Argazki Press)

Aspalditik du lotura Tapiak gitarrarekin. «Txikitatik jo izan ditugu gitarrarekin familian Ez Dok Amairuren kantak, edo The Beatlesenak…». Gogoratu duenez, Tapia eta Leturia Banden kantu asko sortu zituen gitarra elektrikoarekin, baina oraingoan zuzenean arituko da instrumentu horrekin, eta hori bada jauzi bat musikariarentzat: «Ikusi beharko da nola moldatzen ote naizen».

Bere bakarkako ibilbidean —alegia, azken hogei urteetan—egindako kantuen lagin bat berrinterpretatu du Tapiak lan berrian: ehundik gora aletik 11 aukeratu ditu. Hainbat hasiera izan ditu Tapiak bere musika ibilbidean, eta hau beste bat da: «Hasiera baino ez da hau, eta asmoa daukat kantu gehiago ekartzeko». Hori egiteko arrazoiak gutxi du gozotik, ordea: «Sentsazioa dut ez dituela jendeak asko ezagutzen: gertatu liteke txarrak direlako ez entzutea, baina sentsazioa dut entzun ere ez ote dituzten egin, eta hortik dator ahalegin hau, kantu horiei bizi berri bat emateko». Bakarkako ia lan guztietako abestiak batu baditu ere, gehien-gehienak Real politik diskokoak dira.

Hiru musikariren laguntza izan zuen Tapiak bira hartarako: Iker Uriarte (bateria; Betagarrin aritua), Iñigo Telletxea (baxua; Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti…) eta Dani Narbarte (eskusoinua; Laiotz). Diskoan, berriz, gonbidatu gisa aritu da Narbarte. Eta Tapiak ez du gitarra elektrikoa soilik jo: baxu eta bateria batzuk kenduta, berak grabatu ditu tresna gehienak. Jonan Ordorika soinu teknikariarekin aritu da lanean, Azkaraten (Nafarroan), eta Gaztelupeko Hotsak etxearekin atera du diskoa.

Hain zuzen ere, diskoetxe horrekin ekin zion Tapiak bakarkako ibilbideari, Apoaren edertasuna diskoarekin (1998). Québec: hamalau kantu independentziarako (1999) eta Agur Intxorta maite (2001) diskoak ere haiekin atera zituen; Zakurraren Biolina zigiluarekin argitaratu zituen hurrengo hiruak —Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010) eta Tximela kapitainaren izarrak (2013)—. Gaztelupeko lagunengana itzuli da, beraz, azken lanarekin: «Oso zaila da bakarrik lan egitea, eta konexio handia dugunez, haiengana jo nuen: beso zabalik hartu ninduten». Ñabardura bat egin du Gaztelupeko Hotsak-eko Joxe Felix Azkarate Xarra-k: «Emozionatuta hartu genuen».

Zerbait esateko jardun
Ofizio eta afizio baino gehiago, ofizioa eta plazera da Tapiarentzat musika. Hala azaldu du: «Egunaren ordu guzietan agertzen zait musika belarrietara: beti ari naiz musika aditzen. Erritmoa goiz-goizetik sartzen zait gorputzean, eta uhin elektrikoak gora eta behera ibiltzen dira nire zainetan».

Musikak bizi du Tapia, eta kontzientzia osoz jarduten duela aldarrikatu du. Baina, lehenik, musika zertarako ez duen egiten azaldu du: «Ez ditut diskoak argitaratzen nola gozatzen dudan erakusteko. Nire konposizioekin ze ondo pasatzen dudan adierazteko ez ditut kantuak egiten. Nire buruarekin zer plazer sentitzen dudan esateko beharrik ez dut sentitzen: nolako masturbazioak egiten ditudan nire ahotsa entzuten dudanean, nolako garrasiak eta intziriak ateratzen dizkiodan neure buruari. Zenbat instrumentu ezberdinekin jotzen ote dudan esateko ez ditut prentsaurrekoak antolatzen».

“Beti ari naiz musika aditzen. Erritmoa goiz-goizetik sartzen zait gorputzean, eta uhin elektrikoak gora eta behera ibiltzen dira nire zainetan”

Izan ere, artista izatea ogibide dutenei hori guztia baino zerbait gehiago exijitu behar zaiela uste du Tapiak: «Ezin dugu jarrera neutrala izan». Umorea bada Tapiaren musikaren parte, eta umorea bera ez dela neutroa aldarrikatu du. «Jota dagoenari barre egiten dionak bere burua salatzen du; emakumeei buruzko txisteak egin dituztenek ipurdi bistan jartzen dute beren burua, beren ipurdia; katalanei buruz barre egiten duenak maila intelektual baxua erakusten du». Jarrera makur hori «ofiziodun batek» egitea are larriagoa dela uste du. «Eta musikarekin gauza bera gertatzen da: ez al da musika jardun politiko bat?».

Ibilbide luzea opatu dio Xarrak Tapiari disko berriaren aurkezpenean. «Oso konbentzituta ikusi dut lan honekin, eta, gainera, ilusio handiz eta modu txukunean egin duela uste dut». Xarraren ustez, Tapiak badu joera berrietara inor baino lehenago iristeko abilidadea. «Joseba beti ibiltzen da aurretik. Triki-popa hasi zenean, berak utzi egin zuen. Edo mugimendu batzuk martxan jarri, eta berehala beste batera joan izan da».

ETIKETAK:Anje DuhaldeBetagarriBorrokanGaztelupeko HotsakJoseba TapiaLaiotzPettiXabier Montoia