Musika

Urko Ansa

2023.05.11

Urko Ansa

‘Hazia’ musikala (Markina-Xemein, 2023.04.22)

Arrakastatsua izan zen apirilaren 22an Markina-Xemeingo (Bizkaia) Uni pilotalekuan antzeztu zen Hazia musikala. Gontzal Mendibilen izen bereko azken diskoa oinarritzat hartuta sortutako musikala benetan ikusgarria eta entretenigarria suertatu zen. Muntaia bera sobera handia eta dirdiratsua bazen, zer esan han aritu ziren langile guztiei buruz… Dantzari eta aktore sorta, koru erraldoia, musikariak, teknikariak… Egun handienetan soilik gertatzen den azpiegitura muntatu zuten, eta aldez aurretik gogo biziz bertaratutako ikusleek jarri zuten beste guztia.

(Urko Ansa)

(Urko Ansa)

Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz eta ekintzaile markinarraren bizitza da diskoaren zein musikalaren ardatza. 1915ean Barinaga auzoko Iturbe baserrian jaioa, bere betebehar erlijiosoez gain gizarteari zerbitzua egiteko bokazioak helburu sobera handiak lortzera eraman zuen. Potoloena, kooperatiben sorrera. Hazia zen hasieran kantutik hasita, bere bizitza osoa kontatzen duen grabazioa eta musikala da. Haurra zelarik begia galdu zuenekoa (Iturbeko erreka), gurasoek irakatsitako balioen garrantzia (Ez ahaztu nor zaren)… eta bere bizitzako hainbat momentu garrantzitsu antzeztu eta kantatu ziren hemen. Hots, 1915etik 1976ra artean gertatzen da dena, urte hartan heriotza iritsi baitzitzaion. Ez ahaztu nor zaren kantu sentibera Ainhoa Tabuyok kantatzen du diskoan zein zuzenean, era hain barnerakoi eta sentikorrean… Ez da Ainhoak Gontzalekin kolaboratzen duen lehen aldia (gogoratu Neugan bizi gabe biziz diskoa eta zuzeneko zenbait).

Opera formatuko lana dugu, beraz. Hau da, kontakizun bat da bere sarrera, garapen eta amaierarekin. Ikusgarria izan zen hasieratik nola dantzariek zuhaitz bat osatu zuten, baita Iturbe baserriko girotzea eta Arizmendiarrietaren umezaroa antzeztu zuen mutikoaren ahotsa ere. Antzezpen osoa lanaren alegatu bat da, hau da, lana balio goren moduan azpimarratzen da, bizitzako balio oinarrizko bat bezala. Eskolako eszenetan irakasleak argi esaten die Jose Mariri eta beste umeei: «Ideia onak lan eginez egia bihurtzen direnak dira». Baina erlijioak gizarteari zerbitzua egiten ez badio, ezertarako balio ez duela ere ikusi zuen 15 urterekin. Hain zuzen ere, garai hartan egon baitzen Gasteizko seminarioan.

19 urterekin ezagutu zuen J. M. Barandiaran. Markinako antzezlanera bueltatuz, seminario hartako eszenan ekintzaile errepublikano batzuek sarrera bortitza egin zuten denok ezagutzen dugun kantua eta Espainiako Errepublikaren banderarekin. Gerra zibila hasi zenean eta begi baten ikusmena galdua zuenez, Arizmendiarrieta Euskadi egunkarian hasi zen lanean. Hantxe ezagutu zuen Esteban Urkiaga Basaraz, Lauaxeta. Gernika-Hilketa kantuak Arizmendiarrietaren bizitzan esanguratsua izan zen bonbardaketa islatzen du, bera izan baitzen, bonbardaketa ikusi zuelarik, haren berri eman zuen lehena.

Gontzalen kantu zoragarri horietakoa da Espetxeratuarena, argitaratu bezain pronto klasiko bihurtu dena eta %100 bere estilokoa. Jose Mari espetxeratua izan zen, bera baitzen Arretxinaga ezizenarekin sinatzen zuena. Zorionez, berak itzulpenak bakarrik egiten zituela esan —alegia, gezurra esan—, eta askatu egin zuten. Agur, ama beste momentu interesgarri bat da, diskoan agertzen ez dena. Guztira hiru izan ziren diskoan agertzen ez diren eta jo zituzten kantak, eta hirurak jada aipatu ditugu: Iturbeko erreka, Gernikako hilketa eta Agur, ama. Hortik aurrera, haatik, diskoaren ordena berbera jarraitu zuten.

(Urko Ansa)

(Urko Ansa)

Burgosko militar erregimentura joan behar izan zuen, baina begiaren kontuagatik Gasteizko apaiztegira bidali zuten, azkenik Arrasatera (Gipuzkoa) iritsi zen arte. Han, San Juan Bautista parrokian hartu zuen postua. Elizan bere Hazia erein, lana erosotu leloa zabaltzen hasi zen: «Aurrera beti, etorkizuna geugan dago». Elizara joaten zen jendeari buruz, batzuek bere mezua ulertzen zuten arren, beste batzuentzat akaso ideia aurrerakoiegiak edo ulertezinak ere izan zitezkeen hasiera batean. Lurralde estuan horren guztiaren lekuko ona dugu. Ordurako, dantzarien, koreografien, kantarien eta aktoreen lanak nahiko txundituta utzi gintuzten. Azken kantu honetan, adibidez, koruaren lanak oilo ipurdia jarri zigun.

Gaztelerazko kantu bakarra iritsi zen segidan: Cooperación / Competencia. Dilema horri, noski, lehen kontzeptuarekin era zuzen batez erantzun zion Jose Mariak. Gainera, kantuaren beraren erritmo biziak eta dantzarien martxak intentsitate igoera berri bat eskaini zizkiguten. Mundu berri bat Gontzalen beste kantu itxuraz sinple bat dugu, baliabide melodikoz beteta datorren horietakoa, ordea, bere ibilbidean oso adierazgarria eta bide batez atsegina ere badena. Adimena kantuak, estilo aldetik ez bada ere, melodikoki dotorezia berari eusten dio.

Gu zurekin arratsalde-gaueko gailurretako bat izan zen: erritmo sinkopatu eta frenetikoak bultzatuta, dantzarien sua bereziki nabaritu genuen deskantsurik gabeko lau minutu eder haietan. «Zer garen eta zer nahi dugun», hori da zabaldu nahi den mezua. Arrasaten mugimendu kooperatiboa sortu zuen gure protagonistak eta 9.000 pertsonako herria 29.000 biztanle izatera pasatu zen. Ezina ekinaz, egina kantuaren esanahia amaieraraino eramana. Amaren sua-n, Ainhoa Tabuyo aurretik zela, atzetik beste emakume batzuk etorri ziren, guztiak kandela eskuan zutela, eta kolore ilun eta gorri biziz argiztatutako eszenatokian. Tonu aski altuan egin zuten, eta esan gabe doa motza egin zitzaigula.

Gontzalek, gainean zeraman erantzukizuna kontuan hartuta, emanaldiko momenturik zailenak ondo atera zituen aurrera. Hala, antzezlanaren hainbat momentutan oholtzara irten, eta beste aktore baten moduan parte hartzen zuen, gehienetan, gainera, kantatzeari utzi gabe. Ez dugu ahaztu behar egitasmo honetan, gainera, kontzertu formatuaren gainetik musikal formatua nagusitu zela. Dena den, eta diskoan oinarritua dagoela kontuan hartuta, bien arteko hibridazio bat dela ere esan genezake. Ikuskizun musikal honetarako kantu batzuen izenburuak aldatuta dauden arren, irakurlea ez nahasteko diskoan zeukaten jatorrizko izenak erabili ditugu.

(Urko Ansa)

(Urko Ansa)

Emakumeen liberazioaren giltza heziketa zela argi ikusi zuen Jose Marik. Gauzak horrela, hamazazpi emakumek Auzolagun sortu zuten, baita Espainiako Estatuko lehen haurtzaindegia sortu ere. Auzolan kantuak ezin hobeki islatzen du hori guztia. Gainera, bere karibetar erritmoak eta Joe Gonzalezen klarineteak kilate handiko piezan bihurtu zuten. Dantzatzeaz gain kantatu ere egin zuten; meritu bikoitza, beraz. Umore onez eta jarrera positiboz jada argi geratu den kontzeptuan sakondu zuten: «Lan ta lan». Kantatu eta dantzatzeaz gain, botatzen zituzten oihuek aparteko intentsitatea eman zioten pieza guztiari.

Jarraian, hasieran iragarritako hamar minutuko deskantsua etorri zen. Bide barnerakoiagoarekin itzuli ziren Zeu zara kantuarekin, gero Zu, nor zaitugu-rekin antzeko bide bati ekiteko. Dena den, klarinete magikoari segitu zion crescendoarekin goranzko bidea hasi, eta amaierara arte iraun zuen, non dantzariak publikoaren artean nahastu baitziren. Konpromisoa, habaneren antzera egindako konposizio dirdiratsua, bi dantzariek txertatu zioten sentimenduak bultzatuta, ikusleen oso gustuko suertatu zen.

Segida horrek guztiak tarteka kontakizun formatua hartu zuen, eta horrela Ulgor, gero Fagor izango zenaren sorrera azaldu ziguten Ametsak eraikitzen hasi baino lehen. Nondik lan, handik jan, mezua nabarmendu zen orduan, Caja Laboralaren sorreraren gelaitzina. Mintza hadi atseginak historiaren amaiera aldera eraman gintuen. Osasunez nahiko pattal ibili zen Jose Mari amaiera aldean, 61 urterekin zendu zen arte. Zu hil zinen egunean epitafio moduko kantua, diskoan Gontzalek kantatzen duen arren, antzezlanean Maddi Otamendik egin zuen, era oso sentitu eta delikatuan. Benetan hunkigarria.

Itxaropenezko kantuan-en txistulariek agindu zuten eta aktore zein dantzari guztiak, Gontzal buru zutela, bakoitzak hosto berdez beteriko adar bat altxatu zuten kantatzeari utzi gabe. Gainera, Jose Mariren urtebetetze eguna zela eta (108 beteko lituzke apirilaren 22 honetan) ikusleak Zorionak zuri kantatzen jarri zituen Mendibilek. Azken agurra Ni joango naiz kantu ederrarekin egin zuten. Amaitutakoan, Gontzalek publikoa berriz kantatzen jarri zuen: «Bizi ta iraun, ta landatuz. Bizi ta iraun ta birsortuz». Hau da, azken urteetan hainbatetan egin duena errepikatu zuen: azken diskoko kantu bat errepikatu (adibidez, 2014an, Donostiako Viktoria Eugenian, Handia izanen naizenean bi aldiz jo zuenean), edo Markinako honetan bezala, ikusleak kantuaren barruan sartu, zati batzuk kantatuaraziz. Disko bakoitzean gutxienez ezagun edo klasiko bihurtuko den kantu bat sartzeko ahalmena baitauka. Eta, disko honetantxe, badaude lauzpabost urte askoan biziraungo dutenak.

Laugarren kantaren hasieran (Gernikako hilketa) egon zen arazo teknikoa gaindituta —argia joan eta minutu batzuetan obra guztia geldituta egon baitzen—, handik aurrera buruhausterik gabeko garapena izan zuen Hazia musikalak. Muntaia honen tamaina nolakoa izan zen jakin nahi duenarentzat hainbat datu: kantariak, musikariak, antzezleak eta dantzariak kontuan hartzen baditugu 40 partaide izan ziren han. Horri eskolaniako sei mutil, Goikobalu abesbatza (32 abeslari), hamabi teknikari eta produkzio lanetan ibili ziren beste hamabi langile gehitzen badizkiogu, guztira 102 langile izan ziren han.

ETIKETAK:Gontzal Mendibil