Musika

Hiru eguneko ‘set’-a

Harrika kolektiboko kideek hirugarrenez antolatu dute Harrikada tekno queer jaialdi transfeminista. Bihar, larunbatean eta igandean egingo dute, Izarran (Araba). Orain arteko oinarri berberen gainean atondu dute hiru eguneko oasia: ideologia transfeminista eta zaintzaren politizazioa.

Harrikada jaialdiaren iazko aldiko giroa. YONE ESTIVARIZ

Harrikada jaialdiaren iazko aldiko giroa. YONE ESTIVARIZ

Tekno musikak sortutako atmosferan, disidenteentzako eta disidentzietarako eremu askeago bat eskaini nahi dute; aisialdia bestela egituratuz, egoteko eta harremanak izateko beste eredu bat, “antikapitalista eta queerra”, Edurne Ascasso Elosegi (Gasteiz, 1999) talde antolatzaileko kidearen hitzetan. Aldatuz joan da eredu hori, berrituz eta garaira egokituz: “Testuingurua aldatu da; beraz, Harrikadaren oinarriak aldatu ez diren arren, haien adierazkortasuna, gorpuzteko modua, eraldatu egin da”.

2025eko irailean hausnarketa prozesu bat abiatu zuten. Trinkoa eta bizi-bizia izan dela azaldu du Ascassok, eta “irekigune” gisa definitu du: “Gure ikuspuntua nahiko itxia zen, eta jende berriak arnasa eman digu, bestelako ikuspegiak eta egiteko modu berriak ekarri baitituzte”. Izan ere, prozesua baliatu dute Harrika kolektiboaren ateak zabaltzeko eta haren inguruan zebilen jendea taldera batzeko. “Horrek indarberritu gaitu”, aitortu du Ascassok. Gogoz daude ikusteko hartu dituzten erabakiak eta adostu dituzten aldaketak nola ezartzen diren behin jaialdia martxan dela, “testatzeko”, eta, behar izanez gero, bide berriak urratzeko. Izan ere, ezer ez da itxia eta betierekoa; “malguak izatea funtsezkoa da berrasmatzeko”.

Harrika kolektibora batu direnak ez ezik, Harrikada jaialdian batera edo bestera laguntzen aritzen direnak ekarri ditu gogora Ascassok: “Aurtengo edizioa posible egiteko, 150 pertsona baino gehiagoren lan boluntarioa dago atzean. Hori gabe ezinezkoa zatekeen festibala egitea”. Haien ustez, hori da gakoa, irabazi asmorik gabeko festibala baita, eta auzolana baitu muinean.

Euskal Herriko artisten habia

Hiru eguneko bidaia bat proposatzen dute antolatzaileek, bihar hasi eta igandera arte amaituko ez den set baten modukoa. “Programazioa oso pentsatua dago. Entzute ibilbide bat osatzen saiatzen gara, eta saio bakoitza geltoki bat da bide horretan”, azaldu dute Harrikakoek. DJ set-ak, beraz, ez dira independenteak; harilkatu egiten dira, eta festibalaren ibilbidearen parte dira.

Kartelak kanpoko artistekin betetzeko joeraz hitz egin dute, eta ohartarazpena egin ere bai: “Kanpora begira bagaude, barruan ditugunez gozatzeko aukera galtzen dugu”. Hortaz, berariaz egiten diete lekua bertako artistei. Uste dute jaialdia plataforma bat ere badela, eta euskal musikariei bozgorailu hori eskaini nahi diete. Hala ere, kanpoko artistak ere badaude programazioan, kanpokoak eta hemengoak “elkarrizketan” aritzea baitute helburu. Hibridazio hori aberasgarria iruditzen zaie: “Musika, espazioa eta publikoa konpartitzea esperientzia interesgarria da”. DJ set horietaz gain, ikus-entzunezkoak, performanceak, tailerrak eta ikuskizunak egongo dira. Izan ere, ez diote zentzu handirik ikusten soilik musikan zentratzeari, Harrikada bera ere ez baita musika bakarrik: norbanakoak kolektiboan egiten duen bidaia sentsorial bat da.

(ID_17840436387885) HARRIKADA JAIALDIA 2025 Harrikada jaialdiaren iazko aldiko saioetako bat. YONE ESTIVARIZ

Lasai egoteko 

Sarrera guztiak saldu dituzte jada; ziurrenik, karteleko izenengatik baino gehiago, jaialdian sortzen den giroagatik. Hala ere, ez da betekadarik izango. Izan ere, sarrera gehiago saltzeko aukera bazuten arren, juxtukoak eskaintzea erabaki zuten, partaideak jaialdiaren eremuan lasai ibili ahal izango zirela bermatzeko: “Askapena behar bezala gertatzeko, ezinbestekoa da”.

Sarrera guztiak saldu izanak aurreikuspenetarako tarte handiagoa eman die, eta, ondorioz, aukera handiagoa aurrea hartzeko eta espero duten horri mimoz erantzuteko. Arrazoi horregatik, mezu hau zabaldu dute: “Sarrerarik ez baduzu, ez etorri, mesedez. Gogoratu festibal txiki eta autogestionatua garela, irabazi-asmorik gabeko elkarte batek antolatzen duena. Ez dugu gaitasunik ekinaldi handiagorik egiteko; beraz, denon artean zaindu dezagun hau, Harrikadaz gozatzen jarraitu ahal izateko”. Sarrerak erosita dauzkatenei, baina, gozatzeko gonbita egin diete.

Antolatzaileentzat gozamen hutsa baita jaialdia. Harrika kolektiboko kideak Euskal Herri osokoak direnez, kosta egiten zaie elkartzea, eta jaialdiak aukera ematen die horretarako. Prestaketetatik hasi eta desmuntatzera bitarte, elkarrekin bizi izaten dira hainbat egunez: “Udalekuen pareko zerbait izaten da guretzat”.

Egindako hausnarketaren ondoren, halaber,erabaki dute indarrak jaialdiaren antolakuntzan jartzea. Kolektiboaren idiosinkrasiak zaildu egiten baitie egunerokoan aktibo aritzea eta jaiak maiz antolatzea. Denboraz eta mimoz landu dute aurtengo aldia, eta hasteko gogoz daude.

EGITARAUA

  • OSTIRALA, 17

Gune nagusian: Alter M, Ander Arze, Blanka, DJ Maria, Eteranal, Kika1000, Lady Starlight, Lohi Esemble.

  • LARUNBATA, 18

Gune nagusian: Alputo, Alta, Amphia, Anne, Disordex, Ferla Megia, Frances Be, Kala Ros, Ofensa, Panduro.

Txirin gunean: House of Basqueers, Afrovi, Calzados Deportivo.

  • IGANDEA, 19

Gune nagusian: Andreas Cuello, Beltranz, Gauak, Iñigo Diaz, Puñales.

Txirin gunean: Xarma, Andrigina drag show-a, Ttittiburu.

 

ETIKETAK:Harrikada Festibala 2026; ErreportajeaOli Artola Apeztegia