Musika

badok

2019.07.11

badok

Ingelesetik euskarara igaro da Mocker’s disko berrian

Uda ostean argitaratuko du Mocker’s taldeak disko berria. Durangoko hirukotearen hirugarren lana izango da Oreka ahula, eta euskaraz osorik grabatzen duen lehenengoa. Aurreko biak —Percute Animas (2014) eta Beats of Freedom (2017)– ingelesezko abestiez osaturik zeuden.

Mockers berria

Mocker’s 2010. urtean sortu zuten Asierrek (bateria), Ritxik (gitarra) eta Jonek (baxua eta ahotsa).

Espainiako zigilu batek, Spinda Recordsek (Cadiz), argitaratuko du Mocker’sen lan berria binilo, CD eta formatu digitalean. Andaluzian bertan grabatu eta nahastu dute diskoa, Trafalgar Studiosen, Curro Ureba teknikariarekin, eta masterizazioa Mario G. Albernik egin du Kadifornia Masteringen. Azalaren diseinurako berriz, Markel Urrutiarengana jo dute beste behin, Smoke Signals Studioko diseinatzailea.

Mockers azala

Markel Urrutiak diseinatu du ‘Oreka ahula’ diskoaren azala.

Taldearen arabera, disko berria “rock klasikoaren esentzia mantenduz, rock psikodeliko, progresibo eta alternatiboaren doinuetan zeharo murgiltzen da, abesti luze eta atmosfera espazialak ahots melodikoarekin nahastuz”. Abesti bilduma hau “bizitza den oreka-desoreka etengabe horrekin solasaldi zuzena eta existentziala da: euforia eta larritasuna, zoria eta ezbeharra, ziurtazuna eta zalantza. Eta tartean, egin dezakegun bakarra: oinez egitea”.

ETIKETAK:Markel UrrutiaMocker'sSmoke Signals StudioSpinda Records