Musika

Gorka Arrese

2021.07.06

Gorka Arrese

Izar berri bat piztutzera

Telesforo Monzonek maite zuen kantuak eta ereserkiak egitea. Mexikoko erbeste urteak atzean utzi eta Donibane Lohizunera (Lapurdi) etorri zenean argitaratu zuen Gudarien eginak bigarren poema bilduma, 1947an. Poema guztientzat doinuak ipini zituen liburuaren amaieran, zortzi partituraz.

Telesforo Monzon

Telesforo Monzon, 1935eko mitin batean, oholtzatik hizketan. (Ricardo Martin / Car-Kutxa Fototeka)

Oholtza gaineko musika ikuskizun baterako moduko egitura zeukan liburuak. Kantu formak zituzten olerkiek, leloak eta guzti. Hauxe da errepikatuena: «Dantza ta guda mendi goietan…/ Aupa mutilak! Aurrera!/ Bakea baitugu bihotzetan,/ ez dugu hiltzeko beldurra!/ Euskal Herriko mutil gazteak,/ aingeru nahiz ta gudari,/ gorroto gabe jausiak dira/ mendi goietan kantari!».

Faxistek 1936an piztu zuten gerra hari buruzko 29 abesti dira; esate baterako: “Tontorrean hil ziren kantari” edo “Nola nafarrak geure aurka?”. Kantatzen die Saseta gudarien buruari edo Aitzol apaiz fusilatuari. Kontatzen du euskal armadako arrantzontzien ahalegina berrehun metroko Canarias erraldoiaren aurka. Eta guda lekuak agertzen ditu Gipuzkoan eta Bizkaian: Intxorta, Gernika, Sollube, Artxanda eta abar.

Gazteen eskuetan

Agirre lehendakaria hil zenean, 1960an, Monzonek honela idatzi zuen artikulu baten sarreran: «Euskaldun jaun-andre batzuek har zezaketen ohorerik handiena gertatu zaigu guri: Agirre zenaren gorputza beren etxean hartzea! Eskerrik asko, bihotzetik, haren alargun eta seme-alabei. Euzkadiko agintariei ere bai. Ez zaigu bizi artean ahaztuko Agirre lehendakariak, hilik, gure etxean igarotako azken gaua».

Eta artikuluari beste era honetan eman zion bukaera: «Gau hura ez zen gau ilun eta goibela izan. Gaubeila izanagatik, bizi-gaua zen hura. Geure oinazearen gainetik itxaropena baitzebilen hegazka. Gure Herria esnatu zaigu bat-batean. Eta bere indarra ikusiz alaitu da. Atzo ere, bere hilobiaren inguruan, lau gazte zituen Lehendakariak otoitzean. Iduri zitzaidan, hilobi barnetik erraiten ziela: ‘Zuen eskuetan utzia dut, gazteak, nire Herriaren etorkizuna’».

Zortzi urte geroago, 1968an, Uztaritzen (Lapurdi) mintzaldi bat egin zuen Monzonek, Amaia kultur taldeak antolatutako ikastaldi batean. Eta arratsean kantuan egin zuten Benito Lertxundik, Julen Lekuonak eta bestek. «Guk ere kantuan eman genituen genekizkienak», gogoratzen dira Pantxoa Carrere eta Peio Ospital. «Monzoni gustaturik, berak eskaini zigun bere lehendabiziko kantua: “Itziarren semea”. Gure lehen kantaldia 1969ko maiatzean egin genuen Uztaritzen. Ondotik hartu-eman franko ukan genuen Monzonekin. Igande franko elkarrekin pasatu ondoan, bertze kantu batzuk eman zizkigun».

Pantxoak eta Peiok grabatu zituzten aurreneko bederatzi abestietatik hiru Monzonenak dira, eta Manex Pagolarenak sei.

Estreinako diskoa 1969an grabatu zuten, Okzitaniako Tolosan, Antares estudioan, Jacques Hodent soinu teknikariarekin. Lau pieza zekartzan: “Itziarren semea”, Monzonen doinuz eta hitzez, eta beste hiru Pagolaren doinuz eta hitzez: “Eñaut Bidegorri”, “Ttakulin” eta “Jo bezate ezkilek”.

Bigarren diskoa 1970ean grabatu zuten, Donibane Lohizunen, Angel Arregiren etxean. Diskoko bi kantuak Monzonenak ziren: “Ez dut saldu arima”, Guk taldeko Beñat Sarasolak eta Joanes Bordak abestua; eta “Lepoan hartu ta segi aurrera”, Pantxoak eta Peiok abestua.

Euskal kantagintzak izan duen bikoterik ezagunena da Pantxoa eta Peio. 1970eko hamarkadan, artean Franco diktadorea agintean zela, Hegoaldean ere abesten hasi zirenean, jende askorentzat ereserki bihurtu zituzten Monzonen kantak, hala nola “Batasuna”, “Aita kartzelan duzu”, “Txikia”, “Plazara” edo “Bai euskarari”.

Lore gorriz beterik kolkoa

“Lepoan hartu ta segi aurrera” kantuaren doinua osatze aldera, ingelesezko abesti baten ahaireko esaldi batez baliatu zen Monzon. “It’s a Long Way to Tipperary” abestian, Paddy delako irlandar batek Mollyri kantatzen dio Londrestik: «Oso luzea da Tipperaryrainoko bidea, baina hantxe dago nire bihotza». Maitearen oroiminez idatzitakoa da.

Berez, Jack Judge eta Harry Williamsek 1912an egindako music hall abestia da, kale martxa erritmoa duena. Gerla Handia hasi zenean, Britainia Handiko armadako batailoi batek bere ereserkitzat hartu zuen, soldadu irlandarrez osatuta baitzegoen. Ondoren, John McCormack tenor irlandarrak grabatu egin zuen, eta sona handia izan zuen mundu osoan.

ETIKETAK:Beñat SarasolaBenito LertxundiJoanes BordaJulen LekuonaManex PagolaPantxoa eta PeioTelesforo Monzon