Musika

badok

2019.02.13

badok

‘Kalaportu’ ikuskaria eskainiko du Korrika Kulturalak

Kalaportu. Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizuna Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Baionan ikusi ahal izango da martxoan, Korrika Kulturalaren barruan. Emanaldi bakoitzean hainbat kantarik Sarrionandiaren olerkiekin egindako abesti berriak eskainiko dituzte, Audience taldeak lagundurik. Bilboko Arriaga antzokiak hartuko du ikuskizunaren estreinaldia, martxoaren 15ean, Loraldia jaialdiaren barruan —hark ekoitzi du ikuskizuna, Korrika Kulturalarekin elkarlanean—; martxoaren 21ean, Gasteizko Principal antzokian ikusi ahal izango da, martxoaren 23an Baionako Antzokian, martxoaren 24an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta martxoaren 28an Iruñeko Gaiarre antzokian.

4529290736_IMG_7913

Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Gasteizen. (AEK)

Saio bakoitzean, Audience taldeaz gain, bi aurkezle —Bilbokoan Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano izango dira, eta gainerakoetan Ander Lipus eta Miren Gaztañaga– eta hamar bat kantari izango dira oholtzan. Zehazki, hauek dira Kalaportu-n parte hartuko duten abeslariak: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Xendarineko Ahizpak (Bilbon bakarrik), Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki, Beñat Axiari, Gorka Urbizu (Bilbon bakarrik) eta Ruper Ordorika (Bilbon bakarrik).

Joseba Sarrionandiari eskainitako ikuskizunaz gain, beste hainbat sormen-lan berri erakutsiko ditu Korrika Kulturalak. Esaterako, Aiko dantza taldearen Garaikideak ikuskizunaren estreinaldia. Lau musikari eta sei dantzari izango dira taula gainean “kontzertu dantzatua edo dantza entzunaldia” eskainiz. Tradizioa eta garaikidetasuna uztartuko ditu ikuskizunak, “gure dantza aurrera gidatzen, baina atzerako ispiluari sarritan begiratuz”. Antolatzaileen arabera, “emanaldi bakoitza ezberdina izanen da, inprobisazioa eta sorkuntza gure tradizioaren parte ere badirelako”. Otsailaren 17an Berriozarren (Nafarroa) eta marxoaren 24an Agoitzen (Nafarroa) eskainiko dute.

Xabier Zabalak eta Andoni Egañak Enkarguz sormen-proposamena taularatuko dute. “Sormen prozesu baten agerpen konprimitua, azeleratua, ikusgarria, gardena” da obra, Korrika Kulturaleko arduradunek azaldu dutenez. Zabalak eta Egañak hamaika abesti sortu dituzte azken hilabeteetan eta lanketa hori oholtza gainean jorratzeko jauzia egin dute. Martxoaren 7an estreinatuko dute Iruñean, martxoaren 15ean Beasainen (Gipuzkoa) aurkeztuko dute, martxoaren 30ean Tuteran (Nafarroa) eta martxoaren 31n Gasteizen.

Hortzmuga Teatroren Jule kale-antzerkiko obra, Beñat Krolem artistaren Oholtza performancea eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua ikuskizuna ere Korrika Kulturalaren barruan ikusi ahal izango dira hainbat herritan.

ETIKETAK:Joseba SarrionandiaKorrika KulturalaLoraldia