Musika

badok

2025.03.04

badok

Karena da Herri Urratseko II. Musika Maketa Lehiaketako garailea

Iaz egin zuten aurreneko aldiz Herri Urratseko Musika Maketa Lehiaketa, eta Lakuntzako (Nafarroa) Muga Zero punk-rocka laukotea gailendu zen. Aurten egin dute bigarren ekitaldia eta Karena pop eta folk-pop boskotea suertatu da irabazlea. Antzuola eta Hernaniko kideek (Gipuzkoa) osatzen dute boskotea. Sari modura aurtengo Herri Urratsen zuzenean aritzeko aukera irabazi du taldeak; alegia, maiatzaren 11n Senperen ariko da, Nafarroa-Badok gunean hain zuzen ere.

Karena taldekoek esker onez jaso dute Herri Urratseko Musika Maketa Lehiaketa irabazi izanaren albistea.

Garailea hautatzeko ezinbestekoa izan da publikoaren botoa, aurrez berdinketa bat baitzegoen. 30 bat talderen lanak onartu zituen Maketa Lehiaketako antolakuntza taldeak, eta, lehen fasearen ostean, sei talde igaro ziren finalera. Honako hauek:

  1. Karena: Hernani eta Antzuolako (Gipuzkoa) boskotea da, popa eta folk-popa lantzen duena. Debekuaren mugak kantua aurkeztu du.
  2. Malko: Oñatiko (Gipzukoa) boskotea da eta rocka egiten du. Biolentzia eta alkohola da eruen kantua.
  3. Diraki: 2020. urtean jaio zen, Iruñea eta Aezkoan (Nafarroa) sustraitua. Punk-rocka egiten du laukoteak eta Odolezko errekak dute kantua
  4. Kuma No Motor: Baionako punk eta hardcore hirukoa, dagoeneko bi disko badituena. Beraien kantua Hago isilik da.
  5. Lurhats: Julen Basterra (gitarra), Iban Nikolai (didgeridooa) eta Jon Buldain-en (DJ) proeiktua: Amets senti da beraien kantua.
  6. Hartzak Zeruan: Hiriberri eta Etxauriko (Nafarroa)  power-duoa. Sei(n)ale da aurktu duten kantua.

Behin publikoaren botoa jasota, Karena izan da talde irabazlea. Debekuaren mugak da boskoteak lehiaketara aurkeztu zuen kantua, hain zuzen ere taldeak iaz plazaraturiko Loak irauteko diskoan agertzen dena. Piano leun baten gainean oinarrituriko pieza da, eta minaren inguruko gogoeta dakar berekin tenpo ertainean, eta zati batzuetan duoan kantaturik. Honela dio hasieran: “Zerk kolpatzen zaitu sabelean? Zein da zure mina azalean?”.

Karena taldea honako hauek osatzen dute: Irati Jauregi (ahotsa eta gitarra), Irati Gardoki (ahotsa eta gitarra), Andoni Zabalo (saxofoia eta baxua), Beñat Kamio (pianoa) eta Xabi Elizegi (bateria).

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten talde guztiei, eta baita bozketan parte hartu duten zale guztiei ere.

 

 

 

ETIKETAK:2025eko Musika Maketa LehiaketaHerri UrratsKarena