Musika

Maialen Unanue

2017.05.17

Maialen Unanue

Kendu zituzten

Azken kontzerturik eman gabe utzi zituen oholtzak KerobiakSupernova izan zen argitaratu zuen azken diskoa, 2012an: proiektu berezia egin nahi zuten, eta lortu zuten ekoiztea. Zuzeneko bereziak egiteko aitzakian, prestatzeko denbora hartu zuten, mugagabea; luze jo zuen itxaronaldiak, eta, azkenean, zalapartarik egin gabe, bertan behera utzi zuten taldea, 2014an.

Joan bezala itzuli ziren iaz, zalapartarik egin gabe; Anticontinente da orain, eta Supernova-ren kutsuko sei kantu estreinatu ditu. Lehenengo kontzertua apirilaren 7an eman zuten, askorik iragarri gabe, Olatzagutian (Nafarroa). Areto txikia zen, 144 eserlekukoa; gutxi falta izan zitzaion guztiz betetzeko.

Kerobia inoiz zuzenekoan ikusi duenak jakin badaki ez dela oso ohikoa Xabi Fernandez Bandini abeslariak kontzertu bat aulki batean eserita ematea. Ikusi du bere burua kolpatzen, mikroa alboratuta garrasika abesten, oholtzan behera ikus-entzuleekin nahasten. Doinu eta hitzek barrua mugiarazten diotela, hustu egiten dela publikoaren aurrean. Olatzagutian, lurra jotzen zuen tarteka hankarekin, gitarra astinduz; ikusleak, artean, aulkia noiz alboratuko zain.

Anticontinente omen, baina oso Kerobia izan zen kontzertua. Ia disko guztietako kantuak abestu zituzten, melodia ia guztiak soinu berrira egokituta. Rose Scargot diskoko azken kantuarekin agurtu ziren, instrumentuak eskuan hartu eta oholtzatik jaitsita; besaulkien arteko korridorean gora eta behera, mikrorik gabe; publikoarekin batera abesten. Eta hala joan ziren aretotik, ikusleak sartu ziren ate beretik, zalaparta handirik egin gabe, kerobiazaleek urteetan itxarondako saioa agurtuz, gehiagoren egarriz utzita. Laugarren kantarako kendu zituzten aulkiak.

(Berria egunkarian 2017ko maiatzaren 14an argitaratutako zutabea)

ETIKETAK:AnticontinenteKerobiaXabi Bandini