Musika

badok

2019.12.10

badok

Kepa Junkera omenduko du Tradicionàrius jaialdiak

Kepa Junkera izango da Bartzelonako Tradicionàrius jaialdiaren hasierako kontzertuko protagonista, 2020ko urtarrilaren 13an. Kepa aurrera lelopean, Kataluniako hainbat musikarik omenaldia egingo diote Bilboko trikitilariari, zeina duela urtebete jasandako iktus batek utzitako ondorio larrietatik osatze prozesuan dagoen oraindik. Belgikan Maletak diskoa aurkezten ari zela ospitaleratu behar izan zuten Junkera 2018ko abenduan, eta premiazko ebakuntza egin ostean Euskal Herrira ekarri zuten urtarrilean. Geroztik, oso mantso bada ere hobera egiten ari da haren osasun egoera.

kepa-junkera-auditori-1518195976638

Kepa Junkera, ‘FOK’ diskoaren aurkezpenean, Bartzelonako Auditorin. (Ferran Sendra)

Junkerak Herrialdeko Katalanetako musika herrikoiari eskainitako FOK diskoa grabatu zuten musikarietako batzuk hartuko dute parte Tradicionàrius jaialdiaren hasierako kontzertuan. Disko hura Tradicionàrius jaialdian aurkeztu zuen musikari bizkaitarrak 2018ko otsailean, Bartzelonako Auditorin eskainitako kontzertu gogoangarri batean. Datorren hileko emanaldian, Josep Maria Ribelles, Xavi Rota eta Patri Garcia Ballaveu, TXEC, El Pont d’Arcalís, Guillem Ballaz eta Marta Rius, eta Guillem Anguera igoko dira eszenatokira Junkeraren lana interpretatzeko. Horren aurretik, Gaizka Project taldea taularatuko da. Ialma emakume talde galiziarrak, Iñaki Plaza trikitilari eta txalapartari euskaldunak eta Manu Sabate eta Ciscu Cardona musikari katalanek osatzen dute talde hori; denek kolaboratu dute inoiz Junkerarekin.

Junkeraren eta jaialdiaren arteko lotura aspaldikoa da: “Musika herrikoiaren balio garaikidearen defentsan bat etortzeaz gain, adiskidetasunezko harreman batek lotzen gaitu Junkerarekin”, adierazi dute jaialdiko antolatzaileek, “musikari bikaina izateaz gain, pertsona handia ere badelako, oso erraza harekin elkar ulertzea”. Jaialdiaren iritziz, Kepa Junkera “musika herrikoiaren ezinbesteko musikaria da Euskadin, Iberiar Penintsulan eta harago”.

ETIKETAK:Iñaki PlazaKepa JunkeraTradicionàrius