Musika

Antton Iturbe

2019.10.07

Antton Iturbe

Kronika: Anari & Thalia Zedek Azkoitiko Mataderon

Ideia eta asmo ederra Anari eta Thalia Zedekena. Emaitza bikaina. Hala izatea guztiz espero duzun arren, gauzatzen eta gozatzen den unean bere benetazko dimentsioaz jabetzen zaren horietakoa. Ostiral gauean Azkoitiko Mataderora eta Euskal Herrian elkarrekin eman dituzten beste hiru kontzertuetara —Bilbon, Gasteizen eta Donostian— bertaratu gareneon artean, bien jarraitzaile sutsuak bat baino gehiago ginelakoan nago. Amankomuneko ezaugarri estilistiko ugari eta sentsibilitate liriko parekoak dituzte biek, nire ustez. Betidanik iruditu zait Thalia Zedek-ek Anariren erreferente nagusietako bat behar zuela izan eta Anarik berak hala adierazi du behin baino gehiagotan. Mirespena kontrako norabidean ere ematen zenik ez nekien, ordea. Mirespena eta adiskidetasuna. Konfidantzan eta konplizidadean oinarritu baita —behin behineko?— elkarlan txiki hau.

Anari Thalia Beris Photography

Thalia Zedek eta Anari, ostiralean Azkoitiko Mataderoan. (Ainhoa Beristain-Beris Photography)

Thalia Zedek Europara jotzera zetorrela eta, Anari banda laguntzailea izatea proposatu zioten, eta hark baietz esan. Prestaketa eta ensegu  atzuk egin ondoren, bi abeslariz osaturiko banda moduan igo dira oholtzara (bai Anarik baita Zedekek bakarka abestu dituzten kantu batzuk izan ezik). Nahitaezko tentsio eta zalantzazko une laburren bat aparte utzita, naturaltasun osoz, erraz, emeki pasa zaizkigu abesti guztiak, betidanik era horretara jotzeko sortuak izan bailiran. Funtsean bakoitzak bere abestiak kantatu ditu, begirune osoz bata bestearen doinuak zapaldu gabe edota abesti guztiak bi ahotsetara kantatzera behartu gabe. Ez, hizkuntza musikal amankomun bat partekatu arren, horren nortasun sendoa dutenen artean leunagoak behar dute batak besteari egindako ekarpenek. Eta hor ederki asmatu dute biek. Fintasun osoz landutako ñabardurak izan dira batak besteari emandakoak. Era horretan, Thalia Zedeken ahots eta doinu latzek Anariren koru ukitu lausoak eta talde osoaren irmotasun dotorea izan dituzte lagun, eta Anariren kantuen ehundura goibelak Zedeken gitarra zorrotzaren trazuetan euskarri eta apaindura ezinhobea aurkitu du.

Sinbiosi horretan bereziki gailendu diren uneak izan dira. Batipat, nire ustez, Zedeken “Fighting Season” Anari bandaren eskuetan oraindik eta intentsoagoa eta ziztagarriagoa suertatu da, eta Anariren “Aurrekari penalak” Zedeken gitarrak irekitako arrakaletan inoiz baino mingarri eta biziago sentitu dut. Baina amaitzeko ezin ahaztu bakarka interpretatu dituzten saioak. Artista, pertsona, ahotsa, gorputza eta gitarra bat bailiran, egia garbi eta ederra. Magia hutsa. Handiak dira bakarka eta noski, naturala eta erraza dirudi elkarlanak, atzetik lana dagoela ahaztuaraziz. Baina behin hasita, jarraipena ematea komeni. Ea egia den eta abesti, disko edota kontzertu gehiagotan gauzatzen den. Gogoz geratu gara eta.

ETIKETAK:AnariAzkoitiaKontzertuakMataderoThalia Zedek