Musika

badok

2021.03.02

badok

Labeguerieren “Ezkilaren kantua” moldatu du Irazokik

Martxoaren 4an beteko dira ehun urte Mixel Labeguerie euskal kantagintza berriaren urratzailea jaio zela, eta Berria egunkariak nost musikariri eskatu die Labeguerieren bertsio bana egiteko. Olatz Salvador, Jurgi Ekiza, Amaia Hiriart (Habia), Joseba Irazoki eta Petti abeslariek grabatu dituzte bertsio horiek, eta aste honetan argitaratuko dira Berria-ren webgunean, egun bakoitzeko bertsio bat, martxoaren 1 eta martxoaren 5 artean. Irazokik “Ezkilaren kantua” moldatu du, Labegueriek 1963an argitaratu zuen bigarren disko laburrean  jaso zuena.

Mixel Labeguerie euskaltzalea, musikaria eta politikaria izan zen (Uztaritze, Lapurdi, 1921 — Tolosa, Okzitania, 1980). Medikua ikasketaz eta ogibidez, Euskaldun Gazteen Batasuna taldeko kide izan zen 1943tik aitzina, eta euskal kantuak biltzen hasi zen. Antzerkian ere jardun zuen, eta Piarres Larzabalen ezagutza egin zuen —haren hitz batzuk kantu bihurtuko zituen gero—. Euskaltzain urgazle ere izan zen. 1960ko hamarkadaren hasieran —ez da segurua noiz grabatu zituen, 1961 eta 1963 artean—, bi disko ttipi grabatu zituen, launa kantarekin, gitarra soil bat lagun. Asmatutako hitzak zituzten horietako batzuk, baina herri kantak ere baziren tartean. Ez Dok Amairu eta atzetik etorriko ziren musikari eta kantari askorentzat erreferentzia bihurtu zen, euskal kantagintza berriaren aitzindaria, beste inork urratu gabeko bidea ireki zuena. Kanboko alkate eta Parisen diputatu eta senatari ere izan zen. 1963an, Enbata mugimendua sortzen lagundu zuen, baina aurki bazter batera egin zuen, eta Centre Democrate alderdiarekin bat egin zuen.

Mixel Labeguerieren omenezko bertsio sortari Olatz Salvadorrek eman zion hasiera, “Gatua pitxitxi” abestiaren moldaketarekin.

ETIKETAK:BerriaJoseba IrazokiMixel LabeguerieOlatz Salvador