Musika

Mikel Lizarralde

2021.05.11

Mikel Lizarralde

Lan egiteko modu bat, poparen alde

Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko hasiberri bat da Gorka Gaztanbide. Eskarmentu handikoa, bere bateriaren hotsak entzun daitezkeelako Broken Brothers Brass Band, Adrian Royo Trio, Ennio Pinillos Quartet, Javier Garaialde y los Sultanes del Swing, David Burgi Trio, The Cheese & Road Ensemble, The Modern Soul Gang eta beste hainbat proposamenen eskaintzan. Eta hasiberria, berriz, orain eman duelako lehen pausoa bere kantuak jendearen aurrean aurkezteko. Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu dio bere lehenengo diskoa: Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla.

GORKA GAZTANBIDE

(Jon Urbe / Foku)

Hainbat proiekturen parte izan bada ere, azken urteotan Ion Celestinok gidatzen duen brass bandan aritu da, batik bat, Gaztanbide. «Jende asko igaro da Broken Brothers Brass Band-etik, eta eskola bat izan da denontzat». Nolanahi ere, halako batean gogoa piztu zitzaion bere «proiektu pertsonala» aurrera ateratzeko. Azkeneko urtean idatzitako piezak bildu ditu diskoan, baina lan egiteko modu bat ere islatu nahi izan du: «Azken urteetan Motown eta Stax zigiluko edota The Wrecking Crew kolektiboko kideen biografiak irakurri izan ditut, eta ikusi dut nola grabatzen zituzten diskoak. Eta nik ere horrela egin nahi izan dut».

Horiek horrela, musikariak aukeratu —David Burgi (gitarra), Kike Arza (baxua) eta Ramon Garcia (pianoa)—, eta entsegurik egin gabe sartu ziren laurak, urtarrilaren 3an, Javier de Mabelek Sartagudan (Nafarroa) duen estudioan. «Estudioan maketa jarri nien, eta bakoitzak bazekien zer jo behar zuen. Eta horrela, denak batera joz, grabatu genuen diskoa bi egunetan. Lehendabiziko edo bigarren hartzeak dira guztiak, eta izan dezakete akatsen bat, baina uste dut momentuko freskotasuna nabaritu egiten dela grabazioan». Miles Davisek Kind of Blue diskoa grabatu zuenean ere, haren taldekideek ez zekiten zer grabatu behar zuten, eta, bere burua tronpeta jole estatubatuarrarekin alderatzerik nahi ez badu ere, lan metodoari eman dio garrantzia Gaztanbidek: «Ni musikari hauekin lan egindakoa naiz, eta badakit zer-nolako maila duten. Motown-eko edo Wrecking Crew-ko musikariak bezalakoak dira. Akorde batzuk eman, eta haiek izugarrikeriak egiten dituzte». Diskoan parte hartu dute, halaber, Haizea Gaztanbidek (ahotsa), Alberto Artetak (saxoa) eta Raul Arizaleta El Columpio Asesino taldeko kideak (gitarra).

Pop musika, zentzu irekian

Gehienbat, musika beltzaren eta jazzaren esparruan mugitu izan da orain arte Gaztanbide, eta horien ahaireak nabari dira bere bakarkako diskoan ere. Hala ere, guztiaren gainetik, pop diskoa dela nabarmendu du musikariak: «Popa da, baina badira musika urbanoen ukituak, soularenak, flamenkoarenak… Kantu hauek sortzeko orduan ez nion esan nire buruari era bateko diskoa eman behar nuenik. Atera da atera dena». Izan ere, orain arte jazzaren eremuan mugitu izan bada ere, era askotako musika entzun ohi du Gaztanbidek, eta horren isla ere bada diskoa: «Egun batean C. Tangana entzuten dut, hurrengoan Mahler, eta hurrengoan Miles Davis… Eta hori igartzen da diskoan. Halere, diskoak hasieratik amaierara badu zentzu bat, azken batean pop disko bat delako».

Bilduman hamar pieza jaso ditu, baina idatzi, 50 bat idatzi zituen: «Hau ofizio bat da, eta beharrezkoa da egiten duzun guztiaren artean aukeraketa bat egitea. Batzuk, agian, aurrerago aterako ditut, baina egia da batzuetan kantu batek ez zaituela konbentzitzen…».

“Pozik nago diskoa egitera ausartu naizelako. Charles Chaplinek esaten zuen bezala, mundua gauzak egitera ausartzen direnena da”

Diskoan bateria jo du Gaztanbidek, baina abestu ere egin du, eta bereak dira kantuak. Pop musikan ez dira oso ohikoak bateria jole konpositoreak, eta ironiaz begiratu dio musikariak horri: «Musika munduan bada esaldi bat: ‘Taldea bukatu zen bateria joleak abesti bat sortu zuenean’ [barrez]. Txantxa moduan ondo dago, baina nik oso ondo pasatzen dut musika egiten». Eta hori bera bihurtu da berarentzat aurrera egiteko akuilu. «Agian oharkabean pasatuko da diskoa, baina hainbat lagunek entzun dute, eta esan didate disko oso polita dela eta kantu batzuekin hunkitu direla. Ni oso gustura gelditu naiz emaitzarekin. Eta are gehiago, pozik nago diskoa egitera ausartu naizelako. Charles Chaplinek esaten zuen bezala, mundua gauzak egitera ausartzen direnena da».

Azken urtebetean igarotako guztiak izan du isla diskoko kantuen hitzetan ere: «Krisialdi honek agerian utzi du sistema kapitalistaren oinak lokatzaren gainean daudela eraikiak». Hain zuzen ere, Julio Anguita buruzagi komunista espainiarraren hitzak baliatu ditu “Julio Anguita” kantua egiteko, eta hainbat idazleren testuetara ere jo du musika hitzez betetzeko: Amaia Lasa (“Nik zuekin”), Angel Erro (“Malkoak isurtzen”) eta Gustavo Adolfo Becquer (“A mi madre”). Horiekin batera, zendutako anaiari eskaini dio Gaztanbidek “Hermano”.

Diskoa kalean dela, zuzenean aurkeztu nahiko luke, baina, gaur egungo egoera ikusirik, nahiago du itxaron: «Tristura ematen didate orain kontzertuek. Denak eserita, musukoarekin… Nik nahiago dut itxaron pixka bat, eta ikusi nola doazen kontuak datozen hilabeteetan».

ETIKETAK:Broken Brothers Brass BandGaztelupeko HotsakGorka Gaztanbide