Musika

Gorka Erostarbe

2025.07.24

Gorka Erostarbe

Garai bakoitzari berea (Kanterriko kronikak 2025; eta III)

HIRU ARO  / HIRU KANTAGINTZA

  • 1) 1965-1974 (Frankismoa) / Kantagintza politikoa
  • 2) 1974-1989 (Trantsizioa) / Kantagintza erromantikoa
  • 3) 1989-2025 (Autonomia) / Kantagintza intimista

Benito Lertxundiren kantagintzaren bilakaerak ematen al du garai sozio-politikoaren aldaketen berri? Galdera hori ardatz hartuta osatu zuen bere doktoretza tesi lana Imanol Artola Arretxek (Amezketa, Gipuzkoa, 1989); Benito Lertxundiren kantagintza aztertu zuen bere lanean, “garai sozio-politikotik begiratuta” aztertu ere. Artola 2011an lizentziatu zen Filosofian, EHUn, eta urte hartan bertan ekin zion sozio-politikako masterra ikasteari: Euskal Nazionalismoa XXI. mendean. Master amaierako lanean euskal nazioaren eraikuntzaren bilakaera aztertu zuen Benito Lertxundiren kantagintzan oinarrituz. Eta tesi horretan oinarriturik atondu zuen Oiartzungo (Gipuzkoa) Kanterri ikastaroetan, uztailaren 5ean, emandako hitzaldia ere: Benito Lertxundiren kantuak, garai soziopolitikoen isla. Egun Tolosako (Gipuzkoa) Galtzaundi Euskaltzaleen Elkartean ari da lanean Artola.

Lertxundiren 170 abestiak banan-banan hartu eta guztiak aztertu zituen Artolak, hitzei eta edukiari erreparatuz, eta kantuak kategoriaka saillatu zituen. “Kantu hau honetaz ari da, beste hau honetaz ari da. Aztertu nuen garai sozio-politikoa nola aldatzen joan den, garai bakoitzean zein izan diren Euskal Herrian pil-pilean egon diren gaiak eta horren arabera ikusi ea garai sozio-politikoa aldatzen joan den heinean, Benitoren letrak ere aldatu ote diren, eta batak bestea ulertzen laguntzen ote duen”. Artolak argi utzi nahi izan zuen hitzaldian ere bera ez dela saiatu Lertxundiren filosofia zein den azaltzen, baizik eta kantuetan aldaketarik egon ote den ikusten ahalegindu dela; “Ez da Benito bera ideologikoki aldatu ote den; argi utzi nahi dut letrak aztertu ditudala eta letretan oinarritzen naizela esaten dudan guztia esateko”.

Hasi baino lehen datu batzuk Lertxundiren disko eta kantu emariaren inguruan. Bere ibilbidean iraupen luzeko 15 disko, 6 EP, zuzeneko 3 eta 4 bilduma disko ondu ditu Lertxundik.

Hiru garai bereizi ditu Artolak.

Lehena “Frankismo garaia” da; bigarrena “Frankismo ondorena” da: “nik 1980ko hamarkada amaierara arte luzatu dut; Trantsizio deitu diot eta gero hortik aurrerakoa, Autonomia Estatutua finkatuago dagoenekoa. Kasualitatez edo ez, Juantxo Zeberiok ere “Benitoren musika aztertu zuenean ere, uste dut garai horietan jartzen zituela mugak; beraz, bai musikalki eta bai letraren ikuspegitik, bietan garai berdintsuan egiten ditu aldaketak Benitok”.

1) LEHEN GARAIA; KANTAGINTZA POLITIKOA (1965-1974)

“1965etik 1974ra bitartekoa da. Garai horretan bi disko eta sei EP atera zituen Benitok; ordura artekoa gerra galdu zuen isiltasunaren belaunaldia izan zen, pixka bat beldurtuta, lotsatuta bizi izan zena, eta inmobilismoan zegoena. Ondoren etorri zen belaunaldi gazte horrek gerrarik ez zuen galdu; gurasoek galdu zuten gerra. Atzetik datorren belaunaldia, Benitorena, izan zen aurreko belaunaldiaren isiltasun horrekin apurtu nahi izan zuena. Garai horretan, batetik, badago euskaldunen arteko talka hori, bi munduren artean: euskararen alorrean hatxearen auziak pixka bat islatu zuena, eta musika munduan ere badago talka: ordura arte otxoteetan-eta horrela kantatzen zuten. Eta Mixel Labeguerie izan zen gitarra espainol batekin agertu zen aurrena, kantautoretza Euskal Herrira ekarri zuena”.

“Testuinguru horretan, garai horretako Benitoren kantuak, orokorki protesta kantuak dira: neuk lau multzoetan bereizi ditut garai horretako kantuak. Batetik, euskal nazioaren batasuna aldarrikatzen duten abestiak daude. Zenbat gera? kantuan, adibidez: ‘Zer egiten dugu, ezer ez. Zer egingo dugu, elkar jo? Zer egingo dugu, elkar hil? Hori ez’. Abestian, beraz, zatiketa bat ageri da. Eta gero Egunsentia abestian, modu globalago batean hartuta: Txorien abestiekin alaitutako eguna, gizonen gorrotoarekin hondatuko da eguna. Ibiliko gara elkarri kalte eginaz’, beraz, hor badago bakerako edo elkartzeko abisu edo mezu bat. Edo Urak dakarrena abestian: ‘Urak dakarrena urak daroa. Lurrak emandako lurrean gelditzen da. Eta gu hemen, beti gu hemen’. Filosofia handiak, Parmenido, Eraklides eta abar. Baina kantuaren amaieran esaten du: ‘Gizon izateko hasi behar da gizon izaten’. Hemen badago batzeko, bakerako dei bat. Belaunaldien arteko talka horretan, Benito Lertxundi belaunaldi gaztean kokatzen da. Eta belaunaldi gazte horrek aurreko belaunaldiari esaten dio mugitzeko. Eta hor kantu asko daude euskal nazioaren eraikuntza oinarri dutenak. Adibidez, Sasi intelektualak: ‘Beti goitik behera begira zaudena, baina behin ere lurra ukitzen ez duzuna’. Eta kantuaren amaieran dio:  ‘Zure bultzaden zain dagoen herria ez ote da aspertuko zure begira? Edo ‘Hitzak dira hitzak, haizeak barrez daramazkinak’ Itzak dira itzak kantuan”.

“Belaunaldien arteko talka oso ondo adierazten dute beste hainbat kantuk: Aita saldu nauzuGure bide galduak eta Haserre egon nahi nuke-k, adibidez. ‘Aita, saldu nauzu idi bat bezala, eta abandonatu ez baninduzu bezala. Bai, aita nerea, lotsarik gabea. Ariyo triste bat izan da erentzi zurea’. Edo Gure bide galduakGurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen. Diruaren morroi izaten erakutsi digute, edo ilunpe honek bakardade galduan utzi gaitu. Argirik gabeko bideak etorkizunik ez du’. Eta Asarre egon nahi nuke: ‘Haserre egon nahi nuke bihotza betean oraindik gaztea naizen bitartean’. Eta hori lotzen dut Lurdes Iriondoren ‘Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme’ harekin. Multzo berean jarriko nituzke. Edota Burua altxatzeko eta Jabetasuna kantuak ere bai. ‘Zu malko lodiz negarrez, hau dena mugitzeko beldurrez? Etxean sartuta altxatuko al duzu burua? Jabetasunez?’. Nazioarteko politikarekin lotu daitezkeenak ere baditu. Triste jartzen nauzu kantua, esaterako. ‘Triste jartzen nauzu. Triste, ez kanpotik bai barrutik begiratzen nauzulako. Iñork begiratzekorik ez duzunean’. Edo kantuaren beste zati batean, dio ‘…jaten eman didazulako, zeini ematekorik ez zenuenean’. Azkenean, aurreko belaunaldiak bazeukan ilusio bat, ezta? Estatu Batuek lagunduko digute Frankismoaren aurka eta…”.

“Garai honetako kantu gehienak Frankismoaren aurkakoak ditu Benitok. Eta hor hiru figura askotan azaltzen ditu: argia, natura eta haurrak. Umeak ere jakin dute kantuan: ‘Umeek ere badakite zein zalla zaigun bizitza, umeek ere esan dute zein erreza dan heriotza’. Hau da, umeari ez zaio inuzente izaten uzten. ‘Haurra jipoitu dute behin eta berriz, esku ezkerrez gurutze santua egin dukelako’. Hori dio Esku ezkerra (Haur bati) kantuak. Edo Gazte sentimental kantua ere bilakaera horretan doa, ezta? Edo Bihar itxaropen. Eta hor, adibidez, dio, ‘Bihar itxaropenean sinestu nahi badugu, atzokoak ahaztuta, denok bizi dezagun ilunaren barruan gure amets ederra, gure amets bakarra’. Amets bakarraz hitz egiten da, ez daudelako bi amets, amets bakarra dagoelako. Horrek adierazten du euskal gazteriaren sektore batek askatasuna behar zuela. Eta askatasunik ez dagoenean, amets bakarra askatasun bihurtzen da. Aldiz, beste herrialdeetako gazteek bakoitzak bere amets propioak zituzten. Baina Frankismoan ezin dela hori bizi adierazten du Benitoren kantuak”.

“Eta gero, Natura. Loretxoa. ‘Mendian larrartean aurkitzen da loretxo bat. Aurrean umetxo bat…’.  Hor ere haurra agertzen da. Baina Loretxoa kantuan naturaren bidez adierazten da, eta Ekaitza kantuan ere bai. Ekaitzak ekaitzak, hostoak daramazki zuhaitzak bilutsirik. Negarra negarra heriotz usaia inguruan utzirik’. Hor ere Frankismoaz ari da edo ‘Txori ttikia nintzelarek esan zidaten kaiolan bizitzeko sortua nintzela’ Ttori ttikia-n”.

“Euskal Herriaren askatasunari buruz ere pare bat kantu kokatu ditut. Hor daude Ilunpetako gizona, eta Askatasunaren semeei, Euskal Herria aske izango den etorkizuneko belaunaldi horri kantatzen diolako Benitok. Lertxundi politikoa beraz, lau zatitan banatuta dago: euskal nazioaren batasuna aldarrikatzen duena; bi belaunaldiak batzeko ahalegin horretan euskal nazio eraikuntzan zentratzen dena, belaunaldi gazte horretatik aurreko belaunaldiari esanez mugitu gaitezen; Frankismoaren aurkako abestiak direnak; eta Euskal Herriak askatasuna amets izan dueneko hori’.

“Benitoren kantagintza politikoaz ñabardura bat egin beharra dago; izan ere, beste aldietan ere kantu politikoren bat edo beste ere idatzi zuen. Batez ere, 2.000eko hamarkadan, eta hortik aurrera ere bai, kantu politiko dezente idatzi izan zuen. Azkenean, dena ETA da markope horretan, berriz ere Euskal Herriko egoera guztiz politizatua denean, hor agertzen da berriro ere Benito politikoago bat, ezta? Bakea kantuan (2008): ‘Bakea, aho-xurien leloa, desarrazoiak bahitua, menperatzaileen kalakan antzutua (bis). Ezbeharraren aurrean, demagogo ahotsa ozenki altxatzeak zer balio du, beren burua islada dezakeen zioa estaltzeko ez bada? Hauek denborak, mundua atzaparretan duten antuste madarikatuak dituzte. Bakearen paladinak’. Edo Ni gatibu hartzeko kantuan: ‘Era aunitz dago ni gatibu hartzeko, Arma mota ugari amore emateko, Suzkoak eta hitzezkoak, eta ukamena denetan bortitzena’. 2008ko diskoan, Itsas ulu zolia-n, Euskal Herriaren ukazioa salatzen da. Edo Haizeak jotzen zuen kantua bera ere bai, ezta? Haizeak jotzen zuen. Ta hostoak erortzen Herri bakarti haretan, Gauak luzeak Ta egunak luzeagoak Oraindik ere gehienetan’. Irudikatzen du herri bakarti bat, husten ari den herri bat. Gazterik gabeko herri bat, bizitzarik gabeko bat irudikatzen du. Eta Ilargia kantua eta 2012ko Oroimenaren oraina diskoko Marruz Olak hirian edo 2018ko Ospakizun gauean diskoko Munduak ez du bakerik kantuak ere politikoak dira. Eta disko bereko Otzandu herrian, jakina. ‘Otzandu herrian asmamena urria: eta kalaka nahasian diote menperatu hizkuntza ahulegia omen eta ez dadila politikaz kutsa; ba ote kutsadura horretatik libre den hizkuntzarik…?’ Zer litzateke mihia bihotzik gabe…?’. Alegia, euskaldunei zenbat aldiz esaten zaigun euskara ez politizatzeko eta horri erantzunez… Beraz, Benito politikoa batez ere Frankismo garai horretan kokatzen da, baina gerora ere agertzen da”.

2) BIGARREN GARAIA; KANTAGINTZA ERROMANTIKOA (1974-1989)

“Nik erromantikoa deitu diot bigarren Benito honi. Ez, noski, maitasun erromantikoari erreferentzia eginez. Baina filosofia erromantiko bati erentzuten dioten kantuak dira. Nazionalismo erromantiko bat da, kultura bat eta bakarra ulertzen zuen Frantziako kultura horretatik datorrena eta ka letra maiuskularekin idazten zen kultura horretatik ka minuskularekin eta pluralean idazten duten kultura horietara, ezta? Herri bakoitzak bere kultura duela. Jada 1974ko diskoan (… oro laño mee batek…) ere agertzen dira zenbait kantu ildo hoirretan. Garai horretan, 1975etik 1989ra, Benitok sei disko atera zituen, …eta maita herria, üken dezadan plazera 1975ekoa da, eta azkenekoa, 1989koa, Pazko gallerdi ondua, biak dira osorik kantu tradizionalez osatuak. Bi disko horietako kantu guzti-guztiak tradizionalak dira. 1977an disko bikoitza atera zuen, Zuberoa /Askatasunaren semeei. Zuberoan kokatzen da batez ere, nahiz eta bestelako kantu batzuk ere badauden. 1981ean, Altabizkar / Itsasuko bardoari dator eta harekin epika eta euskal historia. Oso monografikoa da disko bikoitz hori, denbora zati handi batean behintzat”.

“Garai horretan badaude pixka bat desentonatzen duten bi disko, Gaueko ele ixilen balada, 1985ekoa, eta Mauleko bidean, 1987koa. Gaueko ele ixilen balada da ondoren etorriko den Benito intimistaren isla. Eta Mauleko bidean diskoan ere badago Benito intimistatik, baina badago Benito erromantiko horretatik ere. Ika-mikaren bat ere izan zen garai horretan, protesta kantutik punkaren eta RRVaren garairako trantsizioan, garrasi zeinek altuen egiten zuen eta txalo gehien nork biltzen zituen garai horretan… Benito ez zen hor kokatu, eta jada hasi zen aldatzen bere kantagintza; Gorka Knörren kritikaren bat-edo jaso zuen. Garai hartan Benito ez zen ondo ulertua izan, nahiz eta gero ikusi den ibilbide horrek arrakasta eman diola. Eta ez da kasualitatea, ziurrenik, Letek eta Laboak ere 1980-ko hamarkada hasieran edo 1970eko hamarkada amaieran kantagintza utzi izana. Bada garai hark eskatzen zuelako isiltasun bat ere, pentsatze bat, hor garrasika kantuan aritzea baino gehiago. Beraz, Ez Dok Amairutik etorri ziren horiek isildu ziren garai hartan; Benito ez zen guztiz isildu, baina bai, bere kantagintza aldatu zen, eta aldatu zen 1975etik. Beste kontu batzuetan ere ikusten da Benito bere garaiari aurreratuta bizi zela”.

“Benito Lertxundi erromantiko honetan batetik daude kantu tradizionalak; hau da, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak, izan kantu instrumentalak, izan kantatuak. Bestetik, badaude hainbat kantu Euskal Herria bere baitan hartzen dutenak edo Euskal Herriari kantatzen diotenak. Agian ez du Euskal Herria bere horretan aipatzen. Zazpi zenbakia ere kasik inoiz ez du Benitok erabiltzen. Baina bai lurra hitza: Oi lur, oi lur, Lizardiren kantu hori. Euskal Herria uzten ari den pertsona batek trenetik ikusten duen Euskal Herri hori aipatzen du, ezta? ‘Arto musker, mendi, baserri zaarrak; ale gorriz abailduta sagarrak oro laño mee batek estalia, urrez oro eguzkiak yantzia…’.Edo Oi, gure lurra: Gure lurra begietan urtuz. Bizitzeko leku paregabea’. Bi kantuetan badago herri ukatuaren sentsazio bat. Edo Oi, ama Euskal Herri eta Nire herriko neskatxa maite. Benitok berak elkarrizketa batean esandakoa da Nire herriko neskatxa maite-k gehiago duela ‘nire herrikotik, neskatxa maitetik baino’. Kantu erromantiko bat edo Euskal Herriari dedikaturiko abesti bat ote den, ez dakit seguru”.

“Beraz, badaude Euskal Herriari kantatuak, baina gero, Euskal Herriari buruz kantatzeko garaian, Benitok ahanzturan geratu diren lurraldeei buruz asko kantatzen du. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak hartu, eta hor karratu bat egin, eta Benitok ze herriri kantatu dien edo Benitoren kantuen izenburuetan agertzen diren herriak mapan kokatu eta herri gutxi batzuk kenduta, Ziordia eta Beotibar, eta, noski, Orio, baina Orio ez dugu horretan sartuko, beste guztiak karratu horretatik kanpora daude: Erribera, Baldorba, Orreaga, Orbaizeta, Maule, Zuberoa, Urtsua… Alegia, Euskal Herriaren ekialdeari asko kantatu zion. Eta hor dago Nafarroa: Erribera. Gainera, Erriberara joan eta jota bat egin zion: Herribehera, edo Baldorba geroago. ‘Ezkil gabeko elizak’, hau da, kanpairik gabeko elizak. Edo Aezkoako mendietan edo Orbaizetako arma olaren kantua. Eta Zuberoa, nola ez. Zuberoari disko oso bat eskaini zion 1977an, eta 1975eko diskoko kantu tradizionaletako gehiengo handi bat ere Zuberoako kantu tradizionalak dira. Zuberoari asko kantatzen dio. Tira, ahanzturan dauden lurraldeak dira. Gainera, 1980ko hamarkada hasieran edo 1970eko hamarkada amaiera bazen, baita ere gai bat, Autonomia Estatutua sortzeko garaian, Hego Euskal Herria lau probintziekin osatuko ote zen edo ez; azkenean Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroa bereizi ziren. Baina testuinguru horretan ere koka genezake Nafarroari eta Zuberoari, eta lurraldetasunari, egiten dion aipu hori”.

“Aurrekoarekin bukatzeko, euskal musikaren sustraien bila dabil Benito. Garai hartan euskal gizartean askotan galdetzen da nondik datorren euskara, asko galdetzen da euskararen jatorriari buruz. Eta Benitok galdera bera egin zuen: nondik dator euskal musika? Eta hor, Francisco Gaskuek RIEV aldizkarian [Eusko Ikaskuntzen Nazio Arteko Aldizkaria] 1907an egindako ikerketa batean esaten du Bretainiako musikaren eta euskal musikaren arteko antzekotasuna ia % 60-koa omen dela, eta gaeliar musikarekin % 25-ekoa. Benitok bidaia egin zuen Bretainiara Ez Dok Amairuren garaian; hango kantu tradizionalak entzun eta hor hasi omen zen Benito gaeliar eta bretainiar musikaren sustraien bila. Eta hor, O’ Carolan agertzen da, XVIII. mendeko azken bardoa omen den harpalaria. Gero horregatik hasi zen agertzen harpa Benitoren kantuetan. Entzun zazu abestian Bretainiara egindako bidaiaren ingurukoa da letra. Edo Maulera bidean diskoko O’ Carolan I eta O’ Carolan II, bardo horri eskainitakoak. Gero, 1989ko diskoan, Biribilketa / Ahuena kantu tradizional bat da, O’ Carolan berak jotzen zuena, eta bestea euskal kantu tradizional bat da, eta horien arteko konparaketa. Beraz, euskal musikaren sustraien bilaketa bat egiten du Benitok hor ere”.

“Azkenik, Benito Lertxundik historiara eta istorioetara ere jotzen du. Batetik, historiak edo kondairak zeuden Euskal Pizkundea eta Otartxo utsa kantuetan. Kantu horiek biek Lizardiren letrak dituzte. Euskal Pizkundeak zer egin zuen?  Jada ahanzturan zegoen euskal tradizio hori berreskuratzen saiatu, eta euskal  berpizkunde kulturalean ere, 1960-ko hamarkadan ere, gauza bera egiten daiteke. Eta justu bi kantuetan hori da aipagai Benitok. Kondaira batzuk Hartzen ditu: Itzaltzuko bardoa, Gartxot koblakariaren kantua, adibidez, edo Mayi orein bihurtzen den emakumearen eta ahoz aho transmititu den kondaira hori bera. Kantu hori ere oso polita da esanahiaren aldetik. Edota, Bera kantua, Bobo danatzari eta pertsonaiaren istorioa. Edo ni Olentzero naiz. Horrek oso letra politiko du, Olentzeroren figura hori erabiltzea; eta historiari erreparatuz, Altabizkarko kantua, Orreagako gatazka adierazten duena, edo OrreagaMuñagorriren bertsoak. Beotibar eta Matalaz ere arlo historikoan koka daitezke: Beraz, Benito Lertxundi erromantikoa, ikuspegi horretatik euskal sustraietara jotzen duelako.”Guk gure nazioa eraikitzeko, guk gure diskurtsoa behar dugu, eta hori ere kantuekin egiten da”.

3) HIRUGARREN GARAIA: KANTAGINTZA INTIMISTA (1989-2024)

“Eta, amaitzeko, 1990eko hamarkadatik aurrera, geroz eta gizarte indibidualistagoa sortzen ari den horretan, Benito Lertxundi intimistago bat ikusten dugu. Noski, oraindik ere azaltzen ditu tarte horretan kantu erromantikoak, Baldorba bera, adibidez, 1996koa delako, eta abar. Ordura arte ez zuen disko bildumarik-edo egin, eta hor, 1993an Hunkidura kuttunak I eta Hunkidura kuttunak II ateratzen dira, eta gero, ordura arte ez bezala, 1998an disko sinfonikoa, eta 2005ean, beste bilduma bat: 40 urtez ikasten egonak. Eta bukatzeko, iazko Gernika kontzertuan zuzenekoa. Garai intimista honetan zuzenekoak ere atera zituen, aurrez egiten ez zuena. 1990eko hamarkadaren hasieran Martin Irizar bere musikaria eta adiskide hil zen, eta hari eskainitako zenbait kantu daude 1996ko Hitaz oroit lanean. Disko hori da guztiz heriotzari eta jaiotzari eskainitakoa. Hitaz oroit, Joan zinen, eta Udazken koloretan bera. Horiek denak heriotzei eskainiak dira. Iluna denerako, berriz, Gratxinari, bere alabari, eskainia. Eta Nere ekialdean kantua, 2002ko izen bereko diskoa irekitzen duena, berriz, Txiki Larrañaga Orioko arraun taldeko patroia zenari eskainia da. Eta Jexuxmari Artzeri eskainitakoa da Zuk dakizun hura“.

“Garai honetako erreferentzia nagusietako bat da Fernando Pessoaren figura. Hori da mundua ulertzeko modu bat, kosmosa ulertzeko modu bat. Gure barruari begiratzea eta hazkuntza pertsonala. 2010eko hamarkadatik aurrera hain modan jartzen ari diren kontzeptuak dira, baina Benito 1980ko hamarkadatik Jiddu Krisnamurtiren filosofia irakurtzen hasten da. Eta hori jada agertzen hasten da 1985eko Gaueko ele ixilen baladak laneko kantuetan, ezta? Gaua eta ni kantua zer da, nork bere egoarekin duen gatazka hori ez baldin bada? ‘ Zu bezelakoa naiz, oi gaua; iluna eta biluzia. Ene ametsen garretan dagoen bidean barna noa eta ene oinak lurra ukitu orotan egundoko aritza sortzen da’. Eta 1987 ko Mauleko bidean diskoan Denborak eta Formak kantuak. Benito 1967an hasi zen kantatzen, 20 urte zeramatzan, eta kantu horretan esaten du formak onak dira, haietan galtzen ez zaren artean. 20 urtez egon naiz eskaparate batean. Eta hor horretaz ari da, egoaz, nork bere barrua ezagutzeaz. Eta hori dena potentziatu egingo da 2002ko Nere ekialdean diskotik aurrera. Hor Fernando Pessoa agertuko da. Benitok esaten du: ‘Zergatik idatzi nik Fernando Pessoak esaten duena, berak esaten badu nik pentsatzen dudana, baina nik esango nukeena baino askoz hobeto’. Orduan, onena da Pessoa bera itzuli eta haren hitzei musika jartzea, ezta? Kaixo ardizain kantuan, adibidez, artzainari galdetzen dio: Kaixo ardizain, Zer esaten dizu haizeak? Artzainak dio haizea dela eta igaro egiten dela, eta besteak esaten dio: niri hori baino askoz gauza gehiagotaz mintzo zait, eta artzainak esaten dio: ez zenuen inoiz haizea igarotzen aditu. Haizea haizeaz bakarrik mintzo da, eta gezurra da entzun zeniona. Eta gezurra zugan dago. Hori ez zizun haizeak esan, gezurra zugan dago”. 2012ko Oroimenaren oraina diskoko Gu bizi bezainbat kantuan dio ‘Jakiteak ez badu jakiteko balio, hobea da neurtu gabe dirauen bizitza’. Eta hau, bada, makropolitikari egiten zaion kritika bat ere bai. Ez da guztiz intimista eta barrura begirakoa bakarrik. Bada protesta kantu bat ere, hein handi batean. Bada Benitok mundua ulertzen duen modua… Ez dakit Benitok hala esango lukeen, baina da do it your self pixka bat, gizarte horri kritika bat. Eta Pessoaren letratan asko agertzen da hori guztia. Baina Benitok berak hasi zuen bideea lehenago, edo inguruko beste batzuen letretatik, igartzen zen bide hori 1981etik, zeren Benitoren lehenengo kantu intimista Urrundik heldu naiz izango da Juan Antonio Urbeltzen letra duena. ‘Urrundik heldu naiz / luze ibiliz / bidez bide eta bideetako /hautsak garia sortarazi du / ene oinetako behatz artetik’. Hor ageri da bilbide luzea daukan pertsona bat, baina abestiaren amaierak dio: ‘Zilegi bekit adiskide, pentsatzea, esatea. Harek ez du goroldio baizik sortuko gure harrizko buruetan’. Beraz kantu horrekin hasten du jada bide intimistagoa hori, ezta?”

“Eta amaiera, amaierako kantua. Benitok ze kanturekin agurtu gaitu 2024an? Ez nabil ezeren bila. ‘Ez nabil ezeren bila, ikasi bainuen oro har bizi dela naraman zoria. Ez nabil ezeren bila, ikasi bainuen naturaren taupadek nautela kolpatzen errukiaren bihotzean. Ez nabil ezeren bila, ikasi bainuen denboraren lanbroak gaindi ibiltzen’. Hau da, ez nabil ezeren bila: bilaketa hori amaitu da. Gaua eta ni kantuan zioen: ‘Zu bezelakoa naiz, oi gaua: basa eta ikaragarria’. Hori jada apaltzen da eta esaten digu ez dabilela ezeren bila, eta musika uzten du, pixka bat poetiko jarriz. Orduan, ondorio nagusi bezala, garai sozio-politikoa aldatzen doan heinean, Benito izan da bere garaiari aurreratuta bizi izan den eta etorkizunean etorriko den horren iragarle ere bai. 1975ean jada protesta kantuak uzten ditu eta beste bide bat hartzen du, eta ikusten zen 1970eko hamarkada amaiera horretan agortu zela protesta kantu hori baina Benito aurreratzen da kantu intimistetan. Benitok, ordea, oso koherentzia handiz emanak ditu aldaketak, bere musika ibilbidean zehar ere bai. Hain zuzen ere, uzteko modua, kantua uzteko modua, letretatik harago joanda, koherentzia handikoa izan da: ez du urtebeteko edo bi urteko bira potente bat egin, Euskal Herriko antzokiak betez, gaur egunean hain ohikoa dena. Gizarteari izkin egin dio, edo are, aurreratu da gertatzen ari den polemikara. Beno, Benitoren kantagintz aldatzen joan da. Kuantifikazioari erreparatuta, orotara 170 kantu sortu baldin baditu Benitok, lehenego aro horretan, 33 kantuetatik 25 dira politikoak edo izenak ere kakotx artean jarri beharrekoak ditu. Gero, tarteko garai horretan, kasi kantu guztiak, 70etik  55 erromantiko kontzeptuan sartu genitzake. Eta gero, amaierako Benito honetan, nahiz eta kantu erromantikoak eta politikoak ere agertzen diren, horiek baino askoz gehiago dira kantu intimistak”.

ETIKETAK:2025eko kronikaBenito LertxundiGorka Erostarbe LeundaImanol Artolakantagintza eta garai sozio-politikoaKanterri