Musika

Lozorroan zirenak ere esnatu dira

*Azaleko argazkia: DJ OM Lila Harrikada festibalean, Izarran. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Eguna esnatzearekin batera oheratu dira asko Izarran (Araba). Larunbat goiza da; uztailak 19 egun bete berri ditu. Itzali dira Harrikada tekno jaialdiko bozgorailuak eta kantuan hasi txoriak. Zuhaitzez inguratutako zelai biluzia furgonetek eta kanpin dendek jantzi dute. Karpak auto artean, baina ez da apenas aterperik behar izan: ez euri jasa, ez eguzki gogor. Mahaietan, bezperako arrastoak edo kafe egin berria. Elkarrizketan dira atzoa eta gaurra. “Egun on”, elkar agurtzen dute bizilagunek. Zukua, galletak, fruta eta jogurta; natura hil ederra. Gosaria eskaini diete kremailera zabaldu berri duen kanpinekoei. “Ezer behar baduzue, furgoneta berdean nago”, zaintza taldeko kide batek. Eta eguneko lehen tailerraren berri eman du: autodefentsa tailerra trans, ez-binario eta ertzeko gorputz zein identitateentzat.

Kukuka dabil eguzkia. Igerilekuan bainu bat GP Boiz DJ-ak girotuta. Ondoko belazean FLINTA tailerra. Azokatik buelta: fanzineak, eskuz egindako bitxiak, “Nire lagunek zaintzen naute, ez poliziak» dioten kamisetak, pinak, eskuz egindako arnesak, iltzedun lepokoak eta binder-ak, mutante serigrafiak edo heterror txatal zatiak. Beste bainu bat. Biluzik eroso egon daiteke hemen, ispiluen epaia baino bortitzagoa izan daitekeen begiradarik gabe. Handpoke tailerra. Eta Andriginia drag clownaren showa. Txirri pailazoa inspirazio hartuta, aurpegi zuria, bekain handi eta beltza, ezpain gorriak, zilarrezko takoidun zapatak eta kolore bereko gona motza, eskularruak eta topa. Haurtzaroko eta nerabezaroko erreferenteak dantzatzen ditu, genero mugak hautsiz eta sexualitatea aldarrikatuz. Draga ez da makillajea eta mamarratxeoa, ez hori bakarrik; ukatu zaizkien espazioak hartzea eta bere egitea ere bada, eta hala egin du. “Zuek ere oholtza zarete”, interpelatu die ikusleei.

Andriginia Drag clownaren saioa. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Andriginia Drag clownaren saioa. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Poliki-poliki eguzkia indarra galtzen hasi da, eta igerilekua hustu egin da. Trentza tailerra, batetik; hula-hoop tailerra, bestetik. Ewekaren DJ set-a afariko sintonia. Eta, afalostean, Berba Labanakaz. Taldearen izena nahiko deskriptiboa den arren, nor diren galdetuta, “zertarako laburtu hitz bitan garena?” erantzungo dute: “Zelako dilema”, eta La Polla Recordsen abesti bat erabiltzen dute erantzun gisa: “¿Quieres identificarnos?/ Tienes un problema (Identifikatu nahi gaituzu?/ Arazo bat duzu)”. Kantu propioak ere badituzte galdera hotzei erantzun beroak emateko, kinki-punki estiloan: jarrera punk borrokalariarekin, eta zaintza eta maitasuna borrokaren erdigunean daudela ulertuta. Adibidez: “Zoriontsua izateko giltzarririk gabe, arau zurrunetatikan atera beharko zarete”. Taldea Euskal Herriko, Granadako (Espainia) eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) bost lagunek osatzen dute, eta doinuetan nabari da. Gerria askatuta dantzagunera joateko ordua heldu da.

Berba Labanakaz taldearen kontzertua. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Berba Labanakaz taldearen kontzertua. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Urrutitik entzuten dira baxu grabeak eta erritmo errepikakorrak deika. Harrikada hitza idazten duten argiek gidatuta iristen zara gune nagusiko sarrerara. Parean, zelai zabala. Neonezko argiekin zaintza jartzen duen etxola. Ondoan, lasai egoteko haima. Zirkukoak diruditen karpak. Lasto fardoak atsedenerako eserleku. Eta Ines plateretan, soinu paisaia abangoardistak sortzen. Pista bakoitza gozamenerako eta erresistentziarako minutuak dira, autoespresio futuristarako piezak. Horrela ilundu du. Argi jolasez gain, izarrez josi da zerua. Inesek Ygryd-i utzi dio lekua: aniztasunak eta pasioak, pasio askotarikoari. Eklektikoa izan da saioa, genero nahasketa fina egin du, eta are modu finagoan lotu ditu kantuak. Giro magiko eta magnetikoa sortu du, eta gorputzek nork bere orbitan ez ezik, taldean mugitzen direla dirudite. Argiei eta izarrei sua gehitu zaie. Rebecaren hula-hoop-etan, Lahbambyren abanikoetan, Carolinen dantza orientalean eta Abaskill & Almaren karioketan.

Aerea bikoteak dimentsio berri eta bizia ekarri du tekno zirkuitura. Apenas esploratu gabeko bideak urratu dituzte, eta Harrikadara ere testura eta ahots konbinazio berriak ekarri dituzte; askorentzat, bidaia emozional sakonak izan direnak. Dantzalekua hegan jarri dute, eta hegaka ikusi ahal izan dira soketan gora dantzari eta performerrak ere. Ez da ikuskizun bakarra izan, atzetik butoh dantza eta freakshow-a egin baitu Berrakak. Aerearen atzetik Dstant. Erresuma Batuetan sortzen ari diren generoak ekarri ditu Izarrara: Bass eta UKGa, esaterako. UB jamaikarraren joerekin uztartu ditu doinuok, eta nortasun handiko proposamena eskaini. Dstanten atzetik Kenya Arakamaren DJ set-a izan da, gero Neryn igo da oholtzara eta, azkenik, Aida Blanco.

Horrela, hegemonia nagusien mugak desafiatzeko moduko saioekin heldu da egunsentia. Berriz ere argitu du.

ETIKETAK:Harrikada festibala 2025; Oli Apeztegia ArtolaKronika