Musika

badok

2014.06.15

badok

‘Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat’ (aurrerapena)

I- 1950EKO UDABERRIA

Bukatzen ari da 1950eko udaberria, eta Donostiako Artzain Onaren elizako absidearen inguruan gaude, Peñaflorida Institututik oso hurbil (Koldo Mitxelena kulturunea gaur egun), Mikelek han ikasten baitzuen garai hartan, ikastetxea utzi beharrean gertatu eta gero; izan ere, “bihotz handia” diagnostikatu zioten, Mikelen koinatu medikuari barre eginarazten zion esapidea. Merkataritza Eskolatik ere (Postaren egoitza gaur egun) gertu zegoen Institutua; garai hartan, eraikin zikina eta zarpaila zen, estilo neoklasikokoa, hibrido samarra eta frantsestua, eta hantxe zegoen Arte eta Ofizioetako Eskola ere. Azken horretan ari nintzen ni ikasten merkataritza-peritutzako lehen ikasturtea.

Leku hartantxe, hain zuzen ere, hasi nintzen konturatzen bazela mutil gaztetxo bat, altua, lerdena eta dotore jantzia, maiz begiratzen zidana eta atzetik segika ibiltzen zitzaidana…

…Ezagutzen nituen lehendik egun hartan interpretatu behar zituen abesti asko, baina behin ere ez ninduten ordu arte bezala “ukitu” eta hunkitu, ezta behin ere. Esan dudan bezala, eta errepikatu egiten dut, hauxe da-eta nire iritziz adierazteko modurik egokiena: erabat liluratu ninduen. Harrezkero, bere proposamen guztietan bultzatu nuen beti Mikel, edo gutxienez gogoan hartu eta kritikatzen nituen, baita oso zoroak eta eskasak iruditzen zitzaizkidanean ere. Era berean, nik uste dut orduan sortu zela nire jarrera kritiko hura, askotan adierazten niona, hirurogeietan eta hirurogeita hamarren hasieran batez ere, “ikara eszenikoa” zela medio, ez zuenean jendaurrean erakustea lortzen ikara gainditzen zuenean irits eta erakuts zezakeen maila.

MIKEL_LABOA_ETA_FAMILIA

Mari Sol Bastida eta Mikel Laboa, Agurtzane alabarekin.

…Mikelek Bartzelonako ospitaleko lana utzi zuen, eta, 1964ko uztailaren 18an, trenez, Donostiara joan eta bertan ezkondu ginen, prestakuntza-lanak bizkor egin ondoren, 1964ko abuztuaren zortzian. Mikelek Donostiako Ospitalean lan egiteko eta musikarekin jarraitzeko asmoa zuen. Nik itzulpengintzan jardutea pentsatzen nuen, eta eskuartean neukan lehenengo eskaria. Ordurako partekatzen genituen amets batzuk (edo agian helburuak besterik ez ziren, halako ukitu utopiko batekin), eta elkarrekin egin nahi genuen haietara iristeko bidea…

IV- 1964-1980

…Esandako guztiaren ondorioz, eta agian baita gure kasuan erantsi ziren beste faktore batzuen ondorioz ere, beste zentzu batean ere ez ginen konbentzionalak izan: bada estereotipo bat, askotan argitaratzen dena, ez dakit ondo nolako oinarri enpirikoarekin, eta esaten duena maiteminak, sexu-grinak… edo dena delakoak, bikotearen baitan, gehienera ere hemezortzi hilabetez, zazpi urtez irauten duela, eta abar eta abar. Gure kasuan ez zen halakorik gertatu; eta seguru esan nezake gure harremanak, ezkondu eta handik hamar urtera, eta hogei, hogeita hamar eta baita berrogei urtean baino gehiagoan ere (gainditu ahal izan genuen krisi gogor baten ondoren), zentzu horretan, suharragoak eta biziagoak izan zirela gure elkarbizitzako lehen hamarkadan baino. Faktore hau garrantzitsua baita bikotearen bizitzan, eta orain arte aipatu ez badut ere, hau dena hobetoxeago azaltzen saiatuko naiz, gehiegi ez gorritzeko eginahalak eginez, eta gogoan izanik betiere, nire ustean, kasu bakoitzean era askotako faktoreek eragin ohi dutela…

“Nik beste ezaugarri bat erantsiko nuke: zuhurtasuna. Bai bere jardunbide mediko profesionalean, bai familiaren inguruan egiten zuen lanean, oso nekez itzuri egingo zion ezerk Mikeli zuhurtasun-faltaren ondorioz…”

…Bere lehen diskoa grabatu ondoren, Mikelek gitarra-eskoletara joaten eta abesti berriak prestatzen jarraitu zuen. Eta 1965eko udaberriaren inguruan, lehen pausoak ematen hasi zen erreferente gisa Setze Judjes eta Nova canço zeuzkan “talde-ideia” hura bideratzen hasteko. Egunkariaren bidez jakin zuen Orioko mutil gazte bat, Benito Lertxundi izenekoa, finalista geratu zela abesti-lehiaketa batean. Mikel Forcadaren (esan dudan bezala, eskolako laguna zen, Jarrai antzerki-taldeko kidea eta Mikelen lehen diskoaren azalaren egilea), Juan Mª Indoren eta Manoli izeneko neska baten bitartez —Manolik haiekin lan egiten zuen Espiral altzari-dendan eta Orion bizi zen—, jakin zuen Mikelek Benitorekin harremanetan jartzeko telefono-zenbakia. Deitu zion eta Bartzelonan ezagutu zuen abesti-taldearen “antzeko zerbait” antolatzeko aukeraz hitz egin zuen harekin…

V- 1980-1997

…Nolakoa zen Mikel bere jardunbide medikoan? Lehen ere esan dudanez, alor honetan zientziari zioen errespetu handiak eta bere humanismo sakonak gidatzen zuten. Nik uste dut hori hala dela, eta hala dela halaber Iñaki Bidegain neurologoak Mikeli buruz duela gutxi egin duen lan batean dioena: “Laboa medikua Laboa pertsona bezalakoxea izan zen: gizon maitagarria, apala eta diskretua”. Nik beste ezaugarri bat erantsiko nuke: zuhurtasuna. Bai bere jardunbide mediko profesionalean, bai familiaren inguruan egiten zuen lanean, oso nekez itzuri egingo zion ezerk Mikeli zuhurtasun-faltaren ondorioz.…

MIKEL_LABOA

Laboa eta Bastida, ‘Xoriek 17′ diskoaren aurkezpenean.

VI- 1997-2005

…Azken puntu hark neure onetik ateratzen ninduen… Betiko ile-apaintzailearekin hitz egin zenezakeen (adiskidea nuen), edo filosofo konprometituarekin… eta batak eta besteak adarra jotzen ziguten txisteak eginez neska “bikain” haiekin (edo neska-puska haiekin, batzuetan esaten zuten bezala) Mikelek zuen arrakasta handia zela-eta. Txiste bat han, txiste bat hemen, ematen zuen inor ez zela konturatzen ikuspegien aldeaz, eta zeinen gogaikarria gerta zitekeen hura dena. Hain haserre nengoen giro harekin (eta zenbait jokamolderekin), non nire lankideekin —Maite eta Verónica— hitz egin bainuen gizarte-balorazio desberdin hartaz. “Nolako aldea dagoen tratuan!”, esaten nien. “Nekatua nago txiste horiekin. Hirurogei urte beteta feminista egingo naizela iruditzen zait…!”. Eta non erantzuten didan nire ikaslea izandako Verónicak: “Mari Sol, zu beti izan zara feminista. Ez zenigun gaia aipatzen, baina eskolak ematerakoan zenuen itxurak eta jarrerak, feminista zinela pentsarazi ziguten beti…”. Hitz haiek dezente kontsolatu ninduten, gizarte-giro zabalduenaren aurrean nik nuen jarrera eta erantzuna zirela-eta. Baziren, gainera (eta, agian, funtsean) Mikelekin zerikusia zuten eta animatzen ninduten beste arrazoi batzuk ere…

Memoriak

Jose Luis Zumetak diseinatu du liburuaren azala.

…Hemen eta kanpoan argitaratu ziren kritikak, bat izan ezik, onak edo oso onak izan ziren. Dudarik ez zen Mikelek ez zeukala garai bateko ahotsa. Baina pieza askorengatik, eta igortzen dituen sentikortasun, egia eta mezuagatik… disko garrantzitsua da askorentzat. Halaxe zen guretzat, dudarik gabe. Behin ere ez zigun disko batek hainbesteko lanik eman. Odisea baten antzekoa izan zen! Gaur egun maiz aditzen dut. Badira zenbait pieza asko gustatzen zaizkidanak, baina badira bi niretzat esanahi guztiz berezia dutenak: Orduan eta Ne me quitte pas

VII- 2005-2008: AZKENA

…2008ko azaroaren 11n, Gipuzkoako Diputazioko Urrezko Domina eman zioten Mikeli. Bihotz-bihotzez eskertzen dut… merezi zuela uste dut.

Azaroaren erdialdean hasi zen Mikelen azken beheraldia, eta, adore handia bazuen eta bizitza oso maite bazuen ere, ezin izango genuen saihestu…

ETIKETAK:LiburuakMari Sol BastidaMikel Laboa