Musika

badok

2019.05.21

badok

Mixuren “disko tropikala” kaleratuko du Agorilak

Joan den urtarrilean 10 urte bete ziren Patrick Mixelena Mixu zendu zela. Baionako Aviron errugbi taldearen zelaian abestu ondoren bihotzekoak jota hil zen Sustraia taldeko abeslari karismatikoa. Hamar urte geroago, Agorila diskoetxeak Mixuren Sustraiak diskoaren argitalpena iragarri du. Euskal Herriko eta Karibeko musikariek hartu dute parte diskoan eta ekainaren 9an ikusiko du argia.

Mixu Sustraiak azala

Agorilak azaldu duenez, Jimmy Arrabit bateria jotzaileak (Itoiz, King Mafrundi, Sustraia…) eta Patrice Tetevuide gitarrista eta ekoizleak 2012. urtean Kubara egindako bidaia batean dago diskoaren hazia. Uhartean zeudela, hango musika, izpiritua, indarra eta erritmoak Mixuren oso gustukoak izango zirela pentsatu zuten bi musikariek, eta Mixuren abestiak Karibeko musikariekin berriz grabatzeko proiektuari heldu zioten. Sustraiaren diskoetako jatorrizko grabazio analogikoak berreskuratu zituzten lehenengo, eta ondoren musikari taldea osatzen hasi ziren. Aspalditik Euskal Herrian bizi den Lerman Nieves musikari venezuelarraren laguntza izan zuten horretarako. Diskoaren grabazioaren zati bat Berako Mik estudioan egin zuten iazko irailean, eta ondoren Tenerifeko (Kanariar Uharteak) Wilmer Rodriguez estudioan grabatu zituzten haize tresnak, pianoa eta perkusioak.

Diskoak 11 abesti biltzen ditu; horietako zazpi Sustraiaren diskoetan jasotako kantuak dira (“Kospeiak”, “Johny”, “Muztafa”, “Pakita”, “Heia”, “Monsieur le Maire” eta “Mexiko”), Xabaltx eta Maialen Errotabehere kantariekin grabatutako MMX diskotik (Agorila, 2008) hartutako hiru abesti daude (“Ttotto lolo”, “Lanik gabe” eta “Txoria txori”) eta Mixuren bakarkako diskotik (Agorila, 2007) ale bakarra, “XXXL”.

ETIKETAK:ItoizKing MafrundiMaialen ErrotabehereMixuPatrick MixelenaSustraiaXabaltx