Musika

Iñigo Astiz

2016.04.14

Iñigo Astiz

Loraldi baten lehen notak

Euskal kulturaren adierazpide guztien bilgune bilakatzea da Bilbon egunotan egiten ari diren Loraldia jaialdiaren asmoa, eta hiru kontzertu antolatu ditu horregatik gaurtik larunbatera bitarte BERRIA egunkariarekin eta Badok.eus euskal musikaren atariarekin elkarlanean. Aguxtin Alkhat musikariak emango du kontzertua gaur La Ribera tabernan, Anari eta Maddi Oihenarten emanaldia izango da bihar Campos antzokian, eta Enkorek larunbatean izango du saioa Kafe Antzokian kolaboratzaile zerrenda luze batekin batera. Ez dira espresuki jaialdirako sortutako saioak izango, baina bai jaialdirako espresuki moldatutakoak.

Anari (Juanan Ruiz / Argazki Press)

Anari eta Maddi Oihenart elkarrekin arituko dira biharko kontzertuan. (JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Horizontaltasuna. Hori da Imanol Agirre Loraldia antolatzailearen hitzetan jaialdiaren klabeetariko bat, eta horregatik jo dute, adibidez, elkarlanaren formulara Badok kontzertuak antolatzeko. «Badok kontzertuetan kimu berriei beren azken lana aurkezteko leku profesional eta esanguratsu bat eskaintzea da asmoa». Iazkoa izan zen lehen esperientzia, eta mantendu egin dute asmo hori aurten ere. Aguxtin Alkhatek gaur emango duen kontzertua jarri du horren adibidetzat Agirrek. Izan ere, Inahala folk taldean hainbat urte eman ondoren, 2013an kaleratu zuen Alkhatek Ihes egin sei kantako diskoa, eta iaz eman zuen argitara bigarrena: Haizeen meneko. Bi lanetako kantak interpretatuko ditu La Riberan gaur, eta Willis Drummond taldeko zenbait kideren laguntza izango du horretarako.

aguxtin ALKHAT

Aguxtin Alkhatek ‘Haizeen meneko’ diskoa aurkeztuko du Bilbon.

Artistak elkarlanera zirikatzea ere bada Loraldiaren asmoetariko bat Agirrek azaldu duenez, eta horren froga dira bihar eta etzi egingo diren kontzertuak. Anarik eta Maddi Oihenartek bihar Campos antzokian eskainiko duten emanaldia da horren froga. Doi diskoaren aurkezpen kontzertua emango du Oihenartek lehenik bere taldearekin batera, Zure aurrekari penalak diskoan zentratutako kontzertua emango du Anarik ondoren, eta, azkenik, oholtzan elkarrekin arituko dira bi musikariak. Agirre: «Guk gonbit hori egin genien. Bi mundu oso diferente dira, baina bidegurutze horretan elkartuko dira».

Diskoa aurkeztu zuenetik zuzenean kontzertu gutxi eman ditu Oihenartek. Durangoko Azokan aurkeztu zuen zuzenean Doi lana, Ahotsenea espazioan, eta bihar Bilbon emango duena izango da geroztik zuzenean ikusteko aukera gutxietariko bat. Hiru musikari izango ditu ondoan zuzenekoan: SokaHots Orkestrako Jeremy Garat, Itoiz eta Sustraia taldeetan aritutako Jimmy Arrabit bibrafonoan, eta Pascal Humbert kontrabaxu eta baxu akustikoan. Anari ere bere taldearekin izango da oholtzan, eta iaz kaleratutako Zure aurrekari penalak diskoa izango da emanaldiaren ardatz nagusia.

Maddi Oihenart eta Jeremie Garat

Maddi Oihenart eta Jeremie Garat, ‘Doi’ diskoaren aurkezpen egunean. (ISABELLE MIQUELESTORENA)

Enkore taldea, lagunekin
Saio berezia egiteko enkargua egin zion Enkore taldeari ere Loraldia jaialdiko taldeak, eta larunbateko emanaldirako kolaboratzaile sorta gonbidatzea erabaki du horretarako. Enkore eta lagunak izendatu dute emanaldia horregatik, baina zehaztapena egin du Urtzi Iza taldeko gitarra jotzaileak. «Enkore eta lagunak ez, Enkore eta familia deitu beharko genuke». Izan ere, taldekoek oso gertuko dituzte oholtzara gonbidatu dituztenak. Eta ez dira gutxi: Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria, Txapelpunk taldeko Iñigo Arrasate Iñigito, Skakeitan-eko Pello Armendariz, Seiurteko Jokin Elortza, Smoke Idols taldeko Imanol Fortes Lolo eta Idoia Bediaga abeslaria. «Enkoren beti izan dugu tribu bat osatzearen kontzeptu hori», azaldu du Izak.

Enkore

Enkore taldeak lagunak gonbidatu ditu Kafe Antzokiko kontzertuan parte hartzera. (MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Kontzertua hasi aurretik eta hura amaitu ostean ere izango dira gonbidatuak halere. Las Tea Party DJ bikotea izango da hasieran giroa berotzen, eta Middle Fingers DJ bikotea izango da taldeak saioa amaitzean. Enkoreren Bihotz ezkutua” kantaren bertsio bat ere prestatu dute okasiorako azken horiek, eta Kafe Antzokian jarriko dute entzungai.

Iazkoa halako hiru da aurten Loraldia jaialdiaren programa, eta pozik daude orain arte jasotako erantzunarekin. Larunbatean hasi zen festibala, eta orain arte izandako saioetan jende asko bildu dela adierazi du Agirrek. «Oso balorazio positiboa egiten dugu». Euskal kulturaren inguruan masa kritiko bat biltzea da jaialdiaren helburua, eta bete egin dute asmo hori lehen egunetan. 11 egun dituzte oraindik aurretik apirilaren 24ko itxiera ekitaldia heldu arte, eta estreinaldi sorta izango dute ordura arte.

Mikel Laboaren musika oinarri izango duen Laboa jazz emanaldia estreinatuko dute larunbatean, adibidez, Iñaki Salvador, Angel Unzu, Ainara Ortega eta Maria Berasartek, eta Maurizia ikuskizuna eskainiko dute aurrenekoz Aukeran dantza konpainiakoek igandean.

BADOK KONTZERTUAK

  • Gaur. Aguxtin Alkhat, La Ribera tabernan, 19:30ean.
  • Bihar. Maddi Oihenart eta Anari, Campos antzokian, 21:00etan.
  • Etzi. Enkore eta lagunak, Bilboko Kafe Antzokian, 23:00etan.

Informazio gehiago bildu nahi Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.loraldia.eus

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatAiora RenteriaAnariEnkoreItoizJimmy ArrabitJokin ElortzaLoraldiaMaddi OihenartMikel LaboaPello ArmendarizSeiurteSustraiaTxapelpunkUrtzi IzaWillis DrummondZea Mays