Musika

2017.03.30

Julen Aperribai

Musika ere loratuko da

Kultur adierazpide askotarikoek hartuak dituzte Bilboko antzoki, areto eta txoko ugari egun hauetan, Loraldia jaialdia dela eta. Egitarau oparo eta zabalaren barruan, musikak leku berezia izango du larunbatean, BADOK euskal musikaren atariaren eta Loraldiaren elkarlanari esker, loratzear edo jada loratuta diren hiru proposamen ikusi ahalko baitira taula gainean, Badok Egunean. Elkarren segidan, baina bi lekutan izango dira kontzertuak. Izaro kantaria ariko da lehenik, Biba gunean, 19:00etan. Hurrengo biak, berriz, Kafe Antzokian; Lukiek hirukotea, 21:00etan hasita, eta, jarraian, Hesian talde eskarmentatua.

Lukiek-2

Lukiek hirukoteak lehen aldiz joko du Bilbon.

Hirugarren urtez ari dira egiten aurten Loraldia, eta jaialdiaren eta Badok-en arteko lankidetza ere hirugarrenez eraman da egitaraura; hiru alditan, modu desberdinean. Hiru talde izan ziren lehen urtean, eta, iaz, kontzertuak egitarauko egun desberdinetan sakabanatu zituzten. Aurten, berriz egun bakarrean batu, eta formatu txikiko jaialdi itxura hartu du. «Elkarlana jaialdian aldatuz joan da, hark izan duen bilakaerarekin batera. Egitarauaren barruan bere lekua aurkitu du kolaborazioak», azaldu du Jon Eskisabelek, atariko kudeatzaileak, eta gaineratu haientzat garrantzitsua dela «horrelako jaialdi indartsu batean» egotea.

Atariaren atzean dagoen filosofia, gainera, jaialdiarenarekin bat datorrela uste du, euskarazko gaur egungo sorkuntzaren plaza izateko ahaleginean: «Badok-en helburuetako bat bada gaur egun egiten den musikaren erakusleiho izatea, musikari berriei euren lana ezagutarazteko aukera ematea eta egiten dutena zabaltzea».

Euskal musikariei ikusgarritasuna eta oihartzuna izan dezaten, egunerokoan «bere aletxoa» jartzen du Badok-ek, Eskisabelek dioenez, eta, alde horretatik, proiektua erreferentzialtasuna hartzen ari dela nabari du, bai bisitarien eta bai musika taldeen artean. Azken horien artean, taldeen izenaren eta tamainaren araberako mailaketarik egiten ez dutela ere nabarmendu du, proiektuaren «berezitasun» gisa: «Guretzat, oso garrantzitsua da talde guztiek bertan lekua izatea. Denak interesatzen zaizkigu, izan handiagoak ala txikiagoak».

2009an sortu zen Badok, eta helburua, orduan, «Armiarma moduko bat» izatea zen, Eskisabelek gogora ekarri duenez, euskal musikaren datu base bat, alegia, kontsultarako eta artxibo bezala erabilgarria izango zena, batez ere. Ari da, pixkanaka, helburua betetzen, 600 talderen baino gehiagoren 2.500 disko inguru eta 20.000 abestitik gora baitaude bertan jasota.

Ekoizpena, mantenduz
Datu basea elikatzeak egungo musika panoramaren eguneroko jarraipena egitea eskatzen dio Eskisabeli. Loraldi handiegirik gabe baina osasuntsu ikusten du musika eskaintza ekoizpen aldetik. Gorabehera gehiegirik gabe, Euskal Herrian ohikoa izan den ekoizpen handia egun mantentzen delakoan dago, baita Durangoko Azokaren bueltan izaten den berritasun erauntsitik kanpo ere: «Talde asko dago, eta disko asko ateratzen dira; ia astero argitaratzen da disko bat». Gehienak, autoekoizpenera jotzen dutela ere azpimarratu du, eta horrek ekartzen diela, sarritan, ekoiztetxe batekin kaleratuta izango zuten adinako oihartzunik ez izatea hedabideetan.

Autoekoizpenaren bidea hartuko dute Mungiako (Bizkaia) Lukiek taldeko kideek ere, ondo bidean, euren lehen lana izango dena kaleratzeko. Aurten plazaratzea da asmoa, baina hiru kideentzat «proiektu paraleloa» da 2015ean sortutakoa, eta beste taldeek kendutako denborak zehaztuko du haren erritmoa, taldeko gitarra eta ahotsa, eta, aldi berean, Belakoko kide Josu Ximunek onartu duenez. Izan ere, «maketa lehiaketa, jaialdi handi eta halako ekitaldietatik aldendu», eta bestelako bide bat jorratzeko asmoz sortu zuten taldea Josu Ximunek, Antton Goikoetxeak (baxua) eta Christian Rodriguezek (bateria).

Josu Ximun (Lukiek): “Euskara bultzatzen du Loraldiak, eta, horretaz gain, proposamen oso desberdinek lekua dute. Garrantzitsua da bertan egotea»

Jorratu nahi duten bide horretan lekua dute Loraldiaren moduko jaialdiek, Josu Ximunen arabera: «Horrelakoetan jo nahi dugu, eta ez banketxe handiek eta halako erakundeek babesten dituzten jaialdi masiboetan. Euskara bultzatzen du Loraldiak, eta, horretaz gain, proposamen oso desberdinek lekua dute. Garrantzitsua da bertan egotea». Hizkuntzarena ere berritasuna da haren kasuan, Belakoren abesti gehienak ingelesezkoak baitira. «Ez nuen ikusten nire burua ingelesez abesten. Uste dut bakoitzak bere hizkuntzan abesten, eta hitzetan ahalik eta fidelena izaten saiatu behar duela». Loraldiaren moduko proposamenen garrantzia nabarmentzeaz bat, egungo musika panoraman oasi bat direla ere onartu du. Antolatzaileek talde berriak bilatu, eta haiei jotzeko aukera ematea «oso garrantzitsua» da harentzat.

Lukiek-en aurretik ariko da, Eskisabelen esanetan, «euskal eszenan indartsu sartu den» Izaro abeslaria. Bakarlari moduan hasi zen, baina proiektuak talde forma hartu zuen gero. Iazko udazkenean kaleratu zuen Om, bere lehen lana. Sakanako Hesian taldeak itxiko du gaualdia, aurten Bizkaian emango duen lehen kontzertuarekin. Aurretik ariko direnek baino denbora gehiago daramate errepidean. Disko berri batekin ospatu dute hamar urteko ibilbidea, eta zuzenean aurkeztuko dute Bilbon. Bira honetako kontzertuetan egiten ari diren bezala, hainbat lagun gonbidatu dituzte taula gainean abesteko: Norton Gorosabel (EH Sukarra), Iñigito Arrasate (Txapelpunk), Naroa Gaintza (22m2) eta Xabi Hoo (Enkore).

BADOK EGUNA

  • Izaro: larunbatean, Biba! gunean, 19:00etan. Doan
  • Lukiek: larunbatean, Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan, 21:00etan. 5 euro
  • Hesian eta lagunak: larunbatean, Kafe Antzokian, 22:30ean. 12 euro
ETIKETAK:22m2Badok EgunaBelakoEh SukarraEnkoreHesianIñigito ArrasateIzaroJon EskisabelLoraldiaLukiekNaroa GaintzaNorton GorosabelTxapelpunkXabi Hoo