Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.04.23

Gorka Erostarbe

“Mundu bat eraiki dut lan honekin”

Elkarrizketa: Naroa Gaintza

Urtetan plaza taldeetan aritu ondoren (Amaiur, Izerdi Gorria), pop-rock banda bat osatzea deliberatu zuen iaz Naroa Gaintzak (Deustua, 1979), besteak beste hainbat musikariren bultzada eta animoari esker. David Nanclares (baxua, gitarrak), David Gorospe (bateria) eta Asier Ercilla (teklatuak, eskusoinua) lagun hartuta osatu zuen 22m2 egitasmoa, eta iaz plazaratu zuen estreinako lana, Karratura (Oihuka). Pop doinu landuak, lelo itsaskorrak, letra propio barnekoak eta zuzenekoetan agertzen duen indarra eta jarrera ditu ikur. Badok Geroa kontzertuan parte hartuko du taldearekin batera, etzi (apirilak 25), Loraldiak jaialdiaren baitan. BADOK atariak babestuko du kontzertua. 22m2, Lurra eta Piztiak ariko dira, Bilboko Campos antzokiko Cupula aretoan, 20:00etan hasita.

Entrevista en Orduña a la cantante del grupo Amaiur Naroa Gaintza.

Naroa Gaintza, 22m2 taldeko kantari eta gidaria.

Diskoa entzuten hasi eta ‘Gelditzeko’ kantuan Imanol Ubedaren ahotsa entzun liteke eta ‘Derroches’ izenekoan Elliot Murphyrena… Nolatan suertatu zen aukera?

Ubeda anaiek rock and rolla egin behar nuela esaten zidaten elkartzen ginen bakoitzean, Joni oso temati jartzen zen horrekin… eta egun batean Imak kantu hau egin zidan. “Ea zer iruditzen taula gainean rock and rolla egiten hasteko!”, esan zidan. Eta horri heldu nion Amaiur utzi eta sasoi batera… Elliott, ordea, badira 15 bat urte ezagutzen dudala. Harreman estua izan dugu beti. Oso gustura sentitzen da gurean. Euskal Herriko egoera politikoak, gure historiak eta gure odolaren bereizgarritasun horrek lilura sortzen dio. DVD bateko testu amaigabe bat euskaratu behar izan nion behin, elkarrekin kantatu izan dugu askotan eta ‘Ground Zero’ kanturako euskaraz idazteko eskatu zidan. Elliott eta Olivier Duranden baietza izan nuen ideia komentatu bezain laister.

Hilabete batzuk pasa dira Karratura lana kaleratu zenutenetik. Zein harrera izan duzue?

Entzun duenak gogoko izan du, oso barrutik egina dago eta pertsona askok sentitu izan dute hori. Diskoak ez ditu kanonak apurtzen, ez zaitu harrituko Gosek edo Belakok egin izan zuten moduan bere sasoian, baina ondo egina daude 11 kantu horiek.

Oso izen geometrikoa duzue bai taldean eta baita diskoan ere… Zer iradoki nahi duzue?

Eta gu gainera ez gara batere karratu… Azalera hori duen etxea da gertakizunen xedea, hor eta horren inguruan gertatzen da dena; hor hasi nintzen idazten, hor eman ziren hainbat kapitulo… Bertatik pasatu izan ziren guztiek maite izan zuten etxe hura eta gure hitzetan egoten zen beti azalera hori. “Hogeita bi metro koadro dituen etxea da”, esaten genuen… Inork ez zuen sinisten azalera horretan bizi zitekeenik, orain gehiago daude, baina lehen ez zen horren arrunta… Oso etxe berezia izan zen guretzat, asko bizi izan genuen bertan… Lehen ere metro koadro horiek metro karratuak ziren… Izena Euskaltzaindiarekin batera zuzendu genuen eta diskoa Karratura deitu genuen iragan hari keinu bat egitearren.

Plaza talde batean aritua zara urte askoan; oraina aldiz pop talde bat osatu duzu. Zertan aldatzen da jarduera?

Ba ezer gutxitan aldatzen dela deskubritu dut… Hor goian ni izaten jarraitzen dut. Orain nire historiarekin nator, barnean nuena atera dut, diskoan entzuten diren kantu horiek konposatzerakoan harritu nintzen, beste toki batean kokatzen nuen nire burua, gordinagoa, indartsuagoa… Baina diskoaren gainetik zuzenekoa dago eta ni zuzenekoetarako okela naiz… kar, kar…

Urrats moduko bat izan da?

Bai, nahiz eta Amaiur zein Izerdi Gorria-rekin kantatzean larrua utzi eta izugarri disfrutatzen dudan, nire kantu propioak sortzeak eta kantatzeak beste plano batean kokatu nau pertsonalki. Mundu bat eraiki dut lan honekin musika oinarritzat hartuz eta sortutakoak atzetik nekarren zama guztia eraisteko balio izan dit. Urrats handia izan da maila askotan.

Diskoak ez ditu kanonak apurtzen, ez zaitu harrituko Gosek edo Belakok egin izan zuten moduan bere sasoian, baina ondo egina daude 11 kantu horiek

Zure ahotsa eta kantatzeko indarra aipatzen dira sarri. Zein dituzu erreferentziak?

Ez dakit gure bizitzako zein puntuan sortzen den estilo propio hori… Izaeraren kontua dela esango nuke… Ehunka erreferentzia eta erreferente ditut, ez dakit nori leporatu nirekin bat egiten duen kantatzeko era… Badok.info atariak aipatzen dituen ia talde denek osatu dute nire bizitzako soinu banda, Mixel Labagerietik gaur egunera arte… baina, batez ere, AEBetako eta Ingalaterrako hainbat talde oso presente izan ditut nerabezarotik aurrera…

Entzuteko zein musika duzu gustuko egun?

Betiko kantu zerrendara bueltatu naiz, Velvet, Green On Red, PJ Harvey, Violent Femmes, Television, Jesus and Mary ChainJairo Zavala-k egiten duen edozer gogoko dut, Angel Carmonak Radio 3-eko Hoy empieza todo-n pintxatzen dituen talde berri eta ez hain berriak… Eta euskaldunek ekoizten duten musika erosten jarraitzen dut eta ahal dudanetan euren zuzenekoetara hurbiltzen naiz.

Letretan barneko esperientzia pertsonaletara jo duzu.

Andres Calamaro-k 100 kantu idatzi zituen gai bat oinarritzat hartuz ‘Honestidad Brutal’ diskoan… Lan hau guztia niretzat egin dut, kantu batek barrutik izan behar du idatzia. Eta nik… behar hori nuen.

Larunbatean Lurra eta Piztiak taldeekin ariko zara Loraldiak jaialdiaren barruan. Zer iradokitzen dizute taldeok?

Lurraren kantua buruan izaten dut maiz, gustuko dut esaldi hori: “…hartu nire tristura, orain zurea ere bada…”. Gustatzen zaizkit ukitu hori duten abesti triste sasi alai horiek, diskoa azokan erosi nuen eta zuzenean ikusi eta entzuteko gogoa dut. Piztiak berriz entzuteak memorian atzera egitea eragingo dit, ea non kokatzen nauen, badira urte dexente ikusi ez ditudala! Gogotsu nago, elkar ezagutu, hitz batzuk konpartitu eta horrelako toki ederrean jotzeko.

Zer espero duzu larunbateko kontzertuaz. Zer esan nahi du Loraldiaken jotzeak?

Euskara eta euskal kulturgintza sustatzea helburu duen jaialdi honen zatitxo bat izateak izugarri betetzzn nau. Imanol Agirrek hasierako ideia bidali zidanean harrituta geratu nintzen, zenbat lan dagoen honen atzean, zeinen ongi dagoen dena planteatuta, aspaldidanik lotuta…. Zer nolako bultzada emango dion honek Bilbori… Horrelako zerbait behar zuen hiriak, handia, desberdina, disziplina anitzetakoa… Zirrara dut barruan, gogo izugarria…30 minutuz soilik jo dezakegu, baina intensoak izango dira, eta jaialdiak duen maila berera jarriko gara, on-onean.

ETIKETAK:22m2LoraldiaLurraNaroa GaintzaPiztiak