Musika

badok

2017.05.03

badok

Loraldia jaialdiko Badok Egunaren laburpen bideoa

BADOK atariaren eta Loraldia jaialdiaren arteko elkarlanari esker, Badok Eguna ospatu zen apirilaren 1ean Bilbon. Hiru kontzertuk osatu zuten egitaraua, oso ezberdinak estilistikoki eta taldeen ibilbideari dagokionez. Izaro folk-pop kantariak zabaldu zuen egitaraua Biba gunean. Aretoa lepo bete zen eta hainbat lagun kanpoan gelditu ziren. Laukote formatuan aritu zen Mañariko abeslaria, Oriol Flores (bateria), Iñigo Asensio (teklatuak) eta Ane Bastidak (baxua) lagundu baitzioten iaz argitaratutako Om lehen diskoko abestiak aurkezten.

Lukiek hirukoteak hartu zuen Izaroren txanda, Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan. Taldeak Bilbon jotzen zuen lehen aldia zen, eta interes handia zegoen taula gainean ikusteko. Jende asko hurbildu zen emanaldira eta guztiz asebeteta atera zen 90eko hamarkadako rock alternatiboko doinuak entzun ondoren. Ondo bidean, aurten grabatuko du lehen diskoa Mungiako taldeak.

Azkenik, Hesian taldeak kontzertu berezia eskaini zuen Kafe Antzokiko areto nagusian. Sakanako taldea 10. urteurrena ospatzen ari da bira honetan eta emanaldi bakoitzean hainbat musikari lagun gonbidatu ditu taula gainean aritzera. Bilboko kontzertuan, besteak beste, Norton Gorosabel (EH Sukarra), Iñigito Arrasate (Txapelpunk), Xabi Hoo (Enkore) eta Naroa Gaintza (22m2)  izan ziren gonbidatuak.

Bideo batean jaso dugu Badok Egunak eman zuenaren laburpena.

ETIKETAK:22m2Badok EgunaEh SukarraEnkoreHesianIñigito ArrasateIzaroLoraldiaLukiekNaroa GaintzaNorton GorosabelTxapelpunkXabi Hoo