Musika

badok

2024.02.16

badok

Muga Zero punk-rock taldeak irabazi du Herri Urratseko lehen musika maketa lehiaketa

Estreinakoz egin da Herri Urratseko musika maketa lehiaketa eta epaimahaiak jakitera eman du deliberamendua: Muga Zero Lakuntzako (Nafarroa) punk-rock laukotea da lehen garailea, eta horrenbestez, kontzertua emangu du maiatzaren 12an, urterero legez Senpereko (Lapurdi) lakuaren bueltan egingo den Herri Urratsen; Nafarroa gunean hain zuzen ere. Ordua zehazteke dago oraindik.

Muga Zero

Muga Zero laukotea, Herri Urrats musika maketako lehen garailea.

4o talderen lanak (hiru kantuz osaturiko maketak) onartu zituen epaimahaiak. Orotariko musika moldeak jorratzen dituzten lanek parte hartu dute ekimenean, nahiz eta pop-rocka eta rockaren aldaera gordinenak izan diren nagusi proportzioan. Rapa, elektronika, trap-regaetoia, funka, soula eta bossa-nova proposamenak ere izan dira. 40 taldeen kantu bana entzun liteke zerrenda honetan, ez alferrik Badok.eus ataria hasieratik izan du babesle maketa lehiaketak.

Lan horietatik guztietatik seiko bat hautatu zuen aurrena hamar lagunez osaturiko epaimahaiak (Herri Urratseko kideez, Badok-ekoez, eta musikariez osatua). Alfabetikoki ordenaturik, hauek izan ziren sei talde finalistak:

- Banana Shake (punk-rock-ska, Arrasate, Gipuzkoa)
- Kuma no Motor (hardcore-punk, Baiona)
- Laztana-laztana (elektronika-reggaetoia, Barakaldo)
- Mizelium (elektronika, Ipar Euskal Herria)
- Muga Zero (punk-rocka, Lakuntza, Nafarroa)
- RTZ (rapa, Baiona)

Laukote gaztea da Muga Zero

Irabazleen alde egin duten epaimahaikideen iritzian “taldearen punk klasiko eta itsaskorrak euskal punkaren hastapenetara bidaiatzeko aukera ematen du. Muga Zero Lakuntzan (Nafarroa) sortu zen 2021ean. Taldea lau lakuntzarrek osatzen dute: Jon Miranda Lazkoz Joni (gitarra erritmikoa), Ibai Lanz Betelu (gitarra solista), Ander Gasko Lizarraga (bateria) eta Oier Larumbe Lizarraga (baxua). Joni da abeslaria eta gainontzekoek koroak egiten dituzte. 2023ko martxoan plazaratu zuten taldearen izen bereko lehen diskoa. “Orain abesti berriak konposatzen ari gara”, diote.

Taldeak hainbat iturritatik jasotzen ditu eraginak kideen hitzetan, “baina nagusienak Pennywise eta Social Distorsion estatubatuarrak, Toy Dolls talde ingelesa eta La Polla Records dira”.

Taldekideak “harrituta” geratu dira Herri Urratseko maketa lehiaketa irabazi dutela jakitean: “Inolako espektatibarik gabe apuntatu ginen eta, zortea probatzeagatik. Muga Zero taldea sortu genuenean, hasierako salbuespen bat kenduta, gure abesti guztien letrak euskaraz egiteko erabakia hartu genuen. Horregatik poztu egiten gaitu Seaska Ikastola elkartearekin kolaboratzeak Herri Urratserako, haiek izan baitira Ipar Euskal Herrian egon den euskararen sustatzaile handienetariko bat eta historikoki lan handia egin baitute euskararen alde”.

Aurtengo arrakasta ikusita datorren urtean bigarren maketa lehiaketa martxan jarriko dutela ere komunikatu dute antolatzaileek.

 

 

 

ETIKETAK:Herri Urrats maketa lehiaketaMuga Zero