Musika

badok

2014.05.27

badok

‘Nomada’, Naroa Gaintzaren lan berriaren aurrerapen kantua

22M2 (HogeitaBiMetroKoadro). Horrela du izena Naroa Gaintzaren egitasmo berriak. Amaiur plaza taldean aritu zen hainbat urtez. Kantuan erakusten zuen kemenarengatik egin zen ezagun, eta zuzenean erakusten zuen jarrera indartsuarengatik. Geroztik, hainbat proiektutan hartu du parte (Sokaide, Izerdi Gorria), eta hainbat musikarirekin kolaboratu du (Gose, Fermin Muguruza, Mandoilek…).

Imanol Ubedak (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) idatzi du Naroa Gaintzaren estreinako lanaren aurkezpen testua, eta honako hau dio:

“Bidean dabilenari, laster ala berandu, bakarkako diskoa plazaratzeko unea iritsi ohi zaio. 22M2 da, hain zuzen, Naroa Gaintzaren lehen lana. David Nanclares eta David Gorosperekin ondu duen disko honek Naroaren ukitua du, hasi eta buka. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio. Elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Bere musika-kutxako onena eskaintzera dator Naroa. Une intimoak daude, pasarte indartsuak… Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak… 11 kantu, 11 lagun, 11 doinu, 11 erritmo, 11 istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak. Lan zintzoa. Erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzera”.

Lan horretako kantu bat, Nomada entzun dezakezu orain badok.info atarian.

22m2 aurreko aldea

 

ETIKETAK:AurrerapenaKantuakNaroa Gaintza