Musika

badok

2017.03.15

badok

“Olatua”, Kaskezur taldearen aurrerapen kantua

Martxoaren 30ean argitaratuko du Kaskezur taldeak Azpisugeak, bere laugarren diskoa. Baztango laukoteak 10 kantu berri grabatu ditu Berako Atala estudioan, eta horietako bat, diskoari sarrera ematen dion “Olatua” izenekoa, hemen entzun dezakezu gaurtik aurrera.

Azala

Juan Angel Perotxenak egin du diskoaren diseinua.

Lau urte igaro dira Ilgora kaleratu zuenetik, eta tarte horretan zenbait aldaketa izan dira taldean. Hain zuzen, Phillipe Santamaria bateria joleak eta Ainara Ibarra baxu joleak taldea utzi eta hurrenez hurren Mikel Sanchez eta Imanol Zubietak ordezkatu dituzte. Bestalde, diskoaren ekoizpen lanak Ibai Gogortzaren esku utzi ditu taldeak. Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeetako kide da Gogortza, eta Napoka Iriaren Arnasten ikasteko berriz diskoan egin zuen lan ekoizle gisa.

Hasier Larretxea idazleak diskoari buruzko promozio orrian dioenez, “riff suhar, bizi eta koloretsuekin datozkigu Baztango Kaskezur taldea laugarren disko honetan, non musikaren azal berrituarekin aitzineko Ilgora lanarekin euskarazko pop-rock musika eszenan lortutako merezimenduzko tokia berresteaz gain norabideko eta xehetasun berriak dakarzkiguten, azken urteetan landutako ikusmira zabalduz. Azpisugeak power-pop, psikodelia eta rock proposamen dastagarria da, Sonic Youth eta Superchunk gisako taldeen herentziaren itzaletik edaten duena. Heldutasun musikal osoa dakar berarekin eta taldearen ibilbidean jauzi nagusi hirukoitza suposatzen du. Diskoaren ekoizpen eta grabazio apartak melodien ehunduren esentziak bete-betean islatzen ditu”.

Diskoa argitaratu ondoren, zuzenean aurkezteari ekingo dio taldeak. Oraingoz hauek dira lotuta dituen kontzertuak:

  • apirilak 7: Casino taberna (Elizondo)
  • apirilak 15: Kataku taberna (Bera)
  • apirilak 21: Txintxarri taberna (Iruñea)
  • apirilak 28: Belafonte (Bartzelona)
  • apirilak 29: Oh Yeah! (Lleida)
  • maiatzak 13: Gaztetxea (Andoain)
  • maiatzak 19: Zubipunta ostatua (Erratzu)
ETIKETAK:BorrokanHasier LarretxeaIbai GogortzaJoseba Irazoki eta lagunakKaskezurNapoka Iria