Musika

Julen Azpitarte

2017.04.18

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Azpisugeak’ (Kaskezur)

Azala

Voltairek esan omen zuen originala izatea juizio onarekin kopiatzea dela. Bada, maxima hori Baztango Kaskezur taldearen lan berriari aise aplika dakioke. Picassok antzeko ideia zabaldu zuen esaldi honen bidez: «Artista batek kopiatu egiten du; artista handi batek, berriz, lapurtu». Ez nuke esango Kaskezur artistatzar bat denik, pop-talde bat baino ez baita; ordea, taldekideak ebasle bikainak direla baieztatuko nuke, Malagako pintorearen esaldiari jarraikiz, ondo jakin baitute lapurtutako materiala euskararekin uztartzen; finean, beren unibertsora ekartzen.

Hala, taldeak bidalitako promozio-orrian Hasier Larretxeak idatzitakoari erreparatzea baino ez dago deskubritzeko non ostu duen bandak diskoa gauzatzeko: «Azpisugeak power-pop, psikodelia eta rock proposamen dastagarria da, Sonic Youth eta Superchunk gisako taldeen herentziaren itzaletik edaten duena».

Horri guztiari baina, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) ekoizpenean egindako lana gehitu behar zaio: Kaskezurren abilidadeak aurreko lanetan ere sumatzen ziren, baina oraingoan, Gogortzaren ahaleginaren ondorioz, kantuek nabarmen egin dute gora, kolore guztietako ñabardurak tarteko: gitarra-jolasak, ahots konbinazioak, kantuen egitura aberatsagoak…

Bada, Borrokaneko taldekidearen gidaritzapean, Kaskezurrek aurten gehien entzun dudan euskal diskoa argitaratu du, eta seguru nago nire 2017ko kutunen artean egongo dela, orain arte aipatutako ezaugarriengatik ez ezik, kantutzarrak ere grabatu dituztelako: Lore sorta”, kasurako, 1990eko indie estatubatuarraren baxu linea eta gitarra riffekin eraikitako kantua da —Dinosaur Jr., Sonic Youth edo Sebadoh taldeei ostutakoak, seguruenik—; halere, berezitasun azpimarragarriena ahotsetan dago: euskararen berezko intonazioa naturaltasunez txertatu dute, beren euskalkia abandonatu gabe, tokiko hitz landuei pop trataera unibertsala gehituz, doinuaren egituran egoki sartzeko, inolako trikimailu linguistikorik egin gabe: «Han herrian jakinarazi omen dute, bertze bat, hil dela, joan dela. Eta lore sorta bat eramango dizut zuretzat, bihotzetik agurtzeko».

Gauza bera esan daiteke Fugaziren oihartzunak haizatzen dituen Azpisugeak” abestiaren harira, hitz adimentsuak eta musikarekin egoki kateatzen direnak: «Gurutzea itzuli bizi modernoaren antzezlari. Ekiok ba aukerari, jarrerari bidaiari! Eta gidoia noiztik idatzia? Bizi moderno-perfektuaren antzezlaria, inguru hauetan bakarrik behiak eta apezak».

Horrela, hamar kantuko pop disko dotorea eraiki arte, lantzean behin baino entzuten ez diren horietakoak: melodikoa, boteretsua eta inteligentea. Kaskezurren lanak erakusten du gurean gutxik menderatzen dutela lapurretaren arte fina; beraz, soinu-delinkuentzian jarrai dezatela nafarrek, kopia eta kopia, baina norberaren nortasuna baztertu gabe, Picassok ohartarazi zuenez.

(Berria egunkarian, 2017ko apirilaren 16an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:BorrokanDisko KritikakDiskoakHasier LarretxeaIbai GogortzaJoseba Irazoki eta lagunakKaskezur