Musika

Ihintza Orbegozo

2017.01.09

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Lurpekhariä’ (Kokein)

kokein azala

Lurpean egon dira Kokein taldeko kideak lau urtean. Lurpean, ezkutuan, baina ez geldi. Hortik omen dator, taldekideen esanetan, bederatzi abestiz osatutako diskoaren izenburua, denbora horretan hau sortu eta osatzen aritu baitira.

2002an maketa lehiaketa irabazi eta ezagutaraztera eraman zituen lan labur hartan ageri ziren melodia luzeak laburtzen joan dira urteak aurrera egin ahala, eta aurkeztu berri duten diskoa inoiz baino rockerragoa dela esan dezakegu; talde moduan heltzen joan diren heinean, doinuak gogortzera jo dute, barruan duten surik kartsuena azaleratuz, batzuetan Audioslave eta Pearl Jam taldeen ukitu bat ere nabarian utziz. Hala ere, betiko Kokeinen soinu berezi hori izaten jarraitzen dute, eta errepika melodikoak ohi bezala ageri dira konposizio guztietan, erraz barneratzeko moduko abestiak sortuz. Gainera, teklatuaz gain thereminarekin ere emaitza polita lortu dute!

“Ohi duen bezala”-n gitarra eta bateriarekin egurra ematen irekitzen dute diskoa, bederatzi abestietan errepikatzen doazen riff itsaskorrei paso emateko. Hala ere, eta nire aburuz euskal musikagintzako urratu ukitua duen ahotsik berezienetako bat izanda ere, Zaloaren bozak ez die, askotan gertatu ohi den bezala, beste instrumentuei gain hartzen, eta oso harro gelditu dira emaitza horietaz, Ahoz aho saioan eginiko elkarrizketan azaldu zutenez, ahotsa bera taldeko beste instrumentu bat bezala integratzea lortu dutelako, eta ez aparte doan atal bat bezala. Ez zaie arrazoirik falta, talde izaera hori entzuten dugun musikan ere nabari baita; abesti bakoitzean instrumentu bat kendu eta herren geldituko den irudipena daukat. Hil artean” abestian gertatzen den bezala, protagonismoak tartekatzen doaz: hasieran, ahotsak protagonismo berezia hartzen du, hitzak errezitatzen hasten baititu, atzealdean musika duen musikatu gabeko poema bat balitz bezala; segituan pasatzen da, ordea, ia soilik gitarraren punteatzea entzutera; ondoren, bateria eta baxua indarrez sartzeko.

Denetariko hitzak aurki ditzakegu bertan, amodioaz eta desamodioaz dihardutenetatik hasita, pasioaz edo kritika sozialaz mintzo zaizkigu, Dhaka” azken abestian esplizituki haurren esplotazioa salatzen duten bezala: «Modak atzean utzi dituen jantzi hoiek bota. Haurrak instant hortan lanerako daude esna».

Kritikak oso maila onean jarri du beti taldea, are gehiago azken lan hau, eta ez zaie arrazoirik falta, baina, publikoaren aldetik, orain arte merezi baino gutxiago baloratutakoa iruditu izan zait. Garaipena hirugarrenean datorrela dio gaztelaniazko esaerak; musikari askok, ordea, diote laugarren diskoan taldeak, fase ezberdinak pasata, benetako nortasuna erakusten duela. Bigarren horri egingo diot jaramon, benetako Kokeinen aurrean gaudela uste baitut, eta behingoz areto eta plazak merezimendu osoz beteko dituela ikusiko dugula!

(Berria egunkarian, 2017ko urtarrilaren 8an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakHemerotekaKokein