Musika

Julen Azpitarte

2016.06.06

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Itzaletatik’ (Perlak)

perlak azala

After-punka bor-bor zegoen garaian jorratu zen gehienbat gurean; alegia, 80ko urteetan, M-ak taldearen lehen lanak edo Donostiako Agrimensor K eta La Insidiaren grabazio bakanak, kasurako. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan, berriz, ez da kasik arrastorik izan gure lurralde txikian, planeta globalean The Rapture, Chk Chk Chk eta antzeko taldeen eskutik revival nabarmena bizi izan genuen arren. Duela bost urte ingurutik, baina, Belakoren agerpenarekin batera, punk erritmo itzaltsu eta pisutsuak azaltzen ari dira, tarteka edo zeharka bada ere —nazioarteko hardcore eszenan, esaterako, talde asko, abiadura geldotu, eta punk giro lanbrotsuetan murgildu dira—.

Hain justu, Mungiako laukote arrakastatsuaren lehenengo lan luzea, Eurie (2013) eta Perlak taldearen Itzaletatik honen artean lotura zuzena dago, biak ala biak Aitor Abiok ekoitzi baititu, eta, lan tekniko horren ondorioz, zarauztarren bigarren lanak dakarren nobedade nagusietakoa horixe da hain zuzen, soinuak izugarri egin duela gora. Ez hori bakarrik, ekoizlearen iragan musikala ere kanturen batean islatu da: Emakume kuantikoa”-k PILT taldearen kutsua haizatzen du. Horretaz gainera, kantu berriak aurreko diskokoak baino landuagoak dira, taldeak oholtzan eskuratu duen eskarmentuaren ondorioz, bai eta Miren Narbaiza musikariaren (Napoka Iria, Joseba B Lenoir Gang) ekarpenaren ondorioz ere, nola gitarretan hala ahotsetan.

Diskoa, duda barik, estilo jakin baten inguruan ardazten den lana da —zinemaz arituko bagina, generoko grabazioa dela esango genuke—, hots, after-punk atmosferetan harrapatutako diskoa da: baxu potoloak, teklatu minimalak, bateria karratuak, oihartzun efektuak han eta hemen, eta koru errepikakorrak. Joy Divisionen eragina agerikoa da, baina pop melodietarako joera ere agerikoa da —The Cure aipatu behar dut, halabeharrez—.

Bada, eta post-punk erritmoen zalea naizen aldetik, gozatu dut diskoarekin (asko), Gang of Four edo Wire nire talde kutunen artean baitaude; halere, taldeok erakutsitako esperimentaziorako edo arriskurako joera horren falta sumatu dut bigarren ahalegin honetan; esaterako, after-punkak bestelako estiloak iraultzeko erakutsitako gaitasuna, The Pop Groupek funk-arekin edo PILek dub-arekin egin zuten lez, edo egun Ratka brasildarrek egiten duten lez, egitura eta tarte luzeen bidez soinu propioa lortu. Era berean, kutsu britainiar gehiegi ere sumatzen diot diskoari, after-punkaz ari garenean erreferentzia estatubatuarrak beti ahazten ditugun seinale, Mission of Burma, Urinals edo Minutemen, besteak beste.

Hortaz, after-punkaren alde melodikoena dakar Perlaken bigarrenak, 80ko urteetako pop britainiarrarekin bustita, dantzagarri batzuetan, New Order-etik baino gehiago Joy Divisionetik gertuago dagoen arren. Disko sendoa da, baina ziur naiz hirugarren lanak gehiago aztoratuko nauela. Denborari denbora.

(Berria egunkarian, 2016ko ekainaren 5ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakHemerotekaJoseba B. Lenoir GangNapoka IriaPerlakPi.L.T.