Musika

Disko kritika: ‘Harro’ (Zea Mays)

zea mays harro

Urrea balio du kantu batekin asmatzeak. Ondo daki hori Bilboko Errekalde auzoko Zea Mays taldeak. 2010ean aurkeztu zuten Era diskoak beste maila batera eraman zituen. Euskarazko abesti borobil batekin entzule kopuru handi eta ezberdinarengana iritsi ziren. Erronka musikala zena, formula errentagarri bihurtu zen. Izaera mantendu, soinua modernizatu, eta pop dantzagarriaren erritmora egokitu ziren. Bigarren aroari esker lortu dute arrakasta, eta horrela iritsiko dira bi hamarkada betetzera. Harro zortzigarren diskoa aproposa da urteurrenerako.

Euskadi Gaztearen musika lehiaketa irabazi, Itsasoa” ereserkia oparitu, Elektrizitatea sortu eta bost lan interesgarri argitaratu ondoren, abesti bakar batekin lortu zuen oihartzuna Zea Mays taldeak. Gogoan dut Morphina lanarekin Urnietako Sarobe aretoan ikusi nituenekoa. Sarrera pobrea izan zen, baina bertan ginenek asko gozatu genuen errepertorioarekin. Negua joan da ta” abesti zein bideoklipak eztanda egin zuenean, aurkezpen birako kontzertuen sarrerak agortu zituzten. Era diskoa kontzertu seinalatu horietan jarri zuten salgai, ez lehenago. Halere, aretoak bete zituzten. Donostiako Doka Kafe Antzokiko emanaldian izateko zortea izan nuen, eta sentsazioa arraroa izan zen. Gehiengoak abesti bat espero zuen.

Mugarri bat ezartzean, horri segida ematea da zailena. Horregatik, edo nire gustuko kantuak topatu ez nituelako, Da diskoak ez zituen nire aurreikuspenak bete. Formulak huts egin zuela pentsatu nuen. Inertzia hori hausteko freskotasuna behar zuen Zea Mays taldeak, eta Harro lan berriak dakar ezinbesteko haize berria. Iraupen laburreko hamabost abesti eder. Sintetizadoreak oinarri bezala hartuta eraiki dituzte, Split 77 taldeak utzitako harreman eta ondareari forma emanez. Horretarako, luxuzko ekoizle baten laguntza errepikatu dute. Bigarrenean, gehiago nabari da Dave M. Allen maisuaren eskua eta distira.

Norberak bere kantu kuttuna topatuko du Harro diskoan. Akaso, Enbata” izan daiteke. Egitura arrakastatsua errepikatuz emaitza bera lortu ez duen arren, pop pilula aparta da. Amiltzen ez den bat” eta Itzala utzi” abesti elektronikoek unibertso berri batera daramate talde bizkaitarra. Orain” lausoak, aldiz, Love Of Lesbian bandako Santi Balmes abeslaria darama beste eremu batera. Plazera da Balmesen euskara entzutea. Rock dosi handiegirik ez du diskoak, baina Eguzkira beti” eta Eztarritik alura” indartsuek konpentsatzen dute hutsunea. Azkenik, aitortu behar dut nire gustuko abestia topatu dudala zerrenda luzean. Hori, Barrutik” da. Ezin dut melodia burutik atera.

(Berria egunkarian, 2016ko azaroaren 20an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Dave M. AllenDisko KritikakDiskoakHemerotekaLove of LesbianSanti BalmesSplit 77Zea Mays