2026.04.22
Oholtza agurtuko dutela esan berritan, Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek jasoko dute aurten Adarra saria. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortu zuten saria, 2014an, eta euskal musikarien ibilbidea omentzea du xede. Aitortza ekainaren 21ean jasoko dute, ohi bezala Musikaren Nazioarteko Egunean. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, eta kontzertua joko dute ondoren. Emanaldirako sarrerak gaur (apirilaren 22an) jarriko dituzte salgai, 11:30ean, baina Donostia Kulturako bazkideek soilik izango dute erosteko aukera. Publiko orokorrarentzat, berriz, bihar jarriko dituzte eskuragarri (apirilaren 23an), 11:30ean.

Peio Ospital eta Pantxoa Karrere, gaur, Adarra sariaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Musikariak Viktoria Eugenian izan ziren atzo, sariaren berri emateko antolatutako prentsaurrekoan. Karrerek hartu zuen hitza lehenik, eta eskerrak eman zituen garaikurragatik, eta gogora ekarri zituen urte hauetan bizitako zenbait momentu: “Euskal Herriko zazpi probintzia gurutzatu ditugu kantuari esker”. Ospitalek jarraitu du gero, eta Iparraldeko musikariak ere “kontuan hartzea” eskertu du, umore puntu batekin: “Zerrenda ospetsuan sartu gara. Ez dakit hainbeste merezi dugun, baina gustura jasoko dugu saria”. Lagun dituzten hainbat poeta, idazle eta musikariri eskaini nahi izan die Ospitalek aitortza: besteak beste, Mixel Ducau, Manex Erdozainzi, Manex Pagola, Jean Louis Davant, Iratzader eta Roger Iriart artistei. Horiek guztiak izan baitira bikotearen “kantugileak”.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar kultur etxeko zuzendariak osatu dute epaimahaia, eta bikoteak Euskal Herriko musikagintzan izan duen eragina goraipatu nahi izan dute: “Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu, eta haien transmisioan lan eskerga egin dute biek”. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko “zubi lanak” egitea ere aitortu nahi izan diete. Era berean, Ana Lopez Loiarte Gobernantza Irekiko eta Kulturako zinegotzi delegatuak honako hau azpimarratu du: “Musika euskararen transmisio bide bihurtu dute, eta euskal musikaren erreferente handiak dira, autentikoak”.
«Zerrenda ospetsuan sartu gara. Ez dakit hainbeste merezi dugun, baina gustura jasoko dugu saria»
PEIO OSPITAL Musikaria
1969an argitaratu zituzten lehen kantuak, eta jada ia 60 urteko ibilbidea osatu dute. 2011n etenaldia izan zuen haien jardunak, baina “agur duin baten” falta sumatzen zutela esanda, azken kantaldi bat emateko asmoa iragarri zuten iazko abenduan. 2027ko urtarrilaren 10ean BEC erakustazokarako egin zuten deialdia, eta ordu gutxian saldu ziren sarrera guztiak. Beste kontzertu bat ere joko zutela erabaki zuten orduan, 2027ko urtarrilaren 9an, hain zuzen ere, eta duela aste batzuk azaldu zuten saio horien aurretik bira bat egiteko asmoa dutela.
Hunkituta azaldu ziren itzulera eta agurra iragartzeko lehen prentsaurrekoan. Kantatzeko “gogo handiz” zeudela adierazi zioten BERRIAri orduan. Esker ona azaldu zuen Ospitalek, esaterako: “Uste dut gure kantu zonbait gelditu direla gure herri honek biziraupenaren alde zeukan borrokarekin lotuta bezala. Kantaldiz kantaldi, urtez urte, halako maitasun istorio bat iruten joan da herriarekiko»”.
Ikusi gehiago
Maitasun istorioaren aipamenari heldu nahi izan dio Adarra sariaren berri iragartzeko agerraldian ere, eta herriari “esker ona” adierazi nahi izan dio urte hauetan guztietan alboan egoteagatik: “Emango ditugun kontzertuak esker ona adierazteko dira. Beharbada herriak ere guri eskertu nahi digu zerbait. Pentsatzen dut jendeak gure abestiak bidelagun izan dituela, herri honek garai batean bizirik irauteko zeraman borrokarekin ere lotuta gelditzen baitira”. Karrerek, berriz, ez du “nostalgiaz” hitz egin nahi izan azken biraren inguruan: “Gure kantaldiak bukatuko dira, baina makila hori pasatu nahi diegu etorriko diren belaunaldiei”.
«Gure kantaldiak bukatuko dira, baina makila hori pasatu nahi diegu etorriko diren belaunaldiei»
PANTXOA KARRERE Musikaria
Maiatzaren 9an hasiko dute bira, Bilboko Santutxu auzoan (Bizkaia). Eta, beraz, kontzertu sorta horren parte bilakatuko da Adarra saria jasotzeko emanaldia ere. Beste hainbeste musikari izango dira oholtza gainean bikotea laguntzen: Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Danae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatua) eta Josu Erbiti (perkusioa).
Hainbat artistari eman diote aurretik Adarra saria: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari Alberdi, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays, Errobi eta Antton Valverde. Hala, zerrendara batu dira Pantxoa eta Peio, XIII. Adarra sariaren garaikurra jasota.