Musika

Iñigo Astiz

2019.11.07

Iñigo Astiz

Pentsatzaileentzako dantzaldia

Bat: RIP eta Eskorbuto. Bi: Delirium Tremens eta Zarrapo. Eta hiru: Kortatu, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi. Nork bere aldetik, baina bai Etxahun Arregik, Zazkel taldeko abeslariak, eta baita Ander Pikowskyk ere, Aizkorak Zorroztu taldeko abeslariak, biek zehatz-mehatz errepikatu dute 80ko hamarkadaren bueltako disko konpartitu kuttunen zerrenda. Eta, hain zuzen ere, erreferentzia sare konpartitu hori izan dute abiapuntu orain Aizkorak Zorroztu eta Zazkel taldeek bederatzi abestiko disko zatikatua elkarrekin kaleratzeko: Ezpatadantza. Zazkelen lau abesti datoz lehenik, Kaki Arkarazok sortutako birnahasketa bat erdian; eta gero Aizkorak Zorroztu taldearen beste lau. «Izaki pentsatzaileentzako dantza zorrotz eta basatia», hala laburbildu du Pikowskyk diskoaren esentzia.

Zazkel musika taldeko kideak

Zazkel taldeko kideak.

Aizkorak Zorroztu eta Mia Wallace Band taldeko kideak

Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band.

Bi taldeak dira Bilbokoak, biek maite dituzte umorea eta doinu beltzak, biek dute Negu Gorriak taldearekiko zaletasuna, eginak dituzte kontzertuak elkarrekin, kolaboratu dute batzuek besteen abestietan, eta, beraz, bakoitzak bere ibilbide propioa izan arren, era naturalean heldu da elkarlana. «Musikak, hizkuntzak eta pasioak batu gaitu», azaldu du Pikowskyk. Horrek, eta baita aurrez aipatutako 80ko hamarkadako disko konpartitu zerrenda horrekiko miresmenak ere.

Aizkorak Zorroztu taldeak hiru disko ditu kalean, eta Pikowskyk dio «pop-punk-funk-tropikal-psikodelikoa» egiten dutela. «Gure musikan edozein erritmo sartzen da: Raffaella Carrarekin hasi eta edonora. Klaustrofobiko xamarra iruditzen zaigu musika estilo bakar baten barrura mugatzea. Musika guztia da musika, eta zoragarria da erritmo eta doinu guztiekin esperimentatzea».

Aizkorak Zorroztuk hirukote formatuan hasi zuen bidea, baina berehala hasi ziren musikariak gonbidatzen, eta trioa txiki gelditzen zitzaiela ohartzean iritsi dira egungo egoerara, abeslariak «orgia» izendatu duenera. Hasierako hiru kideek, bai, baina The Mia Wallace Band izenekoan bildutako bost musikariek ere osatzen dute taldea gaur egun. Guztiek batera egin dituzte kantak, eta horregatik sinatu dituzte elkarrekin diskoko abestiak: Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band. Zortzikotean.

Fermin Muguruzak jarri dio izenburua diskoari, Pikowskyk aholkua eskatuta. Aizkorak Zorrozturentzat erreferente da musikaria, eta aurreko diskoan ahotsa ere jarri zuen “Piztia” abestian. Baina ez da Muguruza bakarrik; orohar Negu Gorriak osoa da itsasargia taldearentzat, eta horregatik disko erdian datorren Arkarazoren kolaborazioa. Iñigo Muguruza ere gogoan izan dute, gainera, eta aipamen bat egin diote diskoan.

Mikel Reparaz Aizkorak Zorroztuko gitarra jotzailearen estudioan grabatu dituzte abestiak bi taldeek, eta bera aritu da teknikari lanetan.

Kritika eta umorea
Berez, Zazkel taldekoek laugarren diskoa prestatzea zuten buruan, baina disko zatikatuaren ideia agertu, eta, oraingoz, bertan  eman dituzte argitara bidean zituzten lau abestiak. «Hitza sartu nahi baduzu, estiloa eklektikoa dela esan dezakezu», esan du irribarrez Etxahun Arregi abeslariak. Badira disco erritmoko pasarteak, afrobeat kutsua dutenak, The Clashen ukitu batzuk, funk aireko gitarrak, sintetizadoreak, elektronika… Eta umorez egindako kritikak letretan. «Ganberrotasuna gure egunerokotasunean txertatuta dago, eta diskoa ezin zen bestelakoa izan», onartu du.

Durangoko Azokan jarriko dituzte disko fisikoak salgai. Gaur Youtuben zabalduko dute osorik, eta larunbatean egingo dute diskoa aurkezteko kontzertua Bilboko Zazpi Katu gaztetxean. Bere emanaldia egingo du talde bakoitzak, baina elkarrekin ere arituko dira noizbait.

ETIKETAK:Aizkorak ZorroztuDelirium TremensFermin MuguruzaJotakieKaki ArkarazoKortatuNegu GorriakZazkel