Musika

Mikel Lizarralde

2020.03.06

Mikel Lizarralde

Rock aztarnak, basamortuan

Ivan Zabalegik (Irun, Gipuzkoa, 1974) orain dela lau urte pasa kaleratu zuen, Hamabost, Nire izen artistikoarekin garatutako proiektuaren lehen diskoa. Ordurako, bide luzea egina zuen Zabalegik musikan, lehendabizi Donut taldean, eta gerora, urte luzez, Lisabön —eta batik bat, bateria jotzen, nahiz eta horiekin garai batean gitarra ere jo zuen—, baina Nire zuen bere egitasmo propioa, bakarkako lanetik abiatuta beste zenbait musikarirekin forma hartzen zuena. Eta musikalki ere, ordura arte zapaldu gabeko molde eta formak erakusten zituen Hamabost-en, country eta folk alternatiboaren bidean.

Ivan Zabalegi 'Nire'

Bakarkako bideari heldu aurretik, Ivan Zabalegik Lisabö taldean jo zuen bateria, urte luzez. (Kaku Rubio) 

Lau urteren ondoren, Hemeretzi diskoarekin (Bidehuts) itzuli da Nire. «Nahiz eta denbora asko dirudien, azkar pasatzen dira lau urte», dio Zabalegik, bi diskoen artean igaro den denboraz galdetuta: «Hamabost atera ostean, zuzenean jotzen ibili ginen, eta, bitartean, kanta berriak egiten. Gero dena prestatu grabatzera sartzeko, grabatu, nahastu… eta horrela joan dira lau urteak. Diskoa atera arte, lan handia egin behar da, eta denboran luzatzen da gainera». Gainera, diskoa 2018ko martxoaren eta uztailaren artean grabatu zuen, nahiz eta iazko udazkenean eman zuen argitara. «Aitzakia nahiko ona daukat hau azaltzeko. Haurra izan genuen 2019ko abenduan, eta dena egina utzi nahi nuen, nahiz eta argitaratze data ez jakin».

Hamabost-i bezala, Hemeretzi-ri countryaren, folkaren eta bluesaren arrastoak sumatzen zaizkio, eta apenas dagoen melodia argitsurik lana osatzen duten bederatzi piezetan. Bai, ostera, intentsitate handiko ilunpeetako rocka. «Soinu horiek [countrya, folka eta bluesa] atsegin ditut, baina uste dut hori hasiera puntua bakarrik dela». Abiapuntu horrekin, estiloak bere «egiteko modura» eramaten ditu Zabalegik, eta, azkenean, ez zaizkio, musikariak dioenez, ohiko country, americana, folk edo blues kantak ateratzen: «Nire kutsu pertsonala ematen diedala uste dut».

Kutsu pertsonal hori iluntasunez blaituta dago, horrela ateratzen zaiolako Zabalegiri: «Kantak egiteko orduan, iluntasuna agertzen da, gehienetan, nire musikan; ez dakit zer dela eta, beti gertatu izan zait. Musika entzutean ere, askotan gustukoagoa dut musika triste eta iluna».

Horrek berak, hein batean, Lisabörekin lotzen du Nire, eta, abiapuntua ezberdina izanda ere, ez da zaila bi proposamenen arteko hariak aurkitzea, adibidez, “Eguna argitu arte” eta “Behin baino gehiago” kantuetan. Onartzen du Zabalegik aurretik egindako lanak ere izan dezakeela zerikusirik horretan: «Lisabö taldean urte asko pasatu ditut, eta nire lagun minenak dira taldeko asko. Azken finean, musika egiteko orduan, zure ibilbidea atzean duzu, eta nahiz eta musika ezberdina den, lotura txiki bat badago».

Etxetik lokalera
Hamabost-eko kantuak bezala, etxean sortu ditu Zabalegik Hemeretzi-koak ere. «Konposizioak egiteko modua ez da aldatu. Normalean, etxean egiten ditut, eta, gero, diskoan parte hartu behar duten lagunekin lantzen dut kantu jakin bakoitza».Egitura aldetik, kantuak «nahiko itxita» eraman ohi ditu Zabalegik lokalera, baina horien gainean lan egiteko «askatasun osoa» eman ohi die taldekideei. «Beraiekin egiten dut lan, konfiantza handia daukadalako egingo duten gauzekin. Normalean, beti kontent geratzen gara denak». Hemeretzi-n, abesteaz gain, gitarra akustikoa eta cigar vox gitarra puru kaxa batekin egindako tresna— jo ditu Zabalegik, eta bateria batzuk ere sartu ditu. Ander Zabalegik (bateria), Borja Tovalek (gitarra elektrikoa), Borja Iglesiasek (gitarra elektrikoa) eta Karlos Osinaga Txap-ek (koruak) lagundu dute alderdi musikalean, eta Txap bera arduratu da diskoa grabatzeaz. «Elkar ondo ezagutzen dugunez, lan egitea nahiko erraza da, eta, nahiz eta batzuetan eztabaidak izan, oso ondo pasatzen dugu elkarrekin grabatzen. Soinuari dagokiona nahiko argi izaten dugu normalean, eta Txapek nire konfiantza guztia dauka beti».

“Kantak egiteko orduan, iluntasuna agertzen da nire musikan; musika entzutean ere, askotan gustukoagoa dut musika triste eta iluna”

Guztien artean ondu dute aurrekoak baino «soinu gogorragoa eta rockeroagoa» duen diskoa: «Bi kontuk eraman gaituzte horretara: batetik, zuzenekoetan kutsu gogorragoa hartu zutela kantuek, eta, bestetik, cigar box gitarraren erabilerak». Izan ere, horrek, Zabalegik erabiltzen duen moduan, «soinu zikinagoa ematen dio proiektuari».

Iruditeria bat lantzea
Basamortu handian zure aztarnak ezabatu ezin, saiak zeruan zuri begira” (“Basamortuan”), “Bufalo burezur bat ikusi dut nire ametsetan” (“Seinalea”), “Zaldi eroak haitzartean barrena, gure desioak beraien gainean” (“Zaldi bi”)… Ez da zaila Hemeretzi-ko kantuen hitzetan desertuari lotutako iruditeria oso bat aurkitzea. «Ez dakit zergatik, baina irudi horiek askotan etortzen zaizkit burura». Musikak ere kutsu hori izatearen ondorioa izan daitekeela uste du Zabalegik: «Agian, musika hitza baino lehen egiten dudalako dauka basamortuko kutsu hori».Diskoa urte bukaeran argitaratu zuen Nirek, baina orain hasiko da zuzenean aurkezten. Normalean, hirukotearekin arituko da, Borja Tovalekin eta Ander Zabalegirekin, baina bakarka ere joko du, eta, «egoeraren arabera», baita bikote formatuan. Eta egin du ohartarazpena: «Zuzenekoak elektrikoak izango dira hemendik aurrera».

DATOZEN KONTZERTUAK

  • Martxoak 7: Irungo Kabigorrin, 19:30ean.
  • Martxoak 21: Gijongo La Plazan.
  • Martxoak 27: Tolosako Bonberenean, Keu Agirretxearekin batera.
ETIKETAK:Ander ZabalegiBidehutsBorja IglesiasBorja TovalIvan ZabalegiKarlos OsinagaLisaböNire