Musika

Nora Arbelbide

2017.05.24

Nora Arbelbide

Rocka, lirikarekin solasean

“Erraietako rocka». Horrela deskribatzen du Paxkal Irigoienen Kontsumo produkto (UsoPop Diskak) disko berrian entzun daitekeen rocka Joanes Garcia Usopop Sarako jaialdiko kideak. Kontua da Usopopek sostengatu duela Irigoien diskoa kaleratzeko. Bigarren artista du horrela laguntzen duena Usopopek. Lehena Aguxtin Alkhat zuen. Ez da disko ekoizle bihurtzekoa jaialdia, baina tokiko artisten artean gisa horrelako «bihotz kolpeak» dituelarik, ahal den neurrian laguntzeko prest da. Bereziki diru aldetik dio bere ekarpena egin. Eta, orain, banaketa eta hedapenaz da arduratzekoa.

Paxkal_Irigoien_

Paxkal Irigoien & Kontsumo Orkestrak larunbatean joko du Saran. (Thierry Loustauneau)

Diskoaren lehen aurkezpena Usopopen du egitekoa, hain zuzen, Irigoienek larunbatean. Jaialdiak berak bere zortzigarren aldi du izanen asteburu honetan. Lehen aldiz bi egunetara luzatuko da. Larunbat gaua, usaia bezala, Lizarrietako lepoan, eta biharamunean Sarako plazan, egunean zehar, urririk. Aldaketatxo bat, zerbait berri, «gure gogoa ez itzaltzeko».

Eta bertan, lehen aldiz, Irigoienen disko berria entzungai, beraz. Erraietako hori. Baina baduena alde liriko bat: «Soken sekzio zoragarriarekin», Garciaren iritziz. Maddi Andueza, Xabi Etxeberri eta Arkaitz Miner biolin jotzaileek dutena segurtatzen, baita Jeremie Garatek biolontxeloan ere. Pianoak ere presentzia nabarmena dauka diskoan, Irigoienek berak jotzen duena. 

Oro har, bada halako solas bat Irigoienen gitarra elektrikoaren, kantu oihukatuen eta giro lirikoaren artean. Batzuetan a capella entzun daiteke Irigoien, besteetan piano soilarekin, eta halako batean soinu potolo eta oihukatua bihurtuta. «Gutxitan entzuten den nahasketa da, eta horrek aire fresko bat ekartzen du», Garciak beti. Horretan datza Irigoienen estiloa: «Liriko eta gordin, goxo eta bortitz, dudaz beterik eta aldi berean segur», laburbiltzen du Garciak. «Paxkal, azken finean».

Alde horretatik, Lau sasoiak lehen diskoari konparatuz geroz, segurtasun gehiago sumatu daiteke bigarren honetan. «Kantuak markatuagoak dira», baieztatzen du Garciak. Konfiantza hartu duela dirudi. Talde lan bat ere sentitzen da. Taldean ere etorriko da Usopopera, funtsean. Zortzi musikari, Kontsumo Orkestra osatuko dutenak.

Jabetza pribatuaren kritika eta multinazionalek gobernatu bizien salaketa egiten du Irigoienek

Lehen diskoan ez bezala, aldi honetan badu elektronika kutsu bat diskoak, Peio Erramuzpek ekartzen diona bere sintetizadorearekin. Irudia (estetika)” kantua hortik doa. Hor ere kontrasteak ez dira eskas. Ironia puntu batekin. Dantzatzeko gogo bat sor dezake kantuak, kantatzeko era arin bat daukalako Irigoienek. Hitzak, berriz, ez doaz bide beretik: «Iraultza guziak hemen ditugu, mundu merkatuan salgai». Diskoaren izenburua ere hortxe entzun daiteke: «Denak gira kontsumo produktu».

Kantuetako hitz guztiak Irigoienek berak ditu idatziak. “Irudia (estetika)” kantuak dakarren mamitik doaz. «Ez da analisi nostalgiko bat, ez eta lekzio edota morala bat. Ene herra hitzez arrazoibidetzeko saiakera bat baizik», dio Hastapena (herra)” kantuan. Kontsumoa produktu bilakatu izana leitmotiv bat du artistak. «Bizi erosoak», «bandera xuriz osatutako gizarte» bateko biziak, eta bizkitartean, merkatuaren presentzia itogarriak nola dena «irensten» duen. Jabetza pribatuaren kritika eta multinazionalek gobernatu bizien salaketa egiten du Irigoienek: «Gure existentzia kapital bat bihurrarazi dugu, salgai».

Kanpo eremuetan grabatu soinuak ere baditu diskoak. Dela geltoki batean, autoen joan etorri baten ondoetan, urratsen erritmoan, edo erregai saltegi batean hartuak. Halako batean, makinak ahoskatu «Servez-vous en diesel» (Gasolioa har ezazu) entzun daitekeela.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatArkaitz MinerJeremie GaratJoanes GarciaMaddi AnduezaPaxkal IrigoienUsoPop DiskakXabi Etxeberri