Musika

badok

2018.07.19

badok

Ruper Ordorikak zuzeneko diskoa grabatuko du abenduan

Aspaldi hartu zuen Ruper Ordorikak urtero, abenduan, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua eskaintzeko ohitura. Aurten ere hala egingo du, baina kontzertu bat izan beharrean bi joko ditu Ordorikak, eta zuzeneko diskoa grabatzeko baliatuko ditu. Abenduaren 15ean eta 16an izango dira kontzertuak, eta sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte: lehen kontzerturako hemen eta bigarrenerakohemen.

Ordorika zuzenean

Ruper Ordorikak grabatzen duen zuzeneko hirugarren diskoa izango da, 2000. urtean Gaur eta 2008an Hamar t’erdietan osatu baitzituen musikari oñatiarrak. Bi disko horiek ere Bilboko Kafe Antzokian grabatu zituen, eta beraz, hauxe izango da areto horretan egindako hirugarren zuzeneko lana.

Zuzeneko disko bakoitza aro bat ixteko baliatu du Ordorikak. Gaur diskoa lehen Mugalaris taldea osatu zuten musikariekin grabatu zuen: Nando de la Casa, Iñigo Goldarazena, Javi Antoñana, Angel CeladaHamar t’terdietan diskoan berriz, Alberto de la Casa, Arkaitz Miner eta Dani Perezek hartu zuten parte, besteak beste, eta geroztik Arkaitz Miner, Fernando Neira eta Hasier Oleagak osatu dute Ordorikaren zuzeneko taldea. Haiekin grabatuko du zuzeneko disko berria.

Bestalde, badirudi Kafe Antzokian grabatuko duena ez dela Ordorikak datozen hilabeteetan argitaratuko duen lan bakarra, duela egun batzuk Facebook-en jarritako mezu baten bidez jakinarazi baitzuen gitarrak eta ahotsak grabatzen ari zela Azkarateko Mamia estudioan, Jonan anaiarekin.

ETIKETAK:MugalarisRuper Ordorika