Musika

Antton Iturbe

2018.09.20

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Okene Abrego

Beste edozeinek bezala, euskal rockak baditu bere mito txikiak eta haien artean BAP!!-ek aparteko lekua merezi du. Punk eta hardcorearen aitzindari, eragile eta eredu gure artean, bere puntu gorenean banandu ziren eta ez dute inolaz ere bueltatzeko asmorik. Hala dio behintzat Okene Abregok, taldearen abeslari ohi eta egun Inoreneroni-ren ahots, inspirazio eta motore nagusiak. Plazagizon, performer eta tronpeta jole bihurtuta, inoiz baino gusturago sentitzen da oholtza gainean eta ezin hobeto pasarazten digu zaleoi kontzertu bakoitzean. Jazz-punk egiten hasi dela dio berak, betiko ausardia, freskotasun eta umore onez. Baina, izenak izen, garrantzitsuena da agian bere bizitzako musikarik ederrena sortzen ari dela gaur egun bere taldekideekin batera. Okene Abrego dugu beraz, Soinu Eleak sailaren atal berri honetako protagonista, euskal punkaren historia baina batik bat euskal musikaren orainik zirraragarrienetako bat ordezkatzen duen musikaria.

Okene Abrego

Okene Abrego abeslaria, performerra, plazagizona…. (Ramon M. Zabalegi)

 1.- “BIG TAKER OVER” (BAD BRAINS, ‘Live at CBGB 1982′, 1982)

OKENE ABREGO: Tira, noski, nola ez dut asmatuko ba? Bad Brains.

BADOK: Elkarrizketa batean, “Bap!! Brains” bezala izendatu zintuztetela ikusi dut. Horren “erraza” izan ez zedin zuzeneko grabaketa bat aukeratu dut, baina hala ere ziur nintzen segituan asmatuko zenuela. Zuretzako erabateko erreferentzia izan baita, ezta?

O.A: Hala da, bai. BAP!!-engan eragin oso handia izan zuen. Punketik hardcorera egin genuen jauziaren eragile nagusi izan zela esango nuke, Minor Threat, Black Flag eta beste hainbatekin batera. Hardcorearen barruan Bad Brains ezberdina eta oso berezia zen, bai teknika bai irudimen aldetik.

B: Sarritan galdera bera erabiltzen dut elkarrizketari hasiera emateko. Zein dira  zure lehen oroitzapen musikalak? Eta hortik abiatuta zerk erakarri zintuen lehenengo aldiz eta zerk pentsarazi zizun musikaria izan nahi zenuela eta entzuten zenuen musika hura zeuk ere egin nahi zenuela?

O.A.: Lehen oroitzapena nire aitak kotxean jartzen zituen kaseteak dira, Maria Dolores Pradera, Los Panchos eta antzekoenak. Ez nituen batere gustuko garai hartan baina gerora haietako batzuk, Astor Piazzola kasu, berreskuratu eta gozatu ahal izan ditut. Baina benetako lehen kolpea Txabi anai zaharrenaren bitartez jaso nuen. Sei anai-arreba gara etxean eta ni oraindik ume nintzela, berak 18 urterekin, gitarra sorbaldan hartuta eta bere txima luzeekin etxetik alde egin zuen musikatik bizitzeko asmoz. Imanolen Klabelin Komik taldean aritu zen eta haien zuzeneko kontzertu bat izan zen nire lehen esperientzia. Berak ekarri zuen rock musika etxera, 1975-1977 inguru horretan, eta gugan ikaragarrizko “inpresioa” eragin zuen. Logelan zuen Rory Gallagherren posterra, Irungo Urantzu frontoian emandako kontzertu baten iragarkia hain zuzen, grabatua dut memorian. Pixkanaka Vibraciones, Makoki, Víbora moduko aldizkarien bitartez mundu hartan sartzen hasi ginen. Bilbon bizi ginen orduan eta La Salle ikastetxera joaten nintzen. Erabateko tortura izan ziren eskolako urte haiek niretzat, gaztelania nekez hitzegiten nuen eta lagunik ez nuen. Rocka ezagutzean nire haserrea ateratzeko bide bat aurkitu nuen eta hala iritsi nintzen Andoainera, 79-80 inguruan hona bizitzera etorri ginenean, munduarekin haserre.

Eta hemen ere, OHOko 8. mailako gelan nire “roilo” harekin konektatzen zuen inor ez nuen aurkitu. Ohiko koadrilarik ez nuen beraz, edo hobe esan, “anti-koadrila” bat eratu nuen, han eta hemengo pertsona ezberdinak ezagutuz eta kontaktatuz. 12 pila behar zituzten loro erraldoi haietako batekin ibiltzen nintzen kalean, bolumena oso altu jarrita eta Karkaba izeneko etxe arteko pasadizo ezkutu  batean pasatzen genituen orduak.

B: Zer entzuten zenuen loro hartan?

O.A.: Eskorbuto, Odio, Basura… uneko punk taldeak gehienbat, eta gerora Basati Diskoak sortuko zuten Jabi, Ritxar eta Txerokeren bitartez, Erresuma Batuko punka ere ezagutzen hasi ginen. The Clash eta Sex Pistols baino gehiago, oi! korronteko UK Subs edo Exploited modukoak genituen gustukoenak. Basatikoek mundu guztiko jendearekin elkarbanatzen zituztenez kaseteak, Europako (Italia, Herbehereak, Finlandia…) beste talde asko ezagutu ahal izan genituen.

B: Zure haserre eta ezinegon horretan punkak “burujabetu” egin zintuela esan daiteke, ezta? 

O.A.: Erabat. Oso apurtzailea izan zen denontzako. Punkari esker ahal genuela ikusi eta egingo genuela erabaki genuen, funtsean. Logelan hasi ginen, zartagin batekin, gitarra espainolekin, eskura geneukan edozein gauzarekin musika egiten. Hortik oso gutxira hardcorea aurkitu genuen eta horrek behin betirako marka utzi zuen gugan. Benetan hardcoreak ireki zigun bidea, gure bidea. Hari ekin genion, gure akats eta mugekin, eta era horretan geure nortasuna eraiki ahal izan genuen.

2.- “PLAYING HARP FOR THE FISHES” (WIRE, ‘Silver/Lead’, 2017)

B.: Disko berria da baina taldea beteranoa. Abesti hau ez bada, zaharragoak agian ezagutuko dituzu. 

O.A.: The Fall izan daiteke? Gang Of Four?

B: Hortxe-hortxe, ez zaude urrun. Esan bezala, disko berria da, azken urteetan berriz elkarrekin ari baitira.

O.A.: Ah! WIRE?

B: Bai!

O.A.: Gutxi ezagutzen dut, hala ere. Orain dela gutxi Donostiako Jazzaldian jo zuela badakit, baina aspaldian Jazzaldira ez joateko erabakia hartu nuenez, ez nuen ikusi.

B: WIRE ekarri dut, talde beterano eta garaikidea izateaz gain, bueltatu izan denean, nire ustez behintzat, duintasun handiz egin duelako. Pertsonalitate handiko taldea da eta aldaketa sakon eta handirik nabaritzen ez den arren, beti da ezberdin, beti fresko eta interesgarri. Eta niretzat Inoreneroni-rekin antzeko zerbait gertatzen da. 

O.A.: Arrazoi duzu. BAP!!-en kasua erabat ezberdina izan zen, bilakaera eta aldaketa handiak izan baikenituen eta jende asko dago garai batzuren zalea dena eta beste batzuk batere gustatzen ez zaizkiona. Baina Inoreneroni-ren kasuan ordea, kohesio handiagoa dago.

B: Zeuk komentatu izan duzu bueltatu diren hainbat talde beterano/historiko ez zaizkizula batere gustatu, eta WIRE-ren kasua horregatik ere ekarri nahi izan dut.

O.A.: Bat edo beste zuzenean ikusteko aukera izan dut eta erabat desgogora ari zirela iruditu zitzaidan. Fishbone, adibidez, nire bizitzako desengainu handienetako bat izan zen. Bere garaian egin zuten gauza berbera errepikatzen saiatu ziren eta ezin noski. Penagarria izan zen benetan. Bad Brains bueltatu izan da pare bat aldiz eta horren gaizki ez zela ibili esan didate baina niretzat berbena moduko talde bat bihurtu da.

B: Aipatutako punk “burujabetze” horri lotuta, 80ko hamarkadako garai “mitiko” hartaz hitzegin nahi nuke pixka bat. BAP!-en aritzeaz gain, Andoaingo gaztetxeko dinamizatzailea izan zinen, eta behin baino gehiagotan garai hura pittin bat desmitifikatzeko joera sumatu dizut. Elkarrizketetan halakoak esan dituzu:  “jende askok garai haiek laostia zirela esaten du etengabe, eta hala da, baina gaurkoa ere laostia dela esango nuke nik. Beti aurrera begira… etsipen puntu bat ikusten dut eta ez zait gustatzen”.  Asko gustatzen zait zure jarrera hori.

O.A.: Garena gara garai hartan gertatu zena gertatu zelako, eta horregatik penagarria iruditzen zait hainbeste talde bueltan etortzea eta zentro komertzial moduko makro-festibal batean azaltzea. Nola ausartzen dira babesleen iragarkiez betetako eszenatoki batean jotzen? Mugimendu horren printzipio guztien aurka doaz. Funtsa do it yourself zen ala ez?

Bestalde, egungo egoerari dagokionez, ez dakit zer esan, ez naiz elkarrizketa horretan bezain baikor. Agian adinaren ondorio da, baina nik egun gauza beltz samar ikusten dut. Gure inguruan dagoen eskaintza hain handia da, hain etengabe aldatzen da formaz eta estrategiaz, horren azkarra da dena, gaindituta sentitzen naizela. Beltz ikusten dut baina aldi berean, punkarekin gertatu zena dena beltz zegoelako gertatu zen ere. Ez dut antzeko dimentsiorik duen ezer gertatzen ari denik ikusten baina egon badaude oraindik niretzako eskola izan diren eta sistemaren aurka eta ezarpenen aurka egiten jarraitzen duten erakundeak (Urretxu eta Zarauzko gaztetxeak edo Azkoitiko Matadeixe, adibidez). Oro har, halako no future giro berbera nabaritzen hasia naiz gaur egun eta nolabaiteko erantzuna eman beharra dago. Nik nire erara eta nire mailan  ematen saiatzen naiz. Ez naiz gaztetxo bat, baina erabat maite eta miresten dudan jende batekin nabil proiektu batean murgilduta eta ez dugu edonon eta edonorentzat jotzen. Gure bideari ekinez gure protesta egiten dugu, eta horrekin harro sentitzen naiz.

3.- “BEDEINKATUA” (GORA JAPON, ‘Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak’, 2010) 

O.A.: Breeders ez dira, ezta?

B: Ez. Askoz gertuagokoak dira. Euskaldunak.

O.A.: Euskaldunak?? Gora Japon al dira?

B: Bai! Bidehutsen katalogoko zerbait jarri nahi nuen eta muturrenekora eta aldrebesenera joaten saiatu naiz, Lisabö edo Anari jarriz gero segituan asmatuko baitzenuke…

O.A.: Ezaguna egin zait berehala baina berez ez dut bere musika ondo ezagutzen. Zuzenekoan errazago entzuten dut baina diskoan zail samarra iruditzen zait.

B: Ulergarria da. Niri gustatzen zait baina kostata ere, oso zorrotzak direla onartu beharra dago. Horren muturrekoa ez bada ere, Inoreneronin geroz eta alderdi esperimentalagoa lantzen ari zaretela esango nuke eta oso ondo datorkizuela.

O.A.: Ez da batere aurrez prestatuta, hala ateratzen da. Doinu batzuk zuzenean esperimentazio une batetik ateratzen dira, baina beste asko prozesu luze baten ondoren ateratzen ditugu. Inprobisazioko zati bat hartu eta gero mila buelta ematen dizkiogu erabat ezberdina den beste zerbait bilakatu arte. Geu ere ez gara gai halako puntu liluragarri batzuetara nola ailegatzen garen ulertzeko. Era horretako ezustekoak geroz eta gogokoagoak ditut. Oilo ipurdia jartzen didate. Urriak dira baina ematen direnean, gauza handia da. Eskarmentu handiko entzuleak gara eta dena ezaguna egiten zaigu dagoeneko, baina batzuetan bada oraindik aurkikuntzarako lekurik.

B: Gauza bera pasatzen da hasiera batean guztiz ezagun eta topiko moduan arbuiatzen ditugun hainbat gauzarekin. Noizean behin, bigarren aukera bat ematean, erabat berri, ezberdin eta zirraragarriak iruditzen zaizkigu.

O.A.: Hala da. Horixe pasa zaigu behin baino gehiago Inoreneroniren zaleekin. Asko BAP!!-en jarraipen moduko baten esperoan joaten ziren gure kontzertuetara eta desengainua jaso zuten. Hasiera batean ez zitzaien batere gustatu. Hala ere, kontuz, alde batetik kritika txarra jasotzea ere ona izaten da. Kritika onegiak ere ez baitira beti fidagarriak izaten. Zale haietako asko gero bueltatu izan dira, prozesu baten ondoren, egiten ari ginena ulertzeko gai izan direnean.

B: Bidehutsera bueltatuz, aurreko galderan aipatutako ekimen ttipi horien adibide ezin hobea litzateke, ezta?. Gauzak zuen erara eta zuen kabuz egiteko esparrua. 

O.A.: Noski, guretzako kriston urratsa izan zen. Fugazi batzuren parean jartzen gintuen eta hori amets bat betetzea zen guretzat. Diskoetxe guztiekin ondo konpondu izan gara baina Bidehuts beste maila batean zegoen, askatasun sentsazio paregabea eman zigun.

B: Bidehutsen jaiotzaren istorioa nahiko ezaguna dugu, baina zer nolako bilakaera izan du urte hauetan? Hasieran nahi zenutenetik gertuago, urrunago ala berdin jarraitzen duzue? Indartsuago, ahulago? Zentzurik badu? Zure ikuspegia jakin nahi nuke.

O.A.: Jarraitzeko asmoa badago eta zentzua baduela uste dugu. Baina gauzak etengabe ari dira aldatzen. Egungo Bidehutsek sortu zen garaikoarekin ez dauka batere zerikusirik. Hazi egin da, talde ezberdinak sartu dira, beste batzuk joan egin dira. Momentu bakoitzean egokien iruditu zaizkigun erabakiak hartu ditugu baina oraingo ikuspegitik begiratuta, 12 talde izan dira guztira, eta zabaltze prozesu horretan diskoetxe “arruntagoa” bihurtu da nahita nahiez. Punk mugimendua bezalaxe, egungoa ez da garai batean izan zena baina bere balioa badu oraindik. Beraz, Bidehutsekoa naiz %100ean.  Oso harro nago eta jarraitzeko asmoa dut.

4.- “NOCHE DE SETAS” (PONY BRAVO, ‘Un gramo de fe’, 2010)

O.A.: Ze ona! Ez dut ezagutzen baina flipatzen ari naiz.

B: Pony Bravo du izena.

O.A.: Ah bai, bale, bale. Jope! Beraiekin jo dugu orain dela gutxi! kar, kar… Taldekideek oso ondo egon zirela komentatu zidaten baina nik ez nituen ikusi.

B: Oso onak dira, eta Inoreneronirekin antzekotasunak badituztela esango nuke.

O.A.: Borja Iglesiasek [taldeko gitarrista] oso gustukoak ditu. Niri ere asko gustatu zait jarri duzun zati hori.

B: Musika ederra egiteaz gain umore handiko taldea da, eta umoreaz hitzegin nahi nuke hemen. Euskal talde eta zaleok jaso dugun “Fugazi eskolako” militantzia eta burugogorkeriak sarritan serioegi izatera bultzatu gaituela garbi dago. Zuek umorea aldarrikatu eta erabiltzen duzue geroz eta gehiago, ezta? 

O.A.: Erabat, umorea asko erabili izan dugu gure ibilbidean, diskoen izenburu ergeletan esate baterako. Bestalde, militantziari dagokionez, ni gaztetxe batean “militatu” nuen 80-90eko urteetan eta han Jarraiko jendea, yonkiak, antimilitaristak, EMKkoak edota HBkoak geneuzkan, eta tira, hor erdian zaudenean umore handiz hartzen ez baduzu zure buruaz beste egitea duzu hobe. Garai haietatik izan dugu tarteka adarra pixka bat jo eta seriotasuna kentzeko joera. BAP!!en izena, adibidez, Brigada Anti-Policial, Anti-Poder, Anti-Pijos moduko izen serio eta militanteak izatetik, une jakin batean, Babarrun eta Aza Popularra izatera pasatzeko hautua egin genuen. Eta hortik abiatuta, umore eta surrealismo dosi geroz eta handiagoak sartzen hasi ginen gure musikan. Geroxeago izenen hizkiekin jokatu eta buelta ematearen kontu honekin hasi ginen. Ergelkeria hutsa dirudi, eta askorentzat hala izango da, baina era berean nire buruaren isla zintzoa da. Gauzei buelta eman eta  aldrebesteko joera daukat. “Gaizki” hitzegin eta idaztea geroz eta gustukoagoa dut. Mezuetan, mailetan, nire kodifikazio pertsonal berezi bat erabiltzea gustatzen zait. Benetan ondo pasatzen dut, bost axola zait jendeak zer esaten duen.

 5.- “666″ (EL DESVÄN DEL MACHO, ‘Hermana violencia’, 1992)

O.A.: El Desvän del Macho da.

A: Bai.

O.A.: Eskerrak. Bat asmatu dut behingoz! El Desvänen diskoak ez ditut gehiegi entzun baina bi taldeen arteko harreman handia eta luzea dago. Gure Borja eta El Desvän-eko bateria jole Jonasen artean batik bat, Purr-en elkarrekin jo baitzuten. Garai haietan, El Desvänen kontzerturen bat ikustera joan nintzen beraiekin eta zoratu egiten ziren biak, oso zaleak baitziren. Hainbesterako ez bada ere, gustukoak ditut nik ere, letra oso onak dituzte eta ikaragarriak dira zuzenekoetan.

B: WIRE bezala, El Desvän del Macho desagertu eta berragertu izan da, baina beti bere bideari ekinez, eta beti kalitate maila altua mantenduz eta diskurtso bera etengabe “berritzeko” gaitasuna azalduz. Zuek ere Inorenen bitartez hala egiten duzuela uste dut. Baina, BAP!!-en kasuan une gorenean desegin zenuten eta inolaz ere ez zaretela berriz elkartuko esan duzu behin eta berriro.

O.A.: Beno, batzuetan kosta egiten zait agindu hori mantentzea baina tira, kar, kar. Egia esan, behin bueltatu izan gara kontzertu bakar bat emateko, baina arrazoi berezia geneukan horretarako. Taldekide ohi bat hil baitzen, Xabier Ansa, letragilea, hain zuzen ere. Gure azken kantuetako baten letra idatzi zuen, eta gaurko ikuspegitik azken kantu horretan gero Inoreneroni izango zenaren lehen aztarnak sumatzen ditut. Taldea desegin eta sei hilabetera eman genuen kontzertu hura. Une hartan ikaragarrizko pena eman zidan taldea desegiteak baina primeran egin genuela uste dut. Utzi genuen aztarna hor dago eta gauza handia dela deritzot, bai niretzako baita beste hainbat jenderentzat ere. Hamaika aldiz eskatu didate bueltatzeko eta ez da erraza ezetz esatea. Horrelako batzuetan nire jenio txar hori atera behar izaten dut, kar, kar.

B: Ikuspegi horretatik Inoreneroni aurrekoarekin haustura bihurtzen da, Jarraitzaile askok ez baitzuten onartu. Hor, funtsean, entzuleriaren itxaropenak bete ala ez betetzearen arteko dilema dago. Zuek, zalantza horretan, axolarik gabe senari jarraitu diozuela esango nuke. Baina dilema horretan, zein esango zenuke dela zuek egiten duzuen hautua?

O.A.: Nahiko lotsagabeak izan gara beti eta gehienetan onerako izan dela uste dut. Kontuan izan behar da BAP!!-ekin ez ginela inoiz bizpahiru hilabete baino epe luzeagoz egon zuzenean jo gabe eta taldea banatu zenetik Inorenen lehen kontzertura artean zortzi urteko prozesu luzea izan zela. 2003. urtearen hasieran bildu ginen lokalean eta 2004ko bukaeran argitaratu genuen gure lehenengo diskoa. Zerbait ezberdina izan behar zuela garbi geneukan. Alde batetik, Mikel [Abrego, bateria] eta Drake [Xabier Olazabal, baxua] banaezinak ziren baina Borja beste mundu batetik zetorren, eta konbinaketa horretan harro sentiarazten gintuen zerbait interesgarria ateratzen ari zela nabaritzen genuen. Une horretan komentario ezkor ugari jaso genituen baina guk aurrera egin genuen, sortzen ari ginen hartan erabat sinesten baikenuen.

B: Egun hala jarraitzen duzue, ezta?

O.A.: Bai, eta era berean mantso-mantso baina etengabe formaz aldatzen doa geure musika.

B: Niri zuen diskoak geroz eta gehiago gustatzen zaizkit. iennei nire disko gogokoena bilakatu da.

O.A.: Eskertzen dizut, zeren eta benetan bizi egiten dut hau guztia. Geroz eta gusturago eta harroago sentitzen naiz egiten dudanarekin. Are harroago beren esparrutik inoiz ateratzen ez direnak ikusten ditudanean, eta ez daukat ezer haien aurka. Abentura batean gabiltzala pentsatzea gustatzen zait, gaur mendi punta batean, bihar beste batean eta etzi zelaian. Bizitza eta artea lotuta ikusten ditut gainera. Sortzeko, esperimentatzeko eta bizitzeko beharrak gauza bera dira.

6.- “PAPERHOUSE” (CAN, ‘Tago Mago’, 1971)

O.A.: The Ex?

B: Ez. 70eko hamarkadakoa da. Alemana.

O.A.: Can?

B: Bai.

O.A.: Ba, hasiera batean ez nuke esango. Orain arte entzun dudana erabat ezberdina izan baita. Askoz abstraktuagoa.

B: Inoreneroniren musika krautrock-arekin lotu izan dute hainbat iruzkinetan. Sailkatzeko zaila den edozein talderen aurrean “krautrock” eta “Can” hitzak erabiltzeko joera handia dago. Baina berez ezinezkoa da Can-en moduko musika egitea, ez baitauka estilo edo forma finkorik. Nire ustez, jarrera da benetako kontua, eta horren ondorioz rock musika jolasteko esparru moduan ikustea. Zuek jolas egiteko erreminta bezala erabiltzen duzue?

O.A.: Bai. Horretan datza gure musika erabat. Abestiak era horretan, jolas baten moduan sortzen ditugu.

B: Prozesu hori nola gauzatzen den zehaztu al dezakezu pixka bat gehiago?

O.A.: Inprobisatzen hasten gera eta gauza ezberdinak probatzen, “borborka” hasten den zerbait aurkitu arte. Une horretan pasartea grabatu egiten dugu, berriz entzun eta hortik abiatuta gauza gehiago gehitzen joateko. Era horretan abesti gehienak inprobisazio ezberdinen zatiak lotuz sortzen ditugu. Lotze edo itsaste prozesu horretan berriz aldaketak ematen dira eta abestiak espiral baten moduan forma ezberdin pilo bat hartzen ditu behin betikoa finkatu arte. Inprobisatzen eta jolas etengabean gertatzen dira beti une interesgarrienak eta zirraragarrienak. Era horretako tona bat grabaketa dauzkagu eginak.

B: Non geratzen dira grabaketa horiekk?

O.A.: Gehienak ezabatu egiten ditugu edo disko gogorretan galtzen dira. Inprobisatze ariketa horien ondorioz, une honetako eta hemengo pertsona bilakatzen ari naiz geroz eta gehiago. Zuzenean ere inprobisatzeari leku gehiago ematen diogu azkenaldian, eta horri esker, zer nahi duzu esatea, sekulako boloak ematen ari gara eta erabat gozatzen ari naiz. Inprobisatzearen inguruan zera gehitu nahi nuke: diskoan sartu ditugun pasarte motz horiek ez dira betegarri moduan sartu, ezta gutxiago ere. Arrazoi bat dute eta erakutsi nahi dugu, Inoreneroni hori da ere.

B: Lehen Drake eta Mikel aipatu dituzu oinarri banaezin bezala. Egun biak taldetik kanpo daude, eta Mariano Hurtado (baxua) eta Guantxe (bateria) sartu dira haien ordez, BAP!!-ekiko distantzia handituz. Zer eragin izan dute taldearen bilakaeran?  

O.A.: Drakeren arazo fisikoek bultzatu zuten BAP!!-en banaketa eta bera ez ordezkatzeko erabakia hartu genuen orduan. Gero Inoreneronirekin antzeko egoera batera iritsi ginen, baina gainontzekoak jarraitzeko gogo handiz geunden eta “irekiago” sentitzen ginen. Marianok Drake ordezkatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Bera pop musikatik zetorren eta hasieran ez zuen gure harrikada ondo ulertzen. Marianori urte bat kostatu zitzaion egiten ari ginena barneratzen. Ondoren, Inoreneroniren sena erabat bereganatu zuen eta gaur egun gure puzzlearen pieza ezinbestekoa da. Gauza bera pasatu zen nire anaiak utzi zuenean. Nahiz eta hasiera batean bere ordezkapena ezinezkotzat eman genuen, aurrera egitea erabaki genuen. Mikelek taldea utzi eta aste batera, Guantxek ordezkatu zuen. Guantxeren ekarpena ere oso handia izan da. Urte bat kostatu zitzaion jotzerakoan pentsatu behar ez izatea. Aurretik punk musika ildotik hamaika zituen eginak eta beti oso intuizio handiko bateria jolea izan da. Intuizio hori erabiltzen du, etengabe, gure bidea bilakatzen eta finkatzen. Mariano eta Guantxeren ekarpena berebizikoa izan da gure hizkuntza sortu eta moldatu ahal izateko. Inorenen nortasunaren parte bilakatu dira biak.

7.- “SMOKE OF DREAMS” (THURSTON MOORE, ‘Rock’n’roll Consciousness’, 2107)

O.A.: Amerikarra?

B: Bai. Orain arte talde mitiko batean aritu izan da eta hemen bakarlari moduan azaltzen da. Urte piloa daramatza eta hau bere azken diskoa da.

O.A.: Mark Lanegan?

B: Ez. Thurston Moore da, Sonic Youth-ekoa.

O.A.: Borja hemen izan balitz lehenengo akordearekin asmatuko zuen, kar kar.

B: Borja aipatzeagatik hain zuzen ere ekarri dut abestia eta pozten naiz horren ondo asmatzeaz. Borjak Thurston-en ukitu handia duela iruditu zait beti. 

O.A.: Guk txantxa ugari egin dizkiogu horren kontura eta “Thurston” deitu izan diogu behin baino gehiago.

B: Oso gitarrista ona eta pertsonala iruditzen zait. Jotzeko duen modu berezi hori Inorenen esentzia da zentzu handi batean.

O.A.: Lehen esan dudan bezalal Inorenen oinarriak lehen diskoko 12 abesti horietan ezartzen dira, eta beste gauza askoren artean, zer da benetan berezia hor? Borjaren gitarra, zalantzarik gabe. Borja beste unibertso batetik zetorren eta horrek eman zigun nortasuna.

B: Nolabait esateko, BAP!!en funtsezko erritmikari, Borjaren gitarra magikoa gehitzean sortzen da Inorenen soinua.

O.A.: Bai. Jomesekiko erabat ezberdina da Borja. Ez da teknikoki oso iaioa ezta “zuzena” ere, baina izugarrizko nortasuna eta magia gehitzen dio egiten duen guztiari.

B: Anarirekin egiten dituen “sasipunteo” motz, sotil horiek zoragarriak dira.

O.A.: Bere bizitzako lehenengo “punteoa” gure azken diskoan egin du, kar kar. Bost diskoetan lehena!! Punteo “made in Borja”, noski. Baina ez da hori bakarrik, isiltasunak nola gordetzen dituen, “erdi-akats” diruditen uneak zein ederki tartekatzen dituen eta zein hunkigarri. Etengabe bilatzen ari da eta ezustekoaren magia maite du, berezkoa du. Lehen aipatu dugun jolas horren adierazle nagusia da taldearen barnean. Askoren pazientzia agortuko luke bere izaera horrek, baina guretzat altxor bat da.

8.- “SINGAPORE” (TOM WAITS, ‘Raing dogs’, 1985) 

O.A.: (berehala) Kendu, kendu, ez dut gehiago behar. Tom Waits da. Edo hobe, kantu osoa utzi, hain da zoragarria!

B: Mariano, Guantxe eta Borjaren magiaz aritu gara, eta bukaerako utzi zaitut. Baina zeu ere ez zara makala taldeari nortasuna eta “esentzia” ekartzeko garaian. Elkarrizketa batean “plazagizona” zarela esan zenuen. Performerra edo pailazoa esan daiteke ere. Taldearen emanaldiak ederki aberasten dituzu.

O.A.: Interpretazioa gustatzen zait, bai. Hainbat letra barru- barruan sentitzen ditut eta zuzenekoan bizi egiten ditut. Tom Waitsi dagokionez, betidanik mirestu dut. BAP!!en garaian bere bost letra ezberdinen zatiak nahasten zituen abesti bat egin genuen ["Going down"].  Bera ere plazagizon eta performer hutsa da eta puntu hori maite dut. Ez dut zuzenean inoiz ikusi, hala ere. Kursaalen eman zuen kontzertura ez nintzen joan. Penaz geratu nintzen baina sarreren prezioa gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Kontuak kontu, alde guztietatik ikusita erreferentziazko artista da niretzako. Bereziki lagungarria izan zait bere eredua Inoreneroniren etapa honetan.

B: Kontzertu eta emanaldi bakoitza performance bihurtzeko joera hori, geroz eta handiagoa dela dirudi. Ikusten zaitugun aldi bakoitza berezia dela sentiarazten diguzu zaleoi. Asko eskertzen da hori. 

O.A.: Askotan jantzi ere egiten naiz. Tom Waits impersonator geroz eta handiagoa bihurtzen ari naiz, egia esan, kar kar.

A: Pertsonaia eta pertsonaren arteko muga ez da garbia askotan..

O.A.: Nahastu egiten dira, hala da. Urteak aurrera joan ahala sufritu baino gehiago gozatu egiten dut eszenatokian. Inoiz baino gehiago gainera. Egiten dugun kontzertu bakoitza ospakizun baten moduan bizi dut eta biziarazten saiatzen naiz.

9.- “AUDREY’S DANCE” (ANGELO BADALAMENTI, ‘Soundtrack from Twin Peaks’, 1990)

O.A.: Henry Mancini?

B: Abizen italiarra du egileak.

O.A.: Morricone? Ez da ba Twin Peaks izango?

A: Hori da! Egilea Angelo Badalamenti da. ‘Twin Peaks’ gustukoa duzu?

O.A.: Bai, bai, asko gainera. Denboraldi berria kristona iruditu zait. Jeniala erabat!

B: Nire irudimenaren ondorio izango da agian,  baina Bidehuts-en 10. urtemugako festan sortu zenuten giroa, teloi gorri handi harekin, erabat “lynchiano” iruditu zitzaidan. 

O.A.: Nahigabe izan zen erabat, baina orain esan duzula, arrazoi handia duzu.

B: Musikatik kanpoko eraginez hitzegin nahi nuke.  Surrealismo eta dadaismoa aipatu izan dituzu elkarrizketetan. Arte munduak badu bere lekua Inoreneroniren unibertsoan.

O.A.: Bai, noski. Arte munduarekin harreman izan dut beti, fanzine, kartel, graffiti, diseinu grafikoa eta abar direla medio. Bere garaian ez nituen jarduera guzti haiek musikarekin edo artearekin lotzen baina orain bai. Azken battan, artea bizitza da, dena da bat.

A: Horri lotuta, Inorenen diskoen azaletan nolabaiteko mezu kodifikatuak daudela pentsatu izan dut beti. Irudi politak baino gehiago direla, azken batean.

O.A.: Noski baietz.

B: Ieneei diskoarena, adibidez, nondik dator?

O.A.: Ingalaterran, jendea kartzelan sartzeko unean ateratako argazkiak dira, 1910. urte ingurukoak. Sarritan galdetzen diot nire buruari iennei ez ote den gure azken diskoa izango. Disko luze batekin hasi ginen, gero hiru labur eta orain beste disko luze bat egin dugu, palindromo baten moduan. Diskoaren izenburua ere palindromoa da, eta era horretan dena biribiltzera eta bukatzera bideratuta dagoela dirudi. Bestalde, argazkietako pertsonak eskuetako tatuajeak erakusten ari dira. Une horretan munduan duten guztia da hori. Aldi berean, hildakoak dirudite. Gaur egun sare sozialen inguruan bizi dugun obsesioarekin lotzen dut. Jende guztia bere irudia erakutsi eta partekatzen ari da etengabe, baina benetako bizirik ez da hor. Bidehuts sortzearen prozesuan, diskoen azalen diseinua nire ardurapean hartzea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Azkenean, gure musika, gure artea eta gure izaera bat dira.

10.- “THEME 001″ (JAIMIE BRANCH, ‘ Fly or Die’., 2017) 

O.A.: Ederra! A ze tronpeta ona! Jo eta ke ari naiz tronpetarekin azken aldian. Maite dut bere soinua.

B: Amerikar neska gazte bat da, Jaimie Branch du izena. 

O.A.: Mesedez pasaidazu esteka gero. Itzela iruditu zait.

B: Branchek jazza hardcore, rock eta elektronikarekin nahasten du. Jazz-punk egiten duzuela esan duzu noizbait eta asko gustatu zait ideia hori. Inorenen etorkizuna alde horretatik joan daiteke?

O.A.: Bai, eta ez da oraingo gauza. Sanplerrak aspaldian ez ditugu erabili baina gure sustraietan daude. Gehienetan haize instrumentuen pasarte eroak sartzeko erabiltzen genituen baina zuzenekoan lan handia ematen ziguten eta alde batera utzi genituen. Orain tronpetarekin nolabait hutsune hori betetzen saiatzen naiz. Beti gustatu zait tronpeta eta aspalditik nuen jotzen hasteko gogoa. Jolas baten moduan hasi naiz, nire kasa eta inolako ikasketa akademikorik egiteko asmorik gabe. Gauza ezberdinak probatzen nabil, ezustekoak aurkitzen eta haien bidez nire soinu pertsonala eraikitzen.

ETIKETAK:AnariBap!!BidehutsEneko AbregoGora JaponImanolInoren Ero NiKlabelin KomikLisaböOkene Abrego