Musika

Ainhoa Sarasola

2017.02.17

Ainhoa Sarasola

Soinuen oihanean barna

Zuhaitzak dira Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltran, Mixel Etxekoparren hitzetan, herri musikaren erreferente nagusietako bi diren neurrian. «Erroak barna dituzte, eta adarrak zerurantz». Onartu dizkio hitzok Bedaxagarrek, baina bere kezka agertu du jarraian: «Gu haritzak bai… baina haritza erortzen ahal da, eta oihana dena haritz zaharrez eginik baldin bada, arriskutsua da; haritz gazteak badirelarik segurtatzen da geroa». Horregatik, kantari zuberotarrari «bihotz altxagarri» egiten zaio oholtza musikari gazteekin partekatzea. Eta hala egingo dute hiruek etzi, Donostian: Zuhainpeko soinuak ikuskizuna estreinatuko dute Kursaaleko Ganbara aretoan.

'ZUHAINPEKO_SOINUAK'

‘Zuhainpeko soinuak’ ikuskizunean parte hartu duten musikariak. (Oscar Oliva)

Zuberoako herri musikak eta transmisioa. Bi oinarri horien gainean eta beste musikari batzuekin elkarlanean sortu dute ikuskizuna, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Duela urtebete inguru hasi ziren elkartzen, eta pixkanaka joan ziren osatuz ikuskizuna, «kontzeptu bat bilatu eta denon artean zer kontatu» nahi zuten argitzen, Gabilondok azaldu duenez. Irudiak, eszenografia, poemak eta beste hainbat osagai nahasi ditu antzerki zuzendariak, baina bere ustez, kontzertu bat izango da batik bat, eszenografia landuago batekin. 

Hemeretzi kantuz osatu dute emanaldia. Herri kantuak dira gehienak, baina badira Bedaxagarrek nahiz Etxekoparrek urteotan sortutakoak ere, baita entseguetan jaiotako «lore berriren bat» ere tartean. «Kontzertuak kolore ezberdinak dituela esango nuke, kantu batzuk intimoagoak direlako, txikiagoak, ahots bakarrekoak edo bikoak, eta beste batzuk, berriz, askoz ere jantziagoak daude, denek kantatzen dutelako», Gabilondoren hitzetan.

Ahotsak izango dira kontzertuaren ardatza, baina hainbat musika tresna ere entzungo dira: hainbat txirula mota, ttun-ttuna, alboka, arrabita, biolina, kontrabaxua… Horiek jotzen edo kantuan, aipatu hiruez gain, beste sei musikari igoko dira oholtza gainera. Kantuan ez ezik, ttun ttuna eta txirula jotzen ariko dira Bedaxagar eta Etxekopar —eta kontrabaxua ere bai Etxekopar—. Beltranek, berriz, txalaparta, alboka, oboea eta perkusioa joko ditu. Txalapartarekin eta perkusioarekin ariko dira Ander Barrenetxea nahiz Aitor Beltran ere, eta Sacha Standen, berriz, biolinarekin. Beren ahotsak jarriko dituzte Mathieu Mendizabalek eta Maider Ansak, eta Pierre Visslerrek, berriz, grabatutako kantu eta soinuak eramango ditu.

«Musikari hauekin lan egitea hain izan da polita niretzat… gaztetatik miretsi izan ditut, gainera, Bedaxagar eta Etxekopar», adierazi du Gabilondok. Hainbatetan elkartu bai, baina ez zutela sekula elkarrekin halako lanik sortu esan du Bedaxagarrek, eta «oso esperientzia ederra» izan dela. «Hastapenetan, ez nuen ikusten sobera norat ari ginen, baina Mireiak jakin izan du, piperrekin eta tomateekin, piperrada on baten egiten. Uste dut gauza eder bat eginen dugula; bihotzez egiten dugu lan hori». Antzeko sentipenak izan zituen Beltranek hasieran; gogoa bai, baina zein bide har zezaketen ez zuen argi ikusten. «Nolako piperra eta tomatea beharko ditugu zuberotar manera hori gurearekin eltze berean prestatzeko?». Baina lehen entseguetatik bertatik hasi ziren bidea argiago ikusten; zuberotarrek jarri zuten abiapuntua, haren esanetan. «Gauzak borobiltzen joan dira pixkanaka, osatzen». Eta ziur da ederra izango dela. «Ni liluratu egiten naiz hor nagoela; jendea nire erdia hunkitzen bada, ja asko da».

Ahotsak izango dira kontzertuaren ardatza, baina hainbat musika tresna ere entzungo dira: hainbat txirula mota, ttun-ttuna, alboka, arrabita, biolina, kontrabaxua… 

Musika eta paisaia nola lotu jardun zuen buruan bueltaka Etxekoparrek, eta topatu zion irtenbidea auziari: «Nik Zuberoako Orkestra Sinfonikoa ekarriko dut: 200 ardiren soinua», azaldu du, irriz. Txorien doinuak ere entzungo dituzte ikusleek. Naiel Ibarrolak sortutako irudiek islatzen dute ideia hori. Paisaiak, ardi burua duten gizakiak… askotariko ilustrazioak ondu ditu emanaldian proiektatzeko. «Kultura hau guztia eta bere mezuak bide berrien bidez ikusaraztea izan da gure lana, jende gehiagorengana iristeko». Irudiokin, Fernando Bernuesen eszenografiarekin eta David Alkortaren argiztapenarekin, «unibertso hori» sortzen ahalegindu dira. Azken batean, natura ikuskizunera ekarri nahi izan dutela azaldu du Gabilondok. «Unibertso oniriko bat sortu dugu. Natura oso presente dago, txoriak, ardiak, zuhaitzak, haizea…».

Gerrako presoen kantuak 
Gerra kantaren bat ere entzungo da emanaldian, eta are, baita Gerra Handian preso izandako euskaldunen ahotsak ere. Alemaniarrek kantuan grabatu zituzten gerrako hainbat preso, baita euskaldunak ere, eta grabazioak orain ari dira argitara ateratzen. “Maitia nun zira” kantuan, Bedaxagarren ahotsa ez ezik, J. Jauregiber larraintarrarena entzungo da zatitxo batean. «Bihotzez kantatzen du “Maitia nun zira”, nolaz ez; Alemanian preso zuten bera, eta andrea etxean bi haurrekin».

Nola kantatzen zuten jakiteko lekukotasun bat ez ezik, «hunkigarria» izan da Bedaxagarrentzat grabazioen berri izatea ere. «Kantarien ondokoak harrapatu ditugu, eta oso hunkigarria izan da guretzat». Horiek aztertzeko beharra aldarrikatu du. Transmisioaren haria eten ez dadin.

ETIKETAK:Jean Mixel BedaxagarJuan Mari BeltranMireia GabilondoMixel Etxekopar