Musika

Iñigo Astiz

2022.04.01

Iñigo Astiz

Stonerra, Grezia klasikoan

Erabateko akaberatik hasten da Rodeo taldearen hirugarren estudioko lan luzea. «Munduaren amaiera/ gure aurrean hasi da./ Ezagutzen genuena/ betirako amaitu da./ Mozorroak ari dira erortzen». Apokalipsiari buruzko aipamen hori da diskoa zabaltzen duen “Therion” kantuan abesten duten lehen gauza, eta nortasun ikur duten stoner sendoko beste bederatzi abesti datoz jarraian. «Garai historiko honetan nahikoa zabalduta dago sentipen hori, sistema aspalditik dagoela krisian, baina gero eta gehiago ari da hori azaleratzen». Mikel Illarramendi taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak eman du azalpena, eta, gehitu duenez, greziar mitologia oinarri hartuz, egungo mundua aztertzen duen bi diskoko lan zabalago baten parte baino ez da orain argitaratu berri duten diskoa. Moira du izena lehen atalak (Bonberenea Ekintzak), eta udazkenean egongo da kalean haren jarraipena izango den bigarren lan luzea.

Rodeo 2022

Rodeo taldea 2014an sortu zuten Zestoan (Gipuzkoa)l

Lehenago baliatu izan dituzte mitologiako figurak abestiak sortzeko, baina muturrera eraman dute joera hori oraingoan. Diskoari izenburua ematen dion abestitik hasita, greziar mitologiako mito bana hautatu dute kantu bakoitzari izenburua jarri eta abestian lantzen den ideia borobiltzeko. Denboraren antolaketari buruz mintzo da, beraz, “Chronos” abestia, hezkuntza eta hedabideei buruzkoa da “Hermes” izenekoa, eta patua du ardatz “Moira” deitutakoak. Eta berdin jokatuko dute argitaratuko duten hurrengo diskoan ere. «Gustatzen zaigu kontzeptu horiek erabiltzea, gaur egungo egoerarekin uztartu eta gaur egungo zerbait salatzeko», azaldu du Illarramendik.

Ekiterainoko bidea

Erabat estua izan gabe ere, ibilbide bat planteatzen du proiektu osoak, musikariak dioenez. Kaleratu berri duten diskoarekin hasi, eta azaroan plazaratuko duten bigarrenarekin amaitu, eta bien arteko zubi lanak egingo lituzkete iaz argitaratutako Prometheo I eta Prometheo II singleek.

Illarramendi: «Subjektu baten istorioa kontatzen dute bi diskoek, eta subjektu horren eboluzioa ikus daiteke disko batetik bestera». Etsita egotetik kontzientzia hartzera, eta hortik, azkenik, ekitera. Estuegi hartu gabe, baina hori da haria.

Argia da taldearen nortasun musikala lehen unetik. Stonerra da nagusi hasi eta buka, baina badira bestelako genero batzuetako ukituak ere. «Stonerra oso espektro zabala da», esan du abeslariak. «Black Sabbathetik hasita, joan zaitezke Karma to Burn modukoetaraino, ia punka egiten dutenak. Badaude stoner-punk taldeak, stoner-metala, psikodeliarekin uztartzen dutenak… Guk denetatik entzuten dugu, eta gero eta gehiago jo dugu stonerretik kanpokoak ere entzutera: post-rocka, post-punk ingelesa eta beste». Eta, Illarramendik dioenez, taldean beti saiatzen dira euren nortasunari eustearen eta ateak zabalduz joatearen arteko oreka bilatzen.

“Guri gustatzen zaigu disko osoa entzutea, norabide bat izan dezala, kanta bat bestearekin lotuta joatea, eta lana kontzeptuala izatea”

2014an sortu zuten Rodeo Ortzi Alberdik, Beñat Subinasek, Oroitz Urbietak eta Illarramendik, eta 2017an eman zuten argitara beren lehen disko luzea, taldearen izen berarekin. 2018. urtean kaleratu zuten bigarren estudioko lana, Dilmun, eta, gero, abiada betean zirela heldu zitzaien geldialdia.

Guztira, 50 kontzertutik gora eskaini zituzten bigarren diskoa aurkezteko, eta 2020an ere hala jarraitzea zen asmoa. Besteak beste, horregatik eman zuten argitara Ezherrian disko laburra, lan luzeago bat sortzeko tartea topatu artean behintzat, zuzenekoak ematen jarraitu ahal izateko, baina koronabirusa heldu, osasun krisia piztu, kultur agenda guztiak erortzen hasi, eta plan guztiak bertan behera geratu zitzaizkien kolpean. Etxean itxita hasieran, eta herritik atera ezinik ondoren, buru-belarri ekin zioten sorkuntzari, eta lokaleko lan horren guztiaren emaitza dira bai Moira, bai eta udazkenean argitaratzeko asmoa duten bigarren diskoa ere. Dena proiektu bakarraren parte delako taldekoentzat.

Argitalpena bi kolpetan banatzea erabaki dute, baina ez eztabaidarik gabe, Illarramendik onartu duenez. Pixka bat gehiago itxaron eta disko bikoitza kaleratzearen alde ziren taldeko kide batzuk, eta bi kolpetan argitaratu nahi zuten beste batzuek. Eta erdibideko soluzio moduko bat izan da, azkenean, disko bat orain atera eta bestea udazken aldera kaleratzea.

Diskoen alde

«Gaur egun disko bakarra ateratzeko ere zalantza egiten dute musikariek; bada, imajinatu disko bikoitza ateratzeak zer suposatu dezakeen». Edonola ere, taldeak musika ulertzeko duen moduaren erakusgarri da diskoa kaleratzeko moduari buruzko debatea. Illarramendi: «Gaur egun ez dakit zer punturaino baloratzen den hori, baina guri gustatzen zaigu disko osoa entzutea, norabide bat izan dezala, kanta bat bestearekin lotuta joatea, eta lana kontzeptuala izatea».

Taldearen aurreko lanetan bezala, oraingoan ere badira zuzen doazen kantak, baina, era berean, badaude pasarte instrumental eta orkestratuagoak dituzten abestiak ere. Eta Rodeokoek maite dute abestitik abestirako trantsizioak ere zaintzea.

Bonberenean egin dituzte lehen diskoaren grabazioak, eta Karlos Osinaga izan dute teknikari eta ekoizle lanetan. “Tartaro” abestian, gainera, ahotsak ere sartu ditu. Proiektuko bigarren diskoa grabatzeko, ordea, aurretik grabatutako lan gehienak grabatu dituzten estudiora itzultzea erabaki dute: Zestoako Gaztain estudioan (Gipuzkoa) egon dira, eta Eñaut Gaztañaga izan dute han teknikari eta ekoizle.

ETIKETAK:Bonberenea EkintzakRodeo