Musika

badok

2020.02.25

badok

The Cavern areto mitikoan joko du Eskean Kristök urrian

Eskean Kristö taldeak Liverpool hiriko The Cavern areto mitikoan joko du urriaren 11n. “Hauxe duzue ametsak egia bihurtzen direnaren froga… Udazkenean, gure bizio sendaezin honen iturburura goaz, errora. Hementxe hasi zen guztia”, azaldu du Arratiako boskoteak sare sozialetan. Izan ere, klub horretan eskaini zuen The Beatles taldeak beren lehen kontzertua, 1961ko otsailaren 9an. Emanaldi hartako ikusleen artean Brian Epstein zegoen, zeina berehala bihurtu zen taldearen managerra eta lehen kontratu diskografikoa lortu zion laukoteari —Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Pete Best ziren orduko taldekideak; Ringo Starrek 1962an ordezkatu zuen Best—. Ondorengo guztia herri musikaren historia da.

Eskean Kristo The Cavern

Eskean Kristören kontzertua iragartzeko afixa.

Eskean Kristök oso kontzertu gutxi eskainiko ditu 2020an, baina “oso seinalatuak eta bereziak” izango dira denak. Oraingoz data hauek iragarri ditu: apirilaren 25ean, Güeñes (Bizkaia) herriko Zaramillo auzoko Saratxo Rock jaialdian joko du; maiatzaren 16an, Bartzelonan, Razzmatazz aretoan; eta urriaren 11n, Liverpoolgo The Cavern aretoan.

Bitartean kantu berriak grabatu eta tantaka-tantaka sareratzeko asmoa du talde bizkaitarrak.

ETIKETAK:Eskean KristöLiverpoolThe Beatles