Musika

Ukitzeko moduko kantuak

«Gustatzen zaigu pentsatzea ukitzeko moduko musika egiten dugula». Uste horretan oinak finkatuta jarri dio Beira taldeak izena eta izana lan berriari: Braillean. Hamaika kanturekin osatu dute diskoa, taldearen hirugarrena dena. Ez da disko bat gehiago, baina. Taldearen «egonkortasuna» dakarren diskoa da Braillean, Garikoitz Amundarain taldeko kidearen hitzetan: «Taldea finkatzen duen diskoa da, betirako geldituko garela dioen diskoa».

Beira

Egun Beira taldea osatzen duten kideak, lan berria eskutan dutela, Donostian. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Beira ezin da ulertu «bertsoetatik aparte», Jon Martin bertsolariak eta taldeko kideak aipatu duenez. Berak eta Igor Arruabarrenak abiatu zuten Beiraren ibilbidea 2006an; Martinek idatzian, eta Arruabarrenak musikan. Zazpi urte geroago kaleratu zuten Dena ez denean ezer (Lanku, 2013) lehen diskoa. Urtzi Olaziregi, Garikoitz Amundarain eta Mikel Arruabarrena batu ziren taldera Margotu berria-n (Baga-Biga, 2016). Eta lan berrian, boskote hura seikoa bihurtu da Irati Odriozolarekin. Ahotsak eta koruak jarri ditu Arruabarrenak, eta taldeari «gaztetasuna eta freskura» ekarri izana eskertu diote. Baina seikoa zazpira ere zabal daitekeela erantsi du Amundarainek, diskoaren diseinua egin duen Goren Alkaiza aipatuta. Hala, proiektu baten atzean biltzen den taldearen neurria emanez, kantuetako kolaborazioekin diskoa «borobiltzen» lagundu dietenak ere zerrendatu dituzte: Xendarineko Ahizpak, Lain taldeko Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe, Iñigo Asensio, Iñaki Otxandorena Moro eta Ane Guria.

11 kantu, hamaika estilo
Dena ez denean ezer lehen diskotik Margotu berria bigarrenera «estilo tradizionaletik pop-rockera» igaro zirela diote taldekideek, eta uste dute hirugarrenean pop-rockean sakondu dutela. Halere, Martinek azaldu du estilo asko nahastu dituztela: sehaska kanta bat, rap kanta bat, kantu «tronpetero» bat, heavy metaletik gertu dagoen balada bat… Eta erritmo eta melodietan nola, hitzetan ere gai ugariri egin diote leku. Horien artean dira, besteak beste, haur eta gurasoen arteko harremanak, maskulinitate eredu berriak, 1980ko hamarkadan jaiotakoen oroitzapenak, taxilari baten istorioa, guraso izan nahi eta ezin duten bikoteen egoera…

Kantuen gaineko zehaztasun gehiago ere eman ditu Martinek: diskoa irekitzen duen ZEN” abestia «Euskal Herriko gatazkaz» ari dela, esaterako. «Urte luzeetako oinazearen errepasoa egiten du, errimekin jolastuz». Bigarren abestiak jarri dio izenburua diskoari, eta pausa luzeago bat egin du hura azaltzeko: «Maitasun gau batean, modu klandestinoan, maitale batek bestea bisitatzen duela kontatzen du, eta nola irakurtzen dituen poemak braillean beste pertsonaren gorputzean». Orain arte bezala, Martinek idatzi ditu kantuetako poemak eta bertso sortak, eta Igor Arruabarrenak sortu ditu melodiak. Iazko abenduan hasi ziren diskoa grabatzen, Mutrikuko (Gipuzkoa) AME estudioan. «Hilabete luzeetako lana» izan dela aitortu dute. Emaitza eskutan, Amundarainek laburtu du egindakoa: «Braillean, eskuz, zuri-beltzean idatzita eta sentituta sortu diren 11 kantuz osatuta dagoen diskoa da».

Zuzenekoak irudiekin
Marta Ortizenak dira diskoaren azalean eta barruan dauden argazkiak. Eta zuzenekoetan ere erabiliko dituzte, bideo eran. Azaroan aurkeztu zuten jendaurrean diskoa, eta «etxean» egin zuten estreinaldia, Oiartzunen (Gipuzkoa). Kantu berriak Euskal Herriko zazpi lurraldeetara eraman nahi dituztela aipatu dute, eta hasiak dira horretan. Oraingoz, hona aurreratu duten hurrengo data: urtarrilaren 27an, Mungiako (Bizkaia) bertso egunean.

(Berria egunkarian, 2017ko abenduaren 16an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AneguriaBeiraGarikoitz AmundarainIgor ArruabarrenaJon MartinLainUrtzi OlaziregiXendarineko Ahizpak