Musika

Nora Arbelbide

2015.09.25

Nora Arbelbide

Xutik-en hameka begirada

Hameka begirada izendatu du bere diskoa Xutik talde lapurtar-nafarrak, hameka begirada proposatzen baititu bertan, «lurraz, bizitokiaz», taldeko Patxi Bidartek zehazturik. Begirada, errefuxiatu modura, etorkin modura, ijito edo txori modura. Begirada, hizkuntza gisa, arbaso gisa, lurrak berak ere izan dezakeena, nazioarena edo beste. Hitzak, Xutik berak baditu bereak idatziak, baina kanpoko idazleen ekarpen ugari ere izan ditu diskorako. Dela Amets Arzallus, Jon Maia, Uxue Alberdi bertsolarienak edo Josu Martinez, Iñigo Aranbarri eta Joseba Sarrionandia idazleenak. Gaur, ostirala, Miarritzeko Atabal aretoan aurkeztuko du diskoa zuzenean, 21:00etatik aurrera.

xutik

Xutik taldea.

Musika aldetik, diskoko estiloak segitzen badu dantzatzeko gogoa pizten, orohar, aitzinekoak baino «lasaiagoa» dela deritzo Bidartek: «Badira kantuak aitzineko diskoetan aurkitu daitezkeen musika estilo horiekin, baina halere, diskoa bere osotasunean hartzen bada, ez da gelditzen bakarrik Betagarri taldearen estiloko musikan».

https://youtu.be/1nrx6cIq6h4

Taldeko kideek denek elkarrekin dituzte idatziak kantuen melodiak, aldi bakoitz, musikari bakoitzak bere ekarpena eginez. Hitzak ere, aitzinetik eskuratuak zituztela, «kantu bakoitzak ere deitzen zuen estilo batera, eta batzuetan lasaiagoa zena. Horrekin ere jostatu gara». Taldean berean, bat gutxiagorekin dira orain, Maitena Beheran kantariak utzia baitu. Beste proiektu bat daukalako abian.

“Diskoa bere osotasunean hartzen bada, ez da gelditzen bakarrik Betagarri taldearen estiloko musikan”

Hameka begirada horiez gain, hamahirugarren kantu bat ere gehitu dio taldeak diskoari, «gehigarri» modura ikus daitekeena. Hau da, “Harresiak eta zubiak”, 26/11 auzian epaitu berrogei gazte independentisten karietara grabatua iaz. Beste zenbait artistarekin zuten grabatu. Hitzak, Joseba Sarrionandiak idatzi zituen. Geroztik absolbitu dituzte gazteak: «Eta kantu hori pixka bat ahantzia bezala gelditua zenez, guk diskoan sartzeko gogoa izan dugu».

https://youtu.be/ISIxF4O-X_g

Bardozen grabatua dute diskoa, Paxkal Etxepareren estudioan, aitzineko diskoak bezala. Banaketa aldetik, kontzertuetatik landa saltzekoa dute diskoa. Elkar saltegien sarea ere baliatzen ari dira, baita beste zenbait salmenta puntu. Informazio guztia, baita, bide batez, ondoko kontzertuen datuak, Facebooken bidez ditu komunikatzen taldeak.

ETIKETAK:BetagarriPaxkal EtxepareXutik